GARA Euskal Herriko egunkaria
FUTBOLA

Bi lehia ingeles eta espainiarren artean, eta Unai Emeryk erronka izugarria du


Txapeldunen Ligako final-laurdenak zozketatu ziren atzo eta horrela geratu ziren kanporaketak: Manchester City-Atletico Madril, Benfica-Liverpool –bi horiek apirilaren 5ean jokatuko dute, joanekoa, eta 13an, itzulerakoa–, Chelsea-Real Madril eta Vila-real-Bayern –apirilaren 6an joanekoa eta 12an itzulerakoa–. Partidak 21.00etan hasiko dira.

Ingeles eta espainiarren arteko bi lehia interesgarri jokatuko dira, beraz, final-laurdenetan. Batetik, Cesar Azpilicueta nafarraren Chelseak –gaur egungo txapeldunak– Txapeldunen Ligan garaikur gehien dituen Real Madril jasoko du joaneko partidan; eta, bestetik, Aymeric Laporte Athleticeko jokalari ohiaren Manchester Cityk etxean jokatuko du lehen norgehiagoka Atleticorekin.

Bestalde, Unai Emery entrenatzaile hondarribiarrak gidatzen duen Vila-realek erronka izugarria izango du. Bayern Munichen eta golegile nagusia den Robert Lewandowskirekin neurtuko ditu indarrak: joanekoa etxean izango da eta itzulerakoa, Alemanian.

Azken kanporaketa Benfica eta Liverpoolen artekoa izango da. Hasiera batean, Jurgen Kloppek gidatzen duen talde ingelesak ez luke arazorik izan behar finalerdietan egoteko; areago, itzulerakoa Anfielden jokatu behar dutenean, baina portugaldarrek sorpresa eman eta faboritoa zen Amsterdameko Ajax kanporatu zuten final-zortzirenetan.

Chelsea-Real Madril eta Manchester City-Atletico Madril partidetako irabazleak elkarren aurka lehiatuko dira gero finalerdietan, eta Vila-real-Bayern eta Benfica-Liverpool partidetako irabazleak, elkarren aurka. Finala maiatzaren 28an izango da, Saint Denisen.