GARA Euskal Herriko egunkaria

Fujimoriren indultua atzera botatzeko nazioarteko auzitegietara joko du Limak

Peruko Gobernuak nazioarteko auzitegietara joko du Alberto Fujimori kartzelatik ateratzea eragozteko, Auzitegi Konstituzionalak presidente ohiaren aldeko indultua berrezarri baitu.


Peruko Justizia ministrorde Juan Carrascok aditzera eman duenez, Gobernuak nazioarteko auzitegietara joko du Alberto Fujimori presidente ohiaren kaleratzea ekiditeko. Ostegunean, Auzitegi Konstituzionalak onartu egin zuen 2017an eman zioten indultua bertan behera utzi zuen ebazpen judiziala baliogabetzeko aurkeztutako habeas corpus eskaera. Hortaz, 83 urteko presidente ohia datozen orduetan edo egunetan aske gera daiteke.

2009. urtean 25 urteko kartzela zigorra ezarri zioten, 1991n eta 1992an, hurrenez hurren, Barrios Altosen eta La Cantutan talde paramilitar batek egindako sarraskiengatik, baita 1992an eman zuen estatu-kolpearen ondotik enpresari bat eta kazetari bat bahitzeagatik ere.

Carrascoren hitzetan, Fujimoriren indultua balioztatzea «justizian sinesten dugun perutar guztiontzat amorragarria da». Gogorarazi zuen indultu horren gaineko ikerketa bat zabalik dagoela eta Giza Eskubideen Batzorde Interamerikarrak argi utzi zuela horrelako neurriak ezin direla onartu «ezarritako kartzela zigorra krimen larriak egiteagatik ezarri denean, hala nola, gizateriaren kontrako krimenak».

Atzerri ministro Cesar Landak Twitterren nabarmendu zuenez, Konstituzionalaren ebazpena «ez da baliozkoa, Giza Eskubideen Batzorde Interamerikarrak ‘Barrios Altos eta La Cantuta’ auzian hartu zituen erabakien kontrakoa baita. Indultua berrezartzeko erabakia Batzorde Interamerikarrari dagokio. 2018an ebatzi zuen batzordeak Peruko Estatuak sarraski horien egileak zigortzeko betebeharra duela, biktimek justiziarako eskubidea dutela eta Estatuak eskubide hori bermatu behar diela». Landa Peruko Auzitegi Konstituzionaleko presidentea izan zen 2006 eta 2008 artean.

2017ko abenduaren 24an, Peruko orduko presidente Pedro Pablo Kuczynskik (2016-2018) Fujimori indultatu zuen. Fiskaltzak esandakoaren arabera, presidentearen eta Fujimoriren seme gazteenaren arteko negoziazio baten emaitza izan zen. Fiskaltzak susmatzen duenez, legebiltzarkide zen Kenki Fujimorik presidentearekin adostu zuen bere talde politikoko gainerako legebiltzarkideek Kuczynski kargugabetzeko mozioaren kontra bozkatuko zutela bere aita indultatzearen trukean.

Handik urtebetera, ordea, Auzitegi Gorenak indultua indargabetu zuen. Fujimoriren abokatuak, Gregorio Parco Alarconek, helegitea aurkeztu zuen eta orain Konstituzionalak arrazoia eman dio. Dena den, bozketa berdinduta egon zen –aldeko hiru boto eta beste horrenbeste kontrako–. Auzitegiko presidentearen, Augusto Ferreroren, botoa beharrezkoa izan zen balantzak indultuaren alde egin zezan.

Giza Eskubideen Batzorde Interamerikarrak bere kezka adierazi du kaleratze honengatik.