GARA Euskal Herriko egunkaria
ALPINISMOA

Maisutasunez sinatu dute Alpeetako trilogia handi bat

Benjamin Vedrines, Leo Billon eta Sebastien Ratel osatutako sokadak Eiger, Grandes Jorasses eta Matterhornekohiru bide oso zuzen eta zail igo ditu hilabetean: «Harlin», «Directe de l’Amitie» eta «Gogna-Cerrutti».


«Kanpotik ikusita, badirudi amaitu berri dugu trilogia erraza dela. Baina irakurleak ez dezala irudipen hori jaso; ziurtatzen dizuet ez dela batere xumea». Adierazpen horiek Benjamin Vedrinesek egin ditu Leo Billon eta Sebastien Ratelekin batera Alpeetan negu honetan biribildu berri duen trilogiaren inguruan.

Jakina, inor ez da gai Vedrinesen hitz horiek zalantzan jartzeko. Izan ere, hiru alpinistok maisutasunez eta oso estilo onean eskalatu dituzte Eiger, Grandes Jorasses eta Matterhorneko iparraldeko hormetan dauden hiru bide. Guztiak ala guztiak oso zuzenak eta gogorrak: “Harlin”, “Directe de l’Amitie” eta “Gogna-Cerrutti”. Eta harrigarriena da soilik hilabete bat behar izan dutela trilogia handi hori itxi ahal izateko.

Izaera horretako egitasmo bat egiten lehenak ez dira izan, 2011. urtean antzeko xede bat egin baitzuten Patrice Glairon-Rappaz eta Cedric Perillat alpinistek. Baina lerrootako protagonistek plus bat gehitu diote egitasmoari; hain zuzen ere, hormotako hiru bide zuzenenak igotzea.

Proiektuaren bultzatzaile nagusia Vedrines izan da. Asko aztertu ondoren, gogo handia zuen trilogia hori aurrera eramateko. Baina, Ratelek aurreratu digunez, ez zekien norekin joan: «Eguraldiaren arabera, Leo eta biok bizpahiru helburu genituen. Horietako bat zen ‘Directe de l’Amitie’. Baina Benjaminen asmoa ezagutu eta biok bat etorri ginen helburu hori egiteko ekinaldi bat egingo genuela. Aurreratu behar dut ere hirurok behin eskalatu dugula soka gerrira lotuta. Grandes Jorasseseko ‘Walker’ bidean izan zen; hain zuzen ere, neguan. Eta jarduera hori primeran atera zen».

Igo zuten Alpeetako hiru horma laiotz horietatik lehena Eiger izan zen. Antizikloi sendo bat lagun izan zuten urtarrilaren 12tik 16ra “Harlin” marra igo ahal izateko. “Direttissima” hori neguan eta estilo alpinoan eskalatzen den lehen aldia da. Trilogiako eta oro har Alpeetako iparraldeko murru luzeena da (1.800 m), eta horregatik alpinista frantziarrok lehen “geltokia” izatea erabaki zuten: «Luzeena denez, hirurok argi genuen leiho luze on baten zain egon behar genuela. Joan den hilabetea oso egonkorra izan zen. Apenas egin zuen prezipitaziorik, eta hormaren baldintzak, lehorrak izateaz gain, nahiko onak ziren. Laburbilduta, klima izan zen giltzarria. Eigerreko bide horretan hastea erabaki egokiena izan zen; bagenekien beste bi bideek askoz ere denbora gutxiago eskatuko zigutela. Eta horrela izan zen. Nire kasuan oso pozik nago marra zuzen eta gogor hori eskalatu dudalako. Nire bigarren ekinaldia zen. Lehenbizikoan, beste alpinista batzuei gertatu zaien bezala, ezin izan nuen irteera aurkitu, eta irtenbide egokiena ‘Heckmair’-etik ateratzea izan zen. Orain, berriz, arantza hori kentzeko aukera izan dut. Bigarren saio honetan Eigerren historia bikain ezagutzen duen idazle alemaniar baten krokisa eraman genuen. Hala eta guztiz ere, zalantzak alde batetik eta bestetik iritsi zitzaizkigun. Izan ere, krokis horren azalpen guztiak ondo baino hobeto aztertu genituen, eta, une jakin batzuetan, azalpenek ez zuten kointziditzen! Gai izango ote ginen benetako irteera bilatzeko? Galdera horri erantzun egokia eman behar genion ezinbestean. Irteera bilatzen jo eta su saiatu ginen, eta horrek amaiera arte alerta betean egotera behartu gintuen».

«Estres handia»

Nortasun handia duen neguko trilogia zaila aurrera eramateko, zortea ere lagun izan behar da. Eta zorte horrek eguraldian isla izan du oraingoan. Antizikloiak ez zuen Alpeetatik joateko, asmorik eta, ia atsedenik hartu gabe, hiru alpinistak bigarren etapara ekin zioten. Soilik astebete bat behar izan zuten Eigerrekoa saiakera atzean utzi eta Grandes Jorasseseko “Directe de l’Amitie” marran sartzeko.

Grandes Jorasseseko murru hotz eta gogorra ezagutzen dutenek eta bide hori eskalatu dutenek baieztatzen dutenez, guztien artean zailena da. Horrez gain, protagonistetako batek, Billonek, dio baduela azpimarratzekoa den beste eite bat: «Alpeetako bide ederrena da! Itxura liluragarria du, ibilbide guztiz agerikoa, zailtasun tekniko handiak... Zer gehiago eska daiteke? Izugarri gozatu dugu!».

“Directe de l’Amitie” igotzeko hiru egun behar izan zituzten. Eigerreko bidea bezain luzea ez da, baina, 1.100 metro eta A2 eta M6 zailtasun teknikoak gainditu behar dira. Hori gutxi ez, eta, estilo alpinoan jarduteaz gain, Grandes Jorasseseko marra era askean igotzen saiatu dira: «Beste alpinismo estilo bat da, hirurok atsegin duguna. Geure konfort eremutik atera gaitu, eta horrek ere asko bete gaitu».

Harrigarria da hirukoteak erakutsi duen sasoia eta eraginkortasuna. Eigerren “Harlin” bezalako bide bat bost egunean igo, astebeteko atsedena hartu eta “Directe de l’Amitie” hiru egunean eta estilo alpinoan igotzea, bada uste dugu txapela kentzekoa dela: «Galdetu digute trilogiaren bigarren etapari ekiteko ez ote geunden nekatuta. Erantzun argirik ez dugu, baina Grandes Jorassesera joatea erabaki genuen. Gainera, gure asmo nagusia zen ahal genuen gehiena era askean igotzea. Hiru egun baino gutxiagoan igotzea posible zen, baina aipatu dudan apustu hori erdiesteko lasaiago egin behar dira gauzak. Besteak beste, luze batzuetan ekinaldi bat baino gehiago egin behar delako. Eta hori bizpahiru luzetan gertatu zitzaigun. Baina bada probatu ez dugu artifizialeko luze bat. Oso gogorra zen, eta, gainera, murruaren goialdean dago. Hura probatzeko beste egun bat behar genuen eta haize handia egiten zuen. Lortutako arrakastarekin pozarren gaude; leher eginda uzten zaituzten 25 luze gainditzea handia da oso».

Hirugarren eta azken etapa heldu zitzaien: Matterhorneko “Gogna-Cerrutti” bidea (A2, 6b, M7, 1.000 m). Egunean eskalatzeko asmoa zuten. Otsailaren 9an, oso goiz, marraren oinarrian jarri eta arratsaldeko sei eta erdietarako Matterhorneko gailurrean ziren: «Aurrekoetan ez bezala, eguraldia ez zen batere ona. Bezperan elurra egin zuen eta haizeteak ere bazeuden. Baina eguraldi leiho txiki bat aprobetxatu genuen. Apustu handia zen; bai ala bai, marra hori egunean eskalatu behar genuelako. Izan ere, eguraldiak okertzeko joera zuen. Hori guztia ikusita, oso arin irten ginen: bizkar-zorroak, denera, lau kilo pisatzen zituen. Beste aukerarik ez genuen. Egoera estresagarria izan zen, baina, zorionez, arrokazko lehen sekzioak erritmo bizian gainditu genituen. Arin joateaz gain, geure buruei jartzen dizkiegun mugak gainditzen saiatu beharra genuen. Eta uste dugu lortu dugula».

Era horretan, mugarri berri bat ezarri dute. Alde guztietatik begiratuta, inolako akatsik ez duena. Trilogiaren balorazioa egitean, protagonistok bat etorri dira “Directe de l’Amitie” dela gehien bete dituen bidea: «Ederra, agerikoa eta zailtasunean oso agerikoa da. Jakina, Matterhornen egoera oso berezia bizi izan genuen: estres guztia gainetik kendu genuen».