GARA Euskal Herriko egunkaria
TORTURAREN AUZIA

Garaiezina dirudien tortura behingoz menderatzeko «itoginak»

Urratzea posible izan ez den iluntasunak estali du tortura azken hamarkadotan. Epai batzuek zulatu izan dute batzuetan, zenbait ekimen politikok azken boladan... baina zer da urratu beharrekoa eta nola egin aurrera tortura argitara emateko ahalegin honetan? Abokatu bat, legebiltzarkide bat, forentse bat eta psikologo bat mintzo dira gaiaz.


Torturaren Egunaren bezperetan, praktika horren gaineko albisteak bata bestearen atzean kateatu dira Euskal Herrian, iraganekoa baino orainaldi bete-beteko auzia dela frogatuz: Xabier Atristainen aldeko erabakia Estrasburgon, Iratxe Sorzabalen lekukotasuna Madrilen, torturatuak biktima gisa onartzeko EAEko Legearen harira guardia zibilek eginiko iruzur saiakera, Nafarroako torturatuen elkartearen sorrera larunbatean Berriozarren... Gertatutakoa oso agerikoa da eta, aldi berean, ia beti bezain ezkuturik eta ukaturik jarraitzen du. Horregatik, torturaz asko dakiten lau lagun bildu zituen atzo EH Bilduk saio berezi batean, «iluntasuna argitzea» helburu, torturaren aurkako borroka eraginkorragoa bilakatzeko beharretik abiatuta.

Albisteotako gehienak auzitegietan kokatzen dira eta etorkizunean ere horrela izango dela suma daiteke. Amaia Izko abokatuak egin zuen ibilbide horren azterketa, jada erabaki «askotxo» dago-eta. Esaterako, dozena bat aldiz zigortu du Estrasburgoko Auzitegiak Estatu espainola torturagatik; horietako hamar kasu inkomunikazioarekin lotuta daude, eta bi kasutan gertatutakoa ikertu ez izanetik harago joan dira epaiak (Portu-Sarasolarena, Europak tratu txarrak onartu zituelako, eta Atristainena, Estrasburgok inkomunikazio egoera bete-betean seinalatu duelako).

Harrigarria badirudi ere, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak ere onartua du ikerketa eza zenbait erabakitan, Izkok aipatu zuenez. Horrek, baina, ez du egiazki ezer aldatu, «egoera benetan latza da», nabarmendu zuen, Auzitegi Nazionalak agindutako kondenak, askotan torturak ahalbidetutakoak, ia beti berretsiak izan direlako, «tortura lekukotasunak mespretxatuz». Egoeraren larritasuna salatu zuen abokatuak, egun preso direnen «erdiak baino gehiago» soilik torturari esker daudelako zigortuta, autoinkulpatuta edota beste norbaiten inkulpazioaren bitartez.

Auzibideak aurrera ateratzeko, norabide batean edo bestean, funtsezkoa da auzitegi-medikuaren lana. Benito Morentin forentseak aztertu zuen azken hamarkadetako egoera. Nola jokatu beharko luke auzitegi-medikuak? «Atxilotuak kontatutakoa dituen aztarna fisiko eta psikologikoekin bateragarria den ala ez neurtuz», laburbildu zuen. Errealitatea oso bestelakoa da: euskal atxilotuekin sarri txosten ofizialak pare bat esalditan eta azterketarik gabe amaitzen zirela oroitarazi zuen.

Horrela egiaztatu zuen Euskal Herriko eta Danimarkako sendagileek eginiko ikerketak; sistema forentsearen «porrota» ondorioztatu zuten, ez bakarrik ondorio ezagatik, baizik eta lan horretarako protokolorik ez zutelako, odol analisirik edo antzeko frogarik ez zutelako agintzen, azterketak pribatutasuna gorde gabe egiten zituztelako...

Europako Torturaren Prebentziorako Batzordearen (CPT) lanak ekarri zituen saiora Morentinek, kalitate handikoak direlako. Batzuetan Auzitegi Nazionaleko forentseekin desadostasuna adierazten dute, esaterako buruan deskarga elektrikoak jaso izana salatu zuen atxilotu batean kasuan. Torturarik ez zuten ikusi Auzitegi Nazionalekoek; Europakoek, gerora, bai.

Istanbulgo Protokoloa

Istanbulgo Protokoloa hizpide izan zuen Morentinek eta hortik abiatu zen Olatz Barrenetxea psikologoa ere. Izan ere, 2014an protokoloan oinarritutako ikerketa sakon batean parte hartu zuen, emaitza adierazgarriak utzi zituena. Mekanismoak aztertu zituen batez ere. «Torturatuari nekea eragitea, defentsak jaitsaraztea eta nahasmena sortzea da lehena», esan zuen. Hor hasten da torturaren prozesua.

«Umiliazioa» da beste oinarri bat, senideen kontrako «mehatxuak», eta guztiaren bitartez «hasieratik bukaera arte doan sentimendu bat eragitea: beldurra. Batzuetan emozio jasanezina izan da, hala esan digute atxilotuek. Beldurra, nahi duten hori lortu arte, pertsonak kontrola galdu arte, irtenbiderik ez dela sentitu arte». «Inkomunikaziopean erantzun normalek ez dute lekurik», laburbildu zuen Barrenetxeak. Izua gailentzen delarik, «menpekotasuna», «kontrol eza», bai eta «hiltzeko gogoa» ere (Iratxe Sorzabalek astelehenean esandakoa ekarri zuen gogora) sortzen dira.

Kalabozoetatik atera eta arlo politikora pasata, erakundeek «torturaren benetako errelatoa» egin gabe dutela nabarmendu zuen Julen Arzuaga legebiltzarkideak, Joxe Arregik ahoskatutako «oso latza izan da» hura ez dutelako oraindik ere beren egin nahi izan, ez dute gertatutakoaren dimentsio ikaragarria onartu nahi izan. Horrekin lotu zuen Lakuak sinatu berri duen Estatuko Segurtasun Indarrek jasandako indarkeriari buruzko txostena, non torturatzaileak izan direla ez den aipatu ere egiten.

Tortura Euskal Herriaren aurka betidanik erabili dela ekarri zuen gogora, akreditatutako lehenengo kasua 1379. urtekoa baita eta geroztik hona ez baitu etenik izan. 1960ko hamarkadan kalean libre eta «harro» zebiltzan Muñecas, Hidalgo, Billy el Niño, Manzanas eta abar luzea gogoratu zituen. Eta gero praktika horiek ikusezin egin badituzte ere, torturatzaileak zigorrik gabe eta askotan sarituta izan direla nabarmendu zuen.

«Tortura zientifikotzat» jo zuen azken aro historiko honetakoa. «Itoginak izan ditu, hala ere, torturak; torturatuen testigantzak, nazioarteko zenbait erabaki, eta azkenik Paco Etxeberriaren txostena», erantsi zuen Arzuagak. Azken horrekin bide bat abiatu dela uste du, «ez justizia egiteko, baina bai egia ezagutzeko».