GARA Euskal Herriko egunkaria
ESKUBALOIA - BIDASOA-IRUN

Lehiakor izateko erronkarekin hartuko du Fuechse


Europa Leagueko final-zortzirenetarako txartela poltsikoan duela, Fuechse Berlin, txapelketa hau irabazteko faborito handienetako bat, jasoko du gaur gauean Bidasoa Irunek, 20.45ean. Laugarren postua hobetzea ia ezinezkoa duenez, lehenengo postua eskuratzeko garaipena beharrezkoa izango duen munduko talderik indartsuenetako baten aurrean lehiakor izatea izango da bidasotarren erronka euren zaleen aurrean.

«Erronka polita daukagu Europako eta munduko talderik indartsuenetako baten aurka; Bundesligan laugarren doaz eta txapelketa hau irabaztea da euren asmoa. Aurreko astean ikusi genuen zer nolako maila duten», azaldu zuen Jacobo Cuetara entrenatzaileak. «Gu dagoeneko sailkatuta gaude, inolako presiorik ez dugu eta munduko txapelketarik onenetako batean aritzeaz gozatu behar dugu. Irungo eskubaloiarentzat egun oso polita izan daiteke», gaineratu zuen asturiarrak.

Hobetzeko asko

Duela astebete 35-23 galdu zuten bidasotarrek Alemaniako hiriburuan jokatutako partidan. Lesioek eraginda, harrobiko zenbait jokalarirekin aritu behar izan zuten irundarrek eta aste honetan Kauldi Odriozola eta Adrian Fernandez jokatzeko moduan izango dira, Mikel Zabalzaren parte hartzea zalantzan dago eta Jon Azkuek eta Rodrigo Salinasek ezin izango dute jokatu.

Berlingo partidarekin alderatuz, Cuetararen iritziz, bere taldeak «galdutako baloiak murriztu» beharko ditu, alemanei kontraerasoan aritzeko aukerarik ez emateko, eta defentsa lana gehiago gogortu ahal izango duten esperantza ere badu. Halere, taldea oso nekatuta dago eta esfortzuak ere neurtu beharko ditu, igandean Santanderren Asobaleko partida baitu.