GARA Euskal Herriko egunkaria
SASKIBALOIA

Play-offetako lehia Buesa Arenan

ACB Ligan sailkapeneko zazpigarren jarriko da BitciBaskonia eta UCAM Murtziaren arteko garailea. Bilbao Basketek Real Madril ahulena garaitu nahi du.


Bere garaian, covid-19aren erruz ACB Ligako 19. jardunaldia atzeratu egin behar izan zen. Hala, asteon berreskuratuko dute taldeek urtarrilean jokatu behar zuten jardunaldi hura. Bitci Baskoniak, 19.00etan, UCAM Murtziaren aurka jokatuko du gaur eta, ordu berean, Real Madril izango da Surne Bilbao Basketen aurkaria.

«Play-offetako partida bat balitz bezala jokatu behar dugu», esan zuen neurketa bezperan Alec Petersek. Illinoisko hegal-pibotak ondo asko daki Matt Costello falta bada Steven Enoch eta bera izango direla Costellok sartuko ez dituen puntuak sartzeko ardura izango dutenak, Tadas Sedekerskis ziurrenik «lan zikinetan» arituko den bitartean.

Zazpigarren postua jokoan izango dute murtziarrek eta gasteiztarrek. 15-12 balantzearekin berdinduta daude biak, baina Sito Alonsorenak gasteiztarren aurretik daude uneotan, puntu aldeari esker. Gainera, gogoan izan behar da joaneko partida murtziarrek irabazi zutela, 80-79 baino izan ez bazen ere.

«Jakina da Murtzia talde fisikoa eta gogorra dela. Borrokalariak dira guztiz eta fisiko hori berdintzen ez badugu, kontu latzak izango ditugu. Baina Burgosen aurka erakutsi genuen nola joka dezakegun, nolako jarrerarekin, alegia. Murtziaren aurka ere horrela ekiten badiogu, gure aukerak izango ditugu, zalantzarik gabe», adierazi zuen Alec Petersek.

Ospakizuna eta garaipena

Bilbao Basketek Valentzia Basketi irabazita lortu zuen hamabigarren garaipena. Eskuan duela esan genezake datorren urtean ere ACB Ligan jarraitzea.

«Eta orain, zer? Orain, Real Madrilen aurka eta gero beste partida guztiak. Ikusi egin