GARA Euskal Herriko egunkaria
NORVEGIA

Kilometro bateko izotzezko zirrikituari astindua eman diote

Hilaren 4an, Eivind Jacobsen norvegiarrak eta Juho Knnuttila finlandiarrak Blokktind mendian (Norvegia) «Entropi» bidea (WI5+, M6, 5b, R) zabaldu zuten. Zailtasun teknikoak baino gehiago, jardueraren luzera zein arriskua nabarmendu dute protagonistek.


Ingurumari honetan, oro har, izotzak ez du protagonismo handirik izan. Alabaina, beste latitude batzuetan gustura jardun dute marra izoztuetan eskalatzen edo proposamen berriak sortzen. Norvegian, adibidez, zorte handia izan dute kilometro bateko bide berri bat zabaltzeko.

Eivind Jacobsen norvegiarra eta Juho Knuuttila finlandiarra izan dira protagonistak. Blokktind mendiko ipar-ekialdeko murruan “Entropi”-ri forma eman zioten. Oso-oso luzea da, mistoa eta izotza tartekatzen duena eta teknikoki ez oso zaila baina bai arriskutsua.

Bi eskalatzaileok ez zuten tresneriarik utzi mila metro horietan, eta besteak beste, honako zailtasunak gainditu behar izan zituzten: WI5+, M6, 5b.

Knuttila izan da jarduera azpimarragarri honen berri eman duena, eta, lehenik eta behin, zera onartu du: «Eivindekin batera, Norvegia iparraldean dagoen proposamen ederrenetarikoa zabaldu dut. Gainera, ‘Entropi’ bistan eskalatu dugu. Onartu behar dut zailtasunean ez dela muturrekoa, baina asko eskatu digu. Autoa utzi, bidera hurbildu, hura eskalatu eta berriro autora itzultzeko ia 17 ordu behar izan genituen. Aurreratu dut ez dela oso zaila, baina luze gogorrenetan aseguratzeko lekurik ez zegoen. Horrek arriskua biderkatu zuen. Nire kasuan sekzio horietan asko kontzentratu behar izan nuen».

Eivind Jacobsen bezala, Juho Knuutila alpinista zaildua da. Goi mailako jarduerak egin ditu, eta, neurri handi batean, alderdi berriak esploratzea gustuko du. Finlandiarrak berak aurreratu digu duela urte batzuk mapa batean Blokkind izeneko mendia aurkitu zuela: «Tjongsfiord izeneko fiordoaren oinarrian dago. Mendi hori aztertu ondoren, jabetu nintzen ipar-mendebaldeko murrua udaran eskalatzeko oso erakargarria zela. Baina, bat-batean, bustita zegoen sekzio luze bat ikusi nuen. Beltz kolorekoa. Orduan, irudimenari eragin eta neure buruari esan nion zerrenda busti hori neguan izoztuko zela. Eta bete-betean asmatu nuen; izan ere, Norvegiako iparraldean inoiz ikusi dudan bide ederrenetarikoa bihurtu zen. Eta harrezkero, nire buruan iltzatuta egon zen».

Jakina, izaera horretako marra izoztu bat eskalatu ahal izateko, aldez aurretik ondo begiratu eta aztertu behar da. Eta finlandiarrak horixe egin zuen: «Baldintza egokietan igo nahi nuen, eta, horretarako, fiordoaren parean bizi den emakumezko batekin hartu-emanetan jarri nintzen. Horma horrek baldintza bereziak dituenez, eskatu nion astean zehar argazkiak bidaltzea. Baldintza horiei dagokienez, aurreratu behar dut neguaren erdialdean, tarteka, beroa eta hezetasuna egiten duela. Eta bolada hotz bat heltzen denean, urtutako elurra erabat izozten da. Marra berri hori eskalatzen ari ginenean, ohartu nintzen ‘bero’ egiten zuela eta egoera hori oso egokia izan zen izotz oso mehea gainditu ahal izateko. Baldintza hotzekin ziur aski zentimetro gutxi zituen geruza puskatuko zen! Banekien ere, beroarekin geruza hori paretatik bereizteko aukera handiak zeudela, baina gakoa zen une egokiena bilatzea. Eta hori lortu genuen».

Erronka handia

Alpinista honek baieztatu du denbora luze egon zela baldintza horiek ondo baino hobeto aztertzen. Aste batetik bestera asko hobetu ziren, eta “Entropi” izena hartu duen proposamen berrira martxoaren hasieran joan ziren. Jarduera berrirako sokakide bat behar zuen, eta Eivind Jacobseni deitu, proposamena egin eta, baiezko erantzuna jaso ondoren, martxan jarri ziren.

