GARA Euskal Herriko egunkaria
ESKUBALOIA

Bera Bera, talde lanean oinarrituta, sendo lidergoan

Zuazok berdinketa baliotsua eskuratu du Aula Valladoliden aurka (24-24) eta, lortutako puntuari esker, jaitsiera postuak apur bat gehiago aldendu ditu.


Bera Bera, hasi eta buka, Rocasa baino askoz gehiago izan zen atzo eta apenas eman zion aukerarik markagailua parekatzeko. Donostiarrek hutsegiteak minimizatu zituzten, ate aurrean fin aritu ziren –soilik Ugartemendia geratu zen golik egin gabe–, kanariarrek lehendabiziko zatian hamarnaka baloi galdu zituzten bitartean eta beste bospasei partidako azken hamabost minutuetan. Gainera, Maddi Aalla atezainaren figura azaleratu zen, lehen zatiko jaurtiketen ia erdiak geldituta (%44). Osagai horiek guztiak kontuan izanik, ez zen harritzekoa izan hamar goleko aldearekin iristea partida atsedenaldira, harrigarriena atzo arte bigarren sailkatuta zegoen Rocasaren joko maila eskasa izan baitzen; erasoan, esaterako, oso motel ibili ziren eta kanpoko jaurtiketekin ere ez zuten asmatu.

Bigarren zati hasieran, Spugnini eta Pavlovic apur bat gehiago azaldu ziren erasoan eta horri eta 5-1eko defentsari esker, 1-4 partziala lortu zuten. Imanol Alvarezek berehala erreakzionatu eta bere taldea bideratu zuen berriro, 33-20 emaitzarekin garaipen borobila erdiesteko.

Ohorezko Mailan bertan, Zuazok puntu baliotsua lortu zuen Aula Valladoliden aurka (24-24). Neurketa zinez parekatua eskaini zuten bi taldeek hasi eta buka. Sarrionandia-Ibarra hegaleko gazteak egin zuen talde bizkaitarraren 24. gola eta, ondoren, sendo aritu ziren defentsan berdinketa babesteko.

Derbia, Bidasoarentzat

Asobal Ligan, bestalde, derbi oso parekatua jokatu zuten Anaitasunak eta Bidasoa Irunek (32-35). Etxekoak hobeto aritu ziren lehendabiziko zatian eta, horren erakusle, atsedenaldira bi goleko aldearekin heldu ziren (17-15).

Bigarren zatiaren hasieran ere iruindarrak bide beretik jarraitu zuten eta gipuzkoarrei partida berdintzea kostatu zitzaien. Behin lortuta baina (20-20), markagailuan aurrea hartu eta garaipena eskuratu zuten.