GARA Euskal Herriko egunkaria
KOLABORAZIOA

Bi urteren ondoren


Covid-19 a iritsi zen. Prebentzioaren izenean hustu ziren lehendabizi aretoak, lantokiak, eskolak eta kaleak. Ondoren, hauek guztiak, prebentzio neurriz bete ziren bezala: maskarak, distantzia neurriak, isolamenduak, edota harremantzeko mugak. Gerora heldu ziren txertoak.

Bi urte igaro dira jada, eta covid-19arekin bizitzen ikastea errealitate bihurtu zaigulakoan nago. Eta nola egin nahi diogu aurre erronka honi gizarte bezala? Ez nator hona txertoen aurkako kanpaina egitera, ezta hasierako ziurgabetasun egoeran hartu ziren erabakien kritika soila egitera ere. Baizik eta, bi urte igaro direnean, hausnarketa egin eta aurrera begirako jardunari buruzko eztabaidari ekarpena egin nahiko nioke.

Hasieratik, prebentziorako esku-hartze forma klasiko horiek, txertaketa kasu, erraz onartu dira administrazio erakundeen artean. Gure buruak babesteko eta osasuna sustatzeko jardun eta iniziatiba komunitarioekin, ordea, bestelakoa izan da egoera. Agerian geratu da gaur egungo kultura biomediko eta indibidualistan duten gutxiespena.

Baina honen aurrean, komeni da sinestea goitik behera datozen erabakiak eta inposaketak ez direla agian irtenbide bakarra eta onena ziurgabetasun eta konfiantza eza nagusi direnean. Aldiz, gure auzoetan ditugun baliabideak, materialak zein sozialak, gutako bakoitzaren erresilientzia eta osasuna sustatzeko tresna garrantzitsuak direla onartu beharra dago. Horregatik, covid-19arekin bizitzen ikastea auzoetako harreman eta sareak sustatzea ere badela sinetsita nago, bai besteak babesteko eta baita norbere burua zaintzeko ere.

Bitxia eta paradoxikoa da nola askotan agertzen den agenda politikoetan herritarren parte-hartzearen egokitasuna eta beharra, baina, era berean, nola diskurtso horien atzean aurrekontu eta intentzio eza dagoen. Askotan esan zaigu txertoa eta musukoa jartzea, norberarentzat babes neurri izateaz gain, besteenganako eskuzabaltasun keinuak direla. Ez da, ordea, hainbeste aipatu sortu diren zaintza sareetan parte hartzeko beharra, edota osasungintza zerbitzu publikoak indartzea eskatzeko mobilizatzeko premia. Bada ekiteko moduak aldatu eta begirada komunitario baterako apustua egiteko garaia.

Gutxi hitz egin da ere egunerokotasunean erabiltzen ditugun espazioek (eskolak, lantokiak, kaleak, osasun zentroak, kasu) ongizate indibiduala eta kolektiboa sustatzeko duten potentzialari buruz. Bizi garen gizarte kapitalistan, eta indibidualismo basatia inposatzen zaigun honetan, eraiki ditzagun tokian tokiko sareak, indartu ditzagun herritarron arteko aliantzak eta sinetsi dezagun komunitatearen antolakuntza gaitasunean. Helburu komunak ezarriz, pertsonon osasunaren alde aritzeko agertoki berri hau indartzeko unea da.