GARA Euskal Herriko egunkaria
SASKIBALOIA

Gernikak Miribillako festa biribildu du 4.108 zaleren aurrean


Ez du bere historiako denboraldirik errazena, baina bere 25. urteurrena nahi bezala ospatu zuen atzo Gernika KESBek, 4.108 zaleren aurrean Miribillan Campus Prometeri 75-56koaz gailenduta. Garaipen horrekin Mario Lopezenak 8. posturako lehia horretan indarturik irten dira, eta festa biribiltzeko harrobiari ere kuku bat egiteko moduan izan ziren, 17 urte baino ez dituen June Ruizek bere lehen minutuak jokatu baitzituen.

Atzokoa egun handia zen Bizkaiko saskibaloiarentzat eta gernikarrak lehen unetik ideiak oso garbi zituztela irten ziren kantxara. Zaleen babesarekin, Malostekoek azkar ahaztu zuten asteleheneko erorikoa eta Mario Lopezek ere azkar utzi zituen agerian bere kartak, Belen Arrojo Aina Ayuso kanpotarraren gainean jarriz. Kopan Cadi La Seuren aurkakoan bezala, erabaki taktikoa ondo irten zen; Lashann Higgs eta Angie Bjorklunden lanari esker, erasoan oso fin arituta, 27-16 amaitu zuten lehen laurdena.

Une txarrak izan zituzten bizkaitarrek errioxarrak sei puntura gerturatu zirenean (36-30), baina talde lanari esker atsedenaldira 39-30 aurretik joan ziren.

Aldagelatik bueltan, bi taldeak sokatira estuan aritu ziren eta Mario Lopezenei berriz ere kosta egin zitzaien kanpotarren zonakako defentsa. Etxekoen entrenatzaileak hutsartea eskatu behar izan zuen errioxarrak berriro ere sei puntura iritsi zirenean (47-41). Aulkitik irten zen Paula Ginzok beste aire bat eta puntuak eman zizkion gernikarren erasoari eta Melissa Brcaninovicen azken uneko hiruko batekin 13 puntura igo zuten abantaila, hirugarren laurdenaren amaieran (56-13).

Poloniar jokalariaren beste bi saskiratzerekin etorri zen gernikarren partidako abantailarik handiena eta Campus Prometeri partida luze egiten hasi zitzaion, denboraldia luze egin dakiokeen bezala. Partida erabat erabakita zegoela, Mario Lopezek harrobiko gazteei aukera eman zien eta Marta Alberdiren ostean June Ruiz irten zen kantxara, 17 urterekin lehen taldean debutatuz.

Jardunaldi borobila

IDK-k garaipena lortu zuen Cadi La Seuren kontra (74-54) bosgarren tokia sendotzeko eta Araskik 42-62 irabazi zion Ferroli 11. garaipena lortuz.