GARA Euskal Herriko egunkaria
NEGUKO OLINPIAR JOKOAK

Imanol Rojo, hirugarren Jokoak eta gazteen «inspirazio» iturri

Iraupen eskiatzaile tolosarra bere hirugarren Olinpiar Jokoetan arituko da. Iaz Oberstdorfeko Munduko Txapelketan lehen hogeien artean bukatu zuen lasterketa eta hori hobetzea izango du helburu gipuzkoarrak. Dena dela, «hankak lurrean» iristen da Pekinera.


«Bakardadea asko gustatzen zait, bestela ez nuke kirol hau egingo. Batzuetan gogorra egiten zaizu, baina nik kirol hau aukeratu egin dut: nire pasioa da eta ez dut arazo moduan ikusten». Imanol Rojo iraupen eskiatzailea Pekingo Olinpiar Jokoetara bidean da, hirugarren hitzordu olinpikoa du eta ukaezina da Sochin baino esperientzia gehiago duela pilatuta.

«Oso kirol gogorra da iraupen eskia», onartzen du Basque Team Fundazioko bekadunak erakundeak egindako dokumentalean. «Asko bidaiatzen dugu eta denboraldia nekatuta bukatzen dugu», dio. Hori bai, oso azkar ohitu zen bidaiatzera, gaztetan elur bila joaten baitzen Somport eta Candanchu aldera.

Duela bi urte entrenatzeko modua aldatu zuen. Andorrako Federazioarekin aritu da entrenatzen ordutik eta tolosarrak uste du hobekuntza «nabarmena» izan dela. «Oso pozik nago eta urtero hobeto sentitzen naiz. Gorputzaldi oso onean naiz uneotan eta ea mantentzen dudan», azaldu du.

Sochiko Olinpiar Jokoetarako ibilbidean goranzko bidean zela uste du, etengabe hobetzen ari zela, baina ondoren hobekuntza hori geratu egin zela. Goi mailako eskiatzailea izan zen bere anaia Joseba ere ados dago: «Jokoen ondorengo bi urteetan burbuila batean sartuta sentitzen zen eta aldaketa bat behar zuen. Munduko Txapelketa baino lehenago entrenatzailea aldatu zuen eta ondo etorri zaio».

Izan ere, Oberstdorfeko Munduko Txapelketan lehendabiziko hogeien artean bukatu zuen lasterketa, orain arteko bere lorpenik handiena. «Munduko Txapelketan eta Munduko Kopan lehiatzeko gutxieneko baliabide batzuk behar dira, eta gu oso txikiak gara. Hori bai, behar dugun guztia daukagu», hausnartu du Imanol Rojok. Hori horrela izanik, munduko lehen hogeien artean sailkatzea sekulako garaipena da.

Olinpiar Jokoetara begira, emaitza hori berdindu edo hobetzea da helburua. Anaiaren ustez, badauka oraindik ere «hobetzeko tartea». Imanolentzat «ametsa dena ematea da, lehendabiziko hamarrean artean bukatzea agian gehiegitxo da».

Gipuzkoarrak ez du aurreikuspen gehiegirik egin nahi, Pyeongchangeko «dezepzioa» ez errepikatzeko. «Hankak lurrean» –edo elurretan– iristen da Pekinera, eta bere ibilbidea «hasiera besterik ez» izatea nahiko luke, gazteenei iraupen eskiaren bidea ireki nahi baitie.

Juaristi eta Añarberen eredu

«Gurean erreferente bat edukitzea oso garrantzitsua da, gazteenek ikusten baitute saiatuz gero posible dela», dio bere anaia Josebak. Duela hiru urte Rojo Team izeneko teknifikazio taldea sortu zuen Josebak, «gazte askok eskiatzen jarraitzeko baliabiderik ez zutela ikusita».

Bertan hazten jarraitu dute Alaia Juaristi eta Peio Añarbe eskiatzaileek, biak Basque Teameko bikaintasun programaren barneko kirolariak. Juaristik duela hiru urte egin zuten bat Rojok sortutako taldearekin eta ez du zalantza egin Joseba berarentzat «anaia» baten parekoa dela esaterakoan. «Izugarria» iruditzen zaio «Euskal Herriko eskiatzaile bat Munduko Txapelketan lehen hogeien artean egotea». «Meritu handia dauka», dio Imanol Rojori buruz.

«Iruditzen zait Imanolek sakrifizio asko egin dituela, orain iritsi dira lanaren emaitzak eta ikusten dut pena merezi duela», onartu du azpeitiarrak. Zortzi urterekin izan zuen lehen kontaktua eskiarekin Juaristik eta, ordutik, «harrapatu» egin du. Podiumera igotzearekin egiten du amets baina ez zaio gustatzen aurreikuspen gehiegi egiterik, pausoz pauso joan nahi du: «Denboraldi izugarria egitea gustatuko litzaidake».

Podiumarekin egiten du amets Peio Añarbek ere, baita Espainiako Kopan emaitza onak bildu eta Europako Kopara sailkatzearekin ere. Gasteiztarra Jakara lekualdatu zen «elurretik gertuago egon eta kasik egunero entrenatu ahal izateko»; iraupen eskiaren aldeko apustua egin zuen, alegia. «Inspirazio» gisa ikusten du Añarbek Imanol Rojo, tolosarraren mailara iristea gustatuko litzaiokeelako. Gipuzkoarraren «mugimendu eta eskiatzeko moduan» arreta jartzen duela ere onartu du.