GARA Euskal Herriko egunkaria
PILOTA

Finalistek merezi duten giroa

Aurreko bi urteetan ez bezala, aurten edukiera mugarik gabe jokatuko dute Aldai-Capellan eta Arrizabalaga-Gamindek binakako finala.


Igande honetan jokatuko da Irungo Uranzu pilotalekuan Binakako Master Laboral Kutxa pilota mistoko elite mailako finala. Aurtengoa, gainera, hitzordu berezia izango da, aurreko bi urteetan ez bezala, Irungo pilotalekuan ez delako edukiera mugarik izango eta sarrera bikaina espero delako.

Elkarren aurka arituko diren bi bikoteak Amaia Aldai-Andrea Capellan eta Olatz Arrizabalaga-Enara Gaminde izango dira. Antzekotasun handiak daude bi bikoteen artean: esperientzia eta maila handiko bi aurrelari ausart eta azpitik indar handiz heldu diren bi atzelari gazte.

Aurrelariek hartu beharko dute jokoaren pisua eta atzelariek beren lehen finalean presioari aurre egiteko duten gaitasunak asko baldintzatuko du igandeko norgehiagoka. Kontuan izan behar da Capellan errioxarrak 15 urte dituela eta Gaminde laukiztarrak 14 baino ez.

«Badirudi une honetan Olatz eta ni garela aurrean airez errematean eta gehien jokatzen dugunak. Igandean berriz jokatuko dugu elkarren aurka eta gure momentu hau aprobetxatu egin beharko dugu», adierazi zuen Amaia Aldai dimoztarrak aurkezpen ekitaldian.

Olatz Arrizabalagak, bere aldetik, hirugarren finala izango du binakakoan eta orain arte egindako lana nabarmendu zuen: «Oso txapelketa ona egin dugu, oso maila onean jokatu dugu. Ea igandean lan hori borobiltzen dugun».

Maila handiko finala espero da, antolatzaileen esanetan lehiaketako bi bikote onenak izan baitira orain arteko bederatzi jardunaldietan. Aurrekari moduan, bi bikoteek elkarren aurka Astelenan jokatu zuten ligaxkako neurketa aipatu behar da: orduan Arrizabalaga eta Gaminde 22-16 nagusitu ziren.

Atzoko aurkezpen ekitaldian, lau pilotariez gain, Borja Olazabal Irungo Kirol zinegotzia, Goizane Alvarez Gipuzkoako Kirol zuzendaria eta Iñaki Elortegi Laboral Kutxako Irungo bulegoko zuzendaria egon ziren. Gonbita luzatu zuten 12.00etan hirugarren posturako lehiarekin (Leire Garai-Ane Mendiburu/Maddi Barrokal-Itsaso Erasun) hasiko den jaialdira joateko.

Hiru hilabetez luzatu den txapelketari amaiera emango dio igandeko finalak. Guztira 84 pilotarik hartu dute parte, bost maila desberdinetan banatuta.