GARA Euskal Herriko egunkaria
BIGARREN MAILA

Dinamika ona, aurkari zuzena eta giro beroa, egun handirako osagaiak


SANSE - MIRANDES

Une onenean heldu dio Sansek denboraldiko azken txanpari. Desabantaila handia pilatu zuenez, akatsetarako tarte eskasa du, baina Bigarren Maila hain luzea denez, azken asteotan ematen ari den jauzia osatzeko nahikoa aukera dauzka.

Gaurkoa ez da nolanahikoa, aurrean Mirandes egongo baita, Sansek berak baino sei puntu gehiago besterik ez dituen aurkari zuzena.

Donostiarrek azken jardunaldiotako dinamikak eskaintzen dien indarrarekin ekingo diote eta hilabeteotan izan ez duten beste bultzada batek lagunduta: harmailetako berotasuna. «Azken partidak desberdinak izan dira, zaleen babesa, txaloak... hor zeuden –esan du Xabi Alonsok–. Jokalariak gazteak dira eta zaleen eragina gehiago igartzen dute. Asko eskertzen dugu eta eta bihar etorriko direla uste dut».

Zigorra bete ondoren, Alkain eta Clemente deialdira itzul daitezke baina, astero bezala, lehen taldearen beharrak jakin arte itxaron beharko du Alonsok bere hamaikakoa eta deialdia osatzeko.