GARA Euskal Herriko egunkaria
Elkarrizketa
JORGE TXOKARRO
NAFARROAKO TORTURATUEN SAREKO KIDEA

«Torturaren aitortza, erreparazioa eta ez errepikatzea dira elkartearen helburuak»

EAEn tortura sistematikoaren berri ematen duen txosten ofiziala 2016an aurkeztu zen, baina lan hori egiteko dago Nafarroan. Aitortza helburu nagusitzat hartuta, aurrerapausoa eman dute bertako torturatuek, lehenik sare bat osatuz eta orain, larunbatean Berriozarren, elkarte bat aurkeztuz.


EAEn Paco Etxeberriaren taldeak osatu zuen txostenaren lehenengo bertsioak 4.113 tortura kasuren berri eman zuen duela bost urte pasatxo, ia 4.000 biktima identifikatuz. Nafarroan milatik gora izan litezke azken sei hamarkada hauetan hori bera pairatu dutenak, eta ez daude aitortzarik eza jasaten jarraitzeko prest. Biltzen dituen sareak elkarte izaera hartuko du orain, larunbatean Berriozarren deituriko bilkura garrantzitsuan.

Mila horietako bat Jorge Txokarro da, bi aldiz torturatua. Atzo NAIZ Irratian eman zituen ekimenaren nondik norakoak.

Elkartea «torturatuen bozgorailua izateko bokazioarekin jaio da. Ez da izango tresna bakarra, baina oinarrizkoa izango da. Hiru helburu ditugu: aitortza, erreparazioa eta ez errepikatzea», laburbildu zuen.

Helburuei buruz, hau argitu zuen: «Justizia izatea ere ez dugu eskatzen, ezta barkamena eskatzea ere. Zergatik? Etorkizunari begira elkarbizitza beste balio batzuetan oinarritu nahi badugu, zertarako balio du justizia bidezko mendekuak? Ikusteko torturatzaileak Auzitegi Nazionaleko eskailerak igotzen espetxeratu ahal izateko? Nafarroan ere tortura sistematikoki ezarri dela onartzea da gure erronka».

Egiteko zehatzak larunbatean kontrastatu eta erabakiko dira, baina ildo batzuk aurreratu zituen Txokarrok: «Batez ere, oso garrantzitsutzat jotzen dugu egiten ari garen formulario bidezko errolda, lan zehatza eta zabala baita. Kontuan hartu behar dugu sei hamarkadaz ari garela hizketan».

Horretaz gain, elkarren zaintza ongi antolatzea ezinbestekotzat dute. «Izan ere, tortura ez da ponentzia politiko bat, pertsonen artean sufrimendu izugarria eragin duen gauza bat baizik».

Hirugarrenik, «elkartean harremanak izateko ardura hartzen dugu, alderdi politikoekin, Nafarroako Gobernuarekin, sindikatuekin… Hau dena kaleratzea ere bada gure helburua, mozioen bidez udaletara eramatea… Lan handia dugu egiteko», ohartarazi zuen.

Adinekoen egoitzetan ere bila

«Oraindik kristoren lana egiten ari gara Nafarroa osoan zehar –aipatu zuen Txokarrok–. 700 formulario banatu dira jada. Errolda bat genuen, baina 114 kasu gehiago atera zaizkigu orain. Estimazio bat eginda, mila kasu ingurutan gaude».

«Adineko jendearekin lan handia egiten ari gara; besteak beste, erresidentzietan dagoen jendearekin, erretiratutakoekin… –zehaztu zuen–. Haiengana iristea zaila da. Auzi asko izan dira eta askotan pertsona hauek inoiz ez dute honen inguruan hitz egin. Bazkide izan nahi ez badute ere, kasu horiek kontabilizatzen ditugu, etorkizunari begira datuak ahalik eta zehatzenak izateko».

Zergatik ez dagoen aitortza ofizialik galdetuta, erakundeek erantzun beharko luketela aipatu zuen Jorge Txokarrok. «Nire erantzuna erraza da: sei hamarkadatan gauzatu da tortura, inpunitate osoz. Arduradunek hori asumitzeko pedagogia handia egin beharko dute». Hausnarketa prozesu hori egiten ari direla uste du eta ez du baztertzen etorkizunean lan honi Nafarroako Gobernuak ofizialtasun zigilua jartzea.