GARA Euskal Herriko egunkaria
PILOTA

Topikoak hausten hasteko txapelak


BAKAIKOA-ELIZEG. 8

ZABALA-ETXEBAR. 22


Javi Zabala eta Oier Etxebarria dira Promozio mailako binakako txapeldun berriak, material biziak baldintzatutako final batean Bakaikoa eta Elizegiri uste baino askoz errazago gailenduta (22-8). Lanerako grina, iraupena eta pazientzia izan ziren Aspekoek lehenengo play-offaren ondotik finalerdiak gainditzeko erabilitako armak, baina atzokoan distira ere badutela erakutsi zuten Labriten, jokoan goitik behera nagusitu eta aurkariak erabat partidatik ateraz.

Lanarenaz harago, pilotari, eta kirolari gehienek dituzten topikoak kentzeko balio beharko lieke bi txapeldunei atzoko finalak. Javi Zabalaren inguruan sarri hitz egin da buruz buruko txapelketetarako dituen dohainez, bere eskuin indartsu horretaz, baina baita bere izaera bero horren erruz partidetatik irteteko duen erraztasunaz ere. Bada, Logroñokoak binaka lortu du bere profesionaletako lehen txapela, erasoan ausarta izanaz eta, batez ere, hasi eta buka, oso partida burutsua jokatu eta beti bere lekuan egonda.

Oier Etxebarriak ere maiz eraman ditu bizkarrean pilotari seguru eta zuzenaren etiketak; bada, atzo jotzaile handi baten gisan aritu eta denera lau tanto ere apuntatu genizkion, bi pilota errebote zuloan sartuz eta beste bi zabalean egindako dejada zoragarrien bidez. Aurreko bi partidetan egin ez zituen bi huts ere batu zituen, topikoak are gehiago apurtzeko.

Hasi eta buka

Egindako txapelketa bikainaren ostean, Bakaikoa-Elizegi ziren irabazteko faboritoak, baina hasiera-hasieratik markagailuan atzetik joan behar izan zuten eta tarteka erreakzio txikiren bat izan bazuten ere, ezinean aritu ziren partida osoan.

Piloteoan nagusitu beharreko bikotea zirudien Baikokoak, baina ezinezkoa egin zitzaien, lehen tantotik Oier Etxebarria oso nagusi izan baitzen atzeko koadroetan. Irteera handiko pilota oso urrun ibili zuen Igorrekoak. Elordirekin 2019an lehen txapela jantzi zueneko hartan ez omen zuen batere gozatu kantxan eta atzo lehen helburu hori behintzat hasieratik lortu zuen.

Baikokoek, ordea, ziurrenik euren txapelketa osoko partidarik txarrena jokatu zuten unerik desegokienean. Materialarekin haserre, partidatik ere azkarregi irten ziren eta azkar xamar egin zien ihes partidak (1-7). Izan zuten erreakzio txiki bat, 12-8 gerturatu ziren, baina txapelak euren burutik oso urrun izan ziren une oro.