GARA Euskal Herriko egunkaria
KOLABORAZIOA

Bizitza bizigarriak Euskal Herri feminista batean


Neska* gazteok nazkatuta gaude. Gure bizitzak ez dira bizigarriak, bizirautera kondenatu gaituzte. Prekaritatea, ezinegona, antsietatea, depresioa… Instagrameko filtroekin tapatu, ahoa itxi eta kexatu gabe aurrera egitera derrigortu gaituzte. Hain da indartsua sistema, sinetsi dugula larunbateko parrandarekin zoriontsuak garela, eta jasotzen dugun like bakoitzaren esperoan egotea normala dela. Gure bizitza etenik ez duen gurpil zoro baten itxura hartzen doa, eta instituzioak, enpresak, gizonak beste aldera begira daude.

Etengabe gaude presio eta exijentzia sozialez inguratuta, eta horiek itotzen gaituzte: arduratsuak izan baina ez gehiegi, histerikoak eta kontrolatzaileak ez izateko; janzteko momentuan etengabe epaituak gara, edonork gure itxura fisikoaz eman dezake iritzia antza; ikasketetan nota arrakastatsuak izan behar ditugu, “gure ametsetako” lanpostua aurkitzea gure esku baitago.

Guztia dago batzuen ustezko bizitza eredugarria izatera bideratuta (unibertsitateko ikasketetan mutila ezagutu eta maitemindu, etxe bat erosi eta umeak izan…), eta horietako asko, baliabide materialen eskuratzean eta arrakasta ekonomikoan oinarrituta. Puntu honetara iritsita, neska* gazteok lan prekarizatuagoak egitera kondenatuta ikusten dugu geure burua, normalean zaintzarekin lotuta daudenak (haurrak zaindu, jantokietan lan egin, hezkuntza ez-formalari lotutako lanak, partikularrak…). Kasualitatea? Ez. Horrek guztiak gure zaintza eta bizitza eredu hori bera kuestionatzeko denborarik gabe uzten gaitu, eta gurpil frenetiko horretatik ateratzea ezinezko misio bihurtzen du.

Eta gurpiletik ezin ateratzea ez da gure errua, zisheteropatriarkatu kapitalistari interesatzen baitzaio, antolatu dizkiguten bizitza hauek haien mesedetara egokitzen dira-eta. Gainera, administrazio publikoek esku hartu ordez, azaleko berdintasun planekin betetzen dute urteko kuota feminista, erroko arazoei heldu beharrean. Eta hasieran aipatu bezala, gizonek, beren pribilegio maskulinoez osaturiko posizioan betikotuz (izan gure borroka gutxietsiz, erasotzaileak edo hauen konplizeak izanez, beren pribilegioei eutsiz, zaintzaren ardura gure gain utziz...) ez gaituzte laguntzen. Horregatik, gizonak ere interpelatu behar ditugu eta interpelatuak sentitu behar dira, pauso bat atzera eman behar dute guri kendu diguten tokia guk har dezagun

Hala ere, badugu nondik hasi, eta egoera honen aurrean militantzia feminista izan behar da helduleku. Gure bizitzen gaineko kontrola berreskuratu behar dugu eta neska* gazteon boteretze kolektiboa ezinbestekoa da zentzu honetan. Hitza eta erabakitzeko eskubidea kendu diguten honetan, autodefentsa feministaz armatuko gara, eta eguneroko lan eta borrokatik hitza eta erabakia geureganatuko ditugu. Sistema honen barruan urgentziazko neurriak hartu behar badira ere, guztia aldatzeko aukerak sortu, eraiki eta horien alde borrokatu behar dugu.

Euskal Herri aske bat marrazten hasi beharko ginateke. Estatuen inposaketarik gabe, instituzioek bizitzak bizigarri egiteko ardurak hartuz, pribatizazioari aurre eginez. Paliatiboa den gizarte sistema batetik, bizitzen osasuna zaindu eta gaixotzen garenean epe luzeko aterabideak eskaintzeko gai izango den osasun sistema integral bat eskainiko duen gizarte-sistemara igaroz; hezkuntza feminista sortzeko aukera emango duena; ertz eta ardura ezberdinetatik aisialdi eredu feministak bultzatzeko programak izango dituena… Neska* gazteok independentzia behar dugu.