GARA Euskal Herriko egunkaria
PILOTA

Altunak ez zuen aspaldi hain babestua jokatu

Amezketarrak, oso fresko, eta Martijak, oso sendo, ez zieten aukerarik eman Jaka eta Rezustari Atanon.


ALTUNA-MARTIJA 22

JAKA-MARIEZKUR. 7


Binakako txapela lortzea da Jokin Altunari, bere gaztetasunean, geratzen zaion kirol erronkarik nagusienetako bat. Ia hasi zenetik enpresako aurrelari onena izanda, atzean abantaila handiak emandakoa da amezketarra eta momentuz finalera iristerik ez du izan. Aurtengoan ere urruti geratzen dira oraindik kontu horiek, are gehiago, sailkapenera begiratu eta lehen postuan beste hiru bikoterekin batera berdinduta daudela ikusita, baina atzo Donostian emandako erakustaldiaren ondoren, hautagaiak izateko argudioak bederen badituztela erakutsi zuten arazotan sartu diren Jaka-Mariezkurrena txikituta.

Azken bi postuetatik ihes egiteko lehia ere izugarri berotu da azken asteetan eta lizartzarrak eta Berriozarrekoak potentzial handiko bikotea direla erakutsi dute tarteka, play-offean inork areriotzat nahi ez lituzkeen horietakoak, baina jarraitutasunik lortu ezinda jarraitzen dute. Atzo atzelari nafarrak pilotakada onak jo zituen une batzuetan, Erik Jaka izan zen egun grisagoa izan zuena, batez ere sake batzuetan huts eginez, baina sendotasunik ez dute batere erakusten eta dagoen mailarekin horrela ez dago punturik.

Are gutxiago parean duten bikoteak atzoko Altuna-Martijak eskainitako bermeak erakusten baditu. Txapelketaren uneren batean zalantzaren bat azaldu badu ere, amezketarraren eskuin hori fresko dago, pilota bizi irteten zaio, 2-1ekoan errebotean jarri zuen pilota bat hirutik jota, eta egungo Buruz Buruko txapelduna, berez, oso arriskutsua bada, zer esan bera ere kolpez zuloak irekitzeko gai denean. Sena berezkoa duela argi dago, eta jokoan protagonismoa izan eta bere aukeraren zain egon behar ez duenetan ez du ia inoiz barkatzen.

Martijarik onena itzuli da

Eta zeresanik ez atzean gaur egungo Martijak ematen dituen bermeak emateko gai bada. Etxeberrikoa gora egiten ari da nabarmen txapelketak aurrera egin ahala; atzokoan pilota bakarra galdu zuen, lehen tantoan gora botatako pilota bat, baina batez ere, beste bi ordutan arituta ere askoz gehiago galduko ez zituen itxura eman zion bere bikoteari.

Baina jotzaile bati eustea, eta Mariezkurrena hala da, ez da beti nahikoa eta oso ondo mugitu zuen pilota aukera izan zuen bakoitzean, pilota urrutiratu eta batez ere ondo baztertuz. Baina egungo Martijak duen konfiantza mailaren ispilua sotamanoz jotako pilotakada bikainetan nabarmentzen da batez ere.

Partida amaieran Jokin Altunak nabarmendu zuenez, txapelketak aurrera egin ahala elkarren arteko ulermena ere gero eta sakonagoa da, lehen partidetan baina askoz juntuago ari dira, elkarren arteko distantziak asko murriztuz eta horretarako Martijaren sotamanoa funtsezkoa da. Atzo pilotakada ia guztiak gozatu zituzten batak eta besteak eta partidak kolore bakarra izan zuen hasi eta buka.

Azkar, oso azkar (9-2), hautsi zen markagailua eta Jaka-Mariezkurrenak ez zuten arerioak estutzeko ere gaitasunik batere erakutsi lehia osoan.