GARA Euskal Herriko egunkaria
MENDI LASTERKETA

Oier Ariznabarreta errege Berako maratoi erdian

Durangoko korrikalariak zazpigarren aldiz jarraian irabazi du lehia. Nesketan, Maria Ordoñez gailendu da.


Euskal Herriko mendi lasterketen hitzorduen artean, Manttale taldeak Berako herrian antolatzen duen mendi maratoi erdiak sona handia du. Isil-isilean, zarata handirik atera gabe baina, Berara hurbiltzen diren mendi korrikalariei begiratuta, lehen lerroan ibiltzen diren askok ez dute hutsik egiten. Hamaseigarren ekitaldi honetan ere hori guztia bete da. Denera, 530 lasterkari izan zien irteera puntuan, eta horietatik 459k lortu zuten bukatzea. Nahiz eta haizeak protagonismoa izan zuen, oro har, eguraldia lagun izan zuten.

Igandean jokatu zen lasterketa horretan, beste behin, Oier Ariznabarretaren izena aipatu behar dugu. Inork ez du zalantzan jartzen Berako hitzordu horri neurria hartu diola. Durangoko korrikalaria nagusitu da zazpigarrenez jarraian. Ohi den bezala, lehenengo metroetan erritmo bizian irten zen. Lasterketaren buru jarri zen, eta gailur guztietatik lehen postuan igaro zen. Alde handiarekin, gainera. Larhunekoan, adibidez, bigarren sailkatuari, Imanol Goñiri, 3 minutu eta 48 segundo atera zizkion. Eta, hirugarrenari, Joseba Larralderi, 3 minutu eta 58 segundo.

Ariznabarretak ondo baino hobeto kudeatu zuen alde hori aurrean zuen jaitsieran, eta helmugan lehena izan zen, 1:39:51ko denborarekin. Duela zortzi urte ezarritako markatik urrun ibili zen; izan ere, 2014. urteko ekitaldian 1:37:30 egin zuen. Goñi izan zen bigarrena Berako Mendi Maratoi Erdian, 1:43:40ko denborarekin. Eta hirugarrena, Larralde (1:44:21).

Bestalde, emakumezkoen kategorian ere izen handiko korrikalariak izan ziren irteera puntuan. Nahiz eta bere une gozoenean ez egon, Maria Ordoñezek oso maila ona erakutsi zuen. Oihana Kortazarrek argi utzi zuen Berako lasterketa hau irabazteko gogo handiz zegoela. Lasterketaren buru jarri zen, baina Larhun mendian Ordoñezi “utzi” behar izan zion lehen postu hori. Nafarroan bizi den Valladolideko lasterkari hori Berako helmugan lehena izan zen, 2:03:49ko denborarekin. Bigarren postuan Naiara Irigoien sailkatu zen irabazlearengandik minutu batera. Eta Kortazar podiumaren hirugarren kutxara igo zen, 2:07:53ko denborarekin.

Gazte Trail lasterketa

Beñat Albisu eta Oihana Arruti nagusitu ziren Gazte Trail lasterketan. 10 kilometro eta 400 metroko goranzko desnibela zuen ibilbidean 14 eta 17 urte bitartekoek korritu zuten. Amaitzeko, aipatu behar da Berako lasterketa hori Nafarroako Txapelketarako baliagarria izan zela. Larraldek eta Ordoñezek eskuratu zituzten titulu horiek. Bigarren sailkatuak: Xabi Zarranz eta Irigoien. Eta hirugarrenak: Iñigo Macias eta Ainara Alcuaz.