Hormaren oinarrira heltzeko, bi orduko ibilbidea egin zuten. Eta han zirela, lehen ezustekoa hartu zuten: «Izotzezko marra hori espero genuen baino askoz ere meheagoa zen. Hara iristeko, elurrarekin estalita zegoen hainbat aldats igo genituen. Erraza zen, eta ez zituen aldapa oso pikoak. Izotz tarte hori ikusi eta biok ala biok jarduera bertan behera uzteko zorian egon ginen. Luze batean, adibidez, itsatsita ez zegoen plaka oso tente bat zegoen. Itxura guztien arabera, ezinezkoa zen hura gainditzea. Ez neukan batere argi, baina metro batzuk eskalatzeko erabakia hartu nuen. Batez ere, tarte hori begiratu eta alternatiba bat aurkitzeko. Nola edo hala, metro arriskutsu horiek saihestu behar genituen. Han goian nengoela, belarra eta arroka zituen aldats bat ikusi nuen. Han sartu eta, hiru ekinaldi egin eta gero, korapilo hori askatzeko gai izan nintzen. Onartu behar dut ekinaldi bakoitzaren ondoren, bilerara jaisten nintzela. Burua lasaitu eta pentsamendu ezkor guztiak alde batera utzi behar nituen; izan ere, neure burua aseguratzeko tarteak beldurgarriak ziren».

Knuuttilak onartu du sekzio hori, oso tentea izateaz gain, teknikoki zaila zela ere. Pioletekin une batzuetan eta eskuekin besteetan, belar izoztu horretan metroak igotzen jarraitu zuen. Luze horrek muturrera eraman zuen: «Bilerara heldu eta neure burua ia kolapsatuta geratu zen. Baina ez nuen errekuperatzeko ia astirik, eta hurrengo luzeari ekin nion. Berriro ere sokaburu nengoen, eta bost zentimetroko izotz geruza zuen luzean sartu nintzen. Tenperatura 0-tik gora zegoenez, izotza bigundu zen».

Seigarren luzea, berriz, askoz ere samurragoa izan zen, eta honek artesi batera eraman zituen. Finlandiarrak pioletak alde batera utzi zituen, eta eskuen laguntzarekin metro batzuk eskalatu zituen. Berriro ere pioletak hartu eta izotzera itzultzeko arrokazko sekzio bat gainditu zuen.

Zortzigarren luzearekin pixka bat lasaitu ziren. 65 metrokoa zen, baina, bederen, izotzak torlojuak jartzeko aukera eman zien: «Hala eta guztiz ere, eremu hori ez zen batere segurua, eta borroka handia egin behar izan nuen. Ordura arte, luze bakoitzean garaipena sentitu genuen. Hori gutxi ez, eta luze guztiak era askean igo genituen. Makina bat metro zail eskalatu ondoren, izotza zuten azken bi luzeetan lasaitasuna hartu genuen. Ez ziren oso zailak, baina gauak harrapatu gintuen».

Zailtasun tekniko handienak, hots, luze zailenak, poltsikoan zituzten, baina gailurra zapaltzeko oraindik elurrean beste 250 metro egin behar izan zituzten. Azken metroetan, berriz, haizea altxatu zen: «Lan horiek guztiak biribildu eta haizete bortitzengatik berehala jaitsierari ekin genion. Ikuspen oso txarra zegoenez, hegoaldeko ertzaren jaitsiera oso mantsoa izan zen. Horrek GPSa hartu eta bide seguruena bilatzera behartu gintuen».

Ia hamazazpi orduko jarduna egin eta gero, autora onik iritsi ziren. Alpinistok ondo baino hobeto kudeatu zuten iragarritako leiho ona; izan ere, autora iritsi eta euriak harrapatu zituen.

Bizi izan zuten eskarmentuaren inguruan, azkenik, Knnuttilak honako hausnarketa egin du: «Abentura handia izan da. Etxera nintzela, erabat hustuta nengoen, eta kosta egin zait eskalada hori ongi prozesatzea. Mentalki errekuperatzea ez da batere samurra izan; inoiz egin dudan erronka handienetarikoa izan da. Horregatik bide berriari ‘Entropi’ deitu diogu. Mundua nola dagoen ikusita ere, uste dugu izen hori oso egokia dela».