GARA Euskal Herriko egunkaria
ALPEAK

Non-stop alpinismoan oinarrituta, «No siesta» bidea eskalatu dute

Urtarrilaren 25ean eta 26an, Bru Busom, Ruben Sanmartin eta Alberto Fernandezek Grandes Jorasses-eko iparraldeko horman dagoenmarra gogor hori (ED, M7/90º, 1.200 m) igo zuten. Baldintza oso onak aurkitu zituzten, eta ia bide osoa era askean egin zuten.


Joan den urtarrilean, Alpeek “opari” bitxia jaso zuten. Antizikloi sendo bat mendilerro horretan hainbat astez kokatu zen, eta, oro har, alpinismoa praktikatzeko baldintza bikainak eskaini zituen. Jakina, ingurumari hartan bizi diren alpinista batzuek “oparia” ondo gorde, ahal zuten bezain ondo kudeatu eta sona handiko bideak eskalatzen jardun dute. Horietako batzuk orriotan jorratu ditugu, baina bada bat aipatu gabe ezin duguna utzi. Eta hori diogu, besteak beste, euskal protagonista bat tartean izan dugulako: Alberto Fernandez.

Bada, alpinista elgoibartarrak Bru Busom eta Ruben Sanmartinekin soka gerrira lotu eta Grandes Jorasses-eko iparraldeko horman dagoen “No siesta” bidea eskalatu du. Hain zuzen ere, bi egunean: urtarrilaren 25ean eta 26an. Murru handi eta estetiko horretan makina bat zirrikitu zabaldu dira, eta horien artean “No siesta”-k betidanik aura berezia izan du. Besteak beste, oso erakargarria eta zaila delako. Jan Porvaznik eta Stan Glejdura izan ziren sortzaileak; hots, marra horren benetako artistak. Baina izan dira bide horri beste ukitu bat eman diotenak ere. Adibidez, Robert Jasper eta Markus Stofer. Sokada horrek, 2003. urtean, “No siesta”-ri puntu gorria jarri zion. Bai, luze guztiak era askean igotzeko aukera izan zuten. 1.200 metro luze den marra horrentzat honako proposamena egin zuten: M7/90°.

2011. urtean, berriz, lehen euskal sokaden bisita jaso zuen. Udazkena zen. Mikel Zabalzak Manu Cordovarekin eta Kepa Escribano eta Mikel Saez de Urabainek “No siesta” igotzea erdietsi zuten. Lehen sokada horrek, gainera, era librean gainditu zuen.

Bide hori neguan eskalatu duen lehen euskal alpinista, berriz, Fernandez dugu. Gipuzkoarrak aurreratu digu Grandes Jorasseseko bide hori igo ahal izateko, irteera espresa egin zutela; hau da, non-stop eran oinarritu zirela: «Badakizu sare sozialek egun informazio asko eta oso azkar ematen dutela. Ikusi genuen sokada batek ‘No siesta’ igo zuela, eta, antizikloiak Alpeetatik alde egiteko asmorik ez zuenez, otu zitzaigun une egokia zela jarduera hori egiteko. Aitzitik, onartu behar dut eginiko irteera nahiko estresantea izan zela. Urtarrilaren 23an lana bukatu nuen, biharamunean bidaia egin, azken teleferikoa hartu eta eskiekin bidearen oinarrira abiatu ginen. Han bibaka egin genuen, bidean beste bat egokitu zitzaigun eta gailurrean azken bat. Ondoren, Italia aldera jaitsi eta berriro Grandes Jorasseseko bide horren sarrerara joan ginen eskiak berreskuratzeko. Azkenean, bost eguneko zorabioa izan zen!».

Aldez aurretik jasotako informazioak asko animatu zuen hiruko sokada hori, baina bazekiten ere izen handia duen bide bat eskalatu behar zutela. Halere, aura hori gutxietsi gabe lehen urratsak egin zituzten: «Badakigu ‘No siesta’-k ospe handia duela. Guk nahiko lasai hartu genuen; gogoa genuen eta kito. Egin zidaten proposamenari hasieran ezezkoa eman nion, baina azken unean apuntatu nintzen. Horrela suertatu zen. Hiru lagunez osatutako sokada batek zalantzak eta ardurak hobeto banatzen ditu. Lasai gindoazen; izan ere, beste alpinista batzuen erreferentziak genituen. Zabalzak eta enparauek esan ziguten gogorra zela, baina ez zuela arrisku berezirik. Eta, gainera, babesteko egokia zela. Horrez gain, bagenekien beste pare bat sokada aurretik ibili zirela. Beraz, era naturalean hartu genuen jarduera hau. Beste batzuk hortik igaro badira, gu zergatik ez?».

Baldintza onak

Informazio guztia esku artean zuten, baina ezagutzen ez zuten bide bat zenez, zalantzak alde batetik eta bestetik azaldu ziren: «Ez genekien zer topatuko genuen: luze errazak, zailak, baldintzak... Nire sokakideek lana zutenez, argi eta garbi genuena zen astebururako etxean egon behar ginela. Hori zen helburuetariko bat: ahal zen azkarren marra horretatik irten. Erritmo onean igo ginen, eta soilik bustita zegoen luze erraz bat era askean igo gabe utzi genuen».

Estrategiari dagokionez, sokada horrek argi zuen hurbilketa bidea eskiekin egin beharko zuela. Ez zuten batere gogorik elurrean gerriraino sartzeko, eta, horregatik, bidearen sarreraraino eskiatu zuten: «Hor bertan, denda batean, eskiak utzi genituen. Bestalde, paretan bibaka egiteko telazko hamaka bat eraman genuen. Zoritxarrez, nirea puskatu egin zen. Bederen, eguraldiarekin zortea izan genuen. Antizikloiak bere horretan jarraitzen zuen. Sare sozialetatik jasotako informazioaren arabera, bazirudien ‘No siesta’-k baldintza lehorrak zituela. Gure ustetan, bederen, bikainak zituen. Agian, gu gai horretan ez gara oso zorrotzak. Izotza, adibidez bere lekuan zegoen; espero genuen tokian, alegia. Goulotte oso ederrak eskalatu ditugu, eta hauek ondo osatuta zeuden».

Irteera “estresante” horren ostean, xedeari ekiteko pronto zeuden. Urtarrilaren 25ean lehen urratsak egin zituzten, baina oraindik azken bi egunetako “korrikaldiaren” ondorioak gainetik kendu ezinik zeuden: «Lasai esnatu eta bidean sartu ginen. Erritmo oso egokian joan ginen. Gainera, luze teknikoekin ez genuen buruhauste berezirik izan. Buruhauste handiena, aldiz, bibakera iristeko aurreko luzea izan zen. Ez genuen topatu, eta gora eta behera ibili ginen. Azkenean, bibaka antolatu eta paretan eginiko gau bakarra igaro genuen. Biharamunean, galdera ikur batzuk argitzen jardun genuen; izan ere, aurrera egiteko aukera ezberdinak zeuden. Berriro ere nahastu egin ginen. Ibilbide egokia berreskuratu eta, orduan bai, erritmo onarekin jarraitu genuen. Tontorrera, berriz, gauean heldu ginen. Eta bigarren bibaka han bertan atontzeko ordua iritsi zitzaigun. Ruben parapentearekin jaitsi zen bitartean, Bru eta biok oinez Italiako isuritik egin genuen eta berriro eskien bila joan ginen».

Arestian aipatu dugu “No siesta” bideak betidanik aura berezia izan duela, besteak beste, gogorra delako. Baina Fernandezek aitortu digu espero baino “samurragoa” iruditu zaiela: «Jakina, ondo eskalatu behar da, baina M5 eta M6 mailako luzeek ez ziguten buruhauste handirik eragin. Izotza zuten luzeak ondo zeuden, arroka ere oro har ona, ondo babesten da... Hori bai, iparraldeko murru batean eskalatzen ari zara, bide luzea da eta, gainera, segituan iluntzen du. Bai, zaila da, eta sasoiko behar duzu egon. Hala eta guztiz ere, esan dezaket Pirinioetako eta Alpeetako beste jarduera batzuetan miseria gehiago pasatu dudala. Estutu dugu eta, beraz, ez dugu ziztu bizian igo. Aura hori badu, baina garai batekoa da. Mito bat dela? Bai, baina ez zait sekulakoa iruditu. Sentsazioa dut guk jarduera hori ondo egin dugula».

Amaitzeko, elgoibartarrari gogoratu diogu bide hori neguan igo duen lehen euskal alpinista dela: «Garrantzia ematen diot, besteak beste, udazkenean edo neguan egitea ezberdina delako. Hotz gehiago egiten du, eguna motzagoa da, hurbilketa bidea deserosoagoa da... Hots, zailtasun gehiago ditu. Guk ‘No siesta’-n eginiko lanarekin oso gustura gaude».