GARA Euskal Herriko egunkaria
ALAVES

Bolada eskasenean

Joseluk denboraldiko 11. gola egin ostean Elxek markagailua iraultzea lortu du.


ELX 3

ALAVES 1


Alavesen bolada eskasak mugarik ez duela dirudi eta txarrena dagoeneko bere historiako bolada eskasenean murgilduta dagoela da. Orain arte Lehen Mailan 11 jardunaldiz irabazi gabe egon gabea zen talde arabarra. Elxek atzo markagailua irauli ostean, egoera latzean geratu da talde babazorroa. Francisco Rodriguezek zuzendutako taldeak, berriz, 1977tik bere bolada onena sinatu zuen Alaves garaituta, jada bost jardunaldi daramatzalako galdu gabe (hiru garaipen eta bi berdinketa, horietariko bat Real Madril liderraren aurka). Eta futbola, nola ez, bolada kontua da.

Sasoi betean jarraitzen duena Joselu da. Aurrelari babazorroak markagailua estreinatu zuen 18. minutuan, denboraldiko bere hamaikagarren gola eginez. Taldeak egin dituen golen %64,7 aurrelari galiziarrak sinatu ditu eta orotara, golen %74ean parte hartu du, beste bi gol pase ere eman baititu. Horregatik, hain zuzen ere, ulergaitza izan zen Mendilibarrek Joselu zelaitik ateratzea Pere Millak 47. minutuan banakoa egin zuenean. Manu Vallejo iritsi berria zelairatu zuen bere ordez eta sare sozialetan ez zen ondo hartu aldaketa, are gutxiago hortik lau minutura Pere Millak bigarren gola egin eta markagailua irauli zuenean.

Zaldibarkoa –harmailetan egon zen, zigortuta baitago– saiatu zen aulkiko jokalari erasokorrenak zelairatzen –Edgar eta Pons lehendabizi, eta azken minutuetan Guidetti– baina ez zen erreakziorik sumatu. Zenbait momentutan Rioja bera ere, taldeko bigarren jokalaririk garrantzitsuena, desesperatuta agertu zen.

Berdinketaren golak urrun zirudien eta halabeharrez, Elxeren hirugarrena iritsi zen, Fidelen bitartez. 86. minutuko gol horrekin bukatu zen partida bera ere. Alavesek hirugarren porrota jarraian jaso zuen eta Mendilibarrek, bost partidatan, ez du oraindik ere garaipenik ospatu.