GARA Euskal Herriko egunkaria
ESKUBALOIA

Garaipena Bera Berak eta berdinketa Bidasoak


Ohorezko Mailako lidergoa sendotzeko garaipen bikaina lortu zuen, atzo gauean, Super Amara Bera Berak Sant Quirzeren aurka (27-16). Eguerdian, aldiz, Bidasoa-Irunek Asobaleko bigarren postua galtzeko berdinketa lortu zuen Cangasekin (25-25).

Zumaian jokatutako bigarren itzuliko lehen neurketan, markagailuak engaina lezake. Egia da Super Amara Bera Bera aurretik joan zela markagailuan momentu oro, baina lehenengo zatian donostiarrei kostatu egin zitzaien ihes egitea. Azkenean lau goleko errentarekin joan ziren aldageletara (11-7).

Bigarren ordu erdian, berriz, Imanol Alvarezen jokalariek beste martxa bat ipini zioten partidari eta, poliki-poliki gero eta errenta handiagoa lortzen joan ziren. Azken minutuetan kanpoko jokalari baten kanporatzea aprobetxatu zuen Bera Berak bi gol gehiago sartzeko eta 27-16 amaitzeko.

Bidasoak 2. postua galdu du

Asobal Ligako 17. jardunaldiko partidarik interesgarrienetako bat bizi izan zuten Bidasoa-Irunek eta Cangasek Artalekun. Bigarren postua zegoen lehian –irundarren esku partida hasi aurretik–, baina ‘saria’ Logroñorentzat izan zen, Bidasoa eta Cangasen berdinketa eta errioxarren garaipenari esker.

Zazpi goleko aldea izan zuten Jacobo Cuetararen jokalariek bigarren zatian, 38. minutuan galiziarrak esnatu ziren arte. Ligako laugarren postuan zergatik dauden erakutsi zuten –hirugarren, atzoko partida hasi arte– eta, lehen itzuliko neurketan Bidasoa-Irunek izan zuen erreakzioaren antzera, azken minutuetan egindako partzialak 25-25 berdinketa utzi zuen markagailuan.