GARA Euskal Herriko egunkaria
GATAZKA ARMATUA ETA BIKTIMAK

Egiaren batzorde bat, Estatuaren indarkeria kasu guztiak argitzeko

Foro Sozial Iraunkorrak Estatuaren indarkeriaren biktimen artean oraindik ere argitu gabe dauden kasuak agenda politikoan sartzea eskatu du. Horretarako, egiaren batzorde bat sortzea, argitu edo ikertu gabeko urraketak argitzea, espetxe zigorren ordezko alternatibak bilatzea eta erreparaziorako politika publikoak indartzea proposatu du.


Argitu gabeko Estatuaren indarkeria kasuetan jarri du ikusmira Foro Sozial Iraunkorrak eta, hala, horiek bideratu eta agenda politikoan sartzeko proposamen zehatz bat egin zuen atzo. “Bizikidetza demokratikoaren itun sozial eta instituzionalerako oinarriak” izeneko dokumentuan aurreratu moduan, «egiaren batzorde bat» sortzeko beharra azpimarratu du Foro Sozialak, «txosten ofizialak, sekretu ofizialen lege berria eta antzeko mekanismoetan sakontzea, biktima guztiek egia jakiteko eta beren mina sendatzeko bidean aurrera egiteko aukera izateko».

Era berean, «inoiz argitu gabeko, ikertu gabeko edo ondorio penalik gabeko urraketak» ere argitu behar direla azpimarratu du Foro Sozialak. «Horretarako, espetxeratzearen alternatibak bilatu beharko lirateke, ezarritako nazioarteko parametroen barruan».

Bestetik, «erreparaziorako politika publikoetan erakundeak eredugarriak izatea lortu» behar dela iritzi du Foro Sozialak, «oraindik existitzen diren diskriminazio sentimenduetan ez sakontzeko eta biktima guztiak berdintasunez tratatzeko».

Datu ofizialen arabera, hildakoei dagokienez, 364 dira Estatuaren indarkeriaren adierazpide desberdinek eragindako biktimak (GAL, BVE, Triple A eta Polizia desberdinak). Heriotza horietatik %38 argitu gabe daude. «Biktima guztiek dute egia, justizia eta erreparaziorako eskubidea. Ildo horretatik, helburua mota guztietako biktimekiko bereizkeria, hitzezkoa edo ekintzazkoa, gainditzea da, eskubideak urratzen dituzten eragileen arabera bereizkeriarik edo kategorizaziorik egin gabe», nabarmendu zuen Foro Sozialak. Hala ere, helburu hori «oraindik urrun» ikusten du. «Eredugarriak izan beharko liratekeen zenbait eragile, erakundeak eta alderdi politikoek batez ere, biktima guztiei berdintasunezko trataera erakustetik oso urrun daude oraindik», azaldu du Foro Sozialak.

EAEko 12/2016 Legeak sentimendu hori «indartu» eta Estatuaren biktimek politika instituzionaletan duten konfiantzan «haustura sakona» eragin duela ere nabarmendu du Foro Sozialak. Are, justiziarekiko «mesfidantza areagotu» egin duela azpimarratu du.

«Gizartean argi ikusten da, biktimez ari garenean, askok ETAren biktimengan pentsatzen dute, ez Estatuaren biktimengan», esan zuen atzo Agus Hernanek Hamaika Telebistan.