2022 MAR. 16 Greba bateratua hezkuntza erreforma langileekin osatzeko ELA, LAB, Steilas eta CCOOk greba egingo dute martxoaren 25ean, EAEko hezkuntza legea hezkuntza komunitateko langileekin batera ondu behar dela aldarrikatzeko. Halaber, elkarretaratzeak egingo dituzte Gasteizko Legebiltzarraren aurrean hilaren 18an eta 28an. GARA donostia ELA, LAB, Steilas eta CCOO sindikatuek atzo adierazi zutenez ez daude ados Lakuaren hezkuntza akordioaren zirriborroarekin eta lege parte hartzaile baten alde egin zuten. Mobilizazioak iragarri zituzten martxoaren 18rako eta 28rako, eta greba eguna martxoaren 25erako. Hezkuntza legeak jaso beharko lituzkeen edukiak aurkeztu zituzten atzo sindikatuek, zortzi puntutan bilduta. Batetik, egungo hezkuntza sistema duala gainditu eta euskal hezkuntza sistema publiko baterako bidea sustatu behar dela iritzi dute. «Eskola publikoa hezkuntza sistemaren ardatz gisa kokatu behar da. Hezkuntza sistemarako publifikazio marko orokor eta adostua ezarri behar da, bertako langileen eta ikasleen eskubideak bermatuz, baita langileen parte hartzea eta adostasuna ere prozesuan zehar», azaldu zuten. Hezkuntza lege propioa nahi dutela diote eta, horretarako, EAEk «erabateko eskumenak eskuratu» behar dituela uste dute. Euskal Herriko gainontzeko lurraldeekin elkarlana areagotu beharko litzatekeela ere pentsatzen dute. Hezkuntza legeak behar dituen inbertsio eta baliabideak sustatu eta handitzeko galdegin zioten Lakuari, gutxienez barne produktu gordinaren %6 bideratuz hezkuntzara, ratioak jaitsiz, eta 0- 18 urte arteko hezkuntza doako bihurtuz. Segregazioa eta euskara Segregazioaren gaiari ere heldu zioten ELA, LAB, Steilas eta CCOOk. «Gizarte kohesioa bermatuko duen hezkuntza legea nahi dugu. Segregazioari aurre egiteko neurri sorta urgentziaz onartu behar da, besteak beste, matrikulazio prozesu gardenak, irregulartasunik gabekoak eta eskualde, herri eta hiri guztietan ikasleak ez segregatzeko helburua izango duten administrazioaren menpeko matrikulazio bulego publiko bakarrak ezartzeaz ari gara», agertu zuten. Bestetik, euskara eta bizikidetzaren balioak erdigunean jarriko dituen hezkuntza lege baten alde jarri ziren. Euskararen auzian, murgiltze eta mantentze eredu orokortua da sindikatuen ustez ikasle euskaldun eleaniztunak hezteko modu egokiena. Halaber, hezkuntza komunitatea osatzen duten beharginen lan baldintza egokiak bermatu beharko lituzke lege berriak, sindikatuen ustez. Ildo horretan, azpikontratazio eta pribatizazio prozesuekin bukatzeko beharra nabarmendu zuten. Amaitzeko, hezkuntza lege parte hartzailea aldarrikatu zuten sindikatuek, «langileak aintzat hartuko dituena». ...Los sindicatos han llamado a reunirse los días 18 y 28 de marzo frente al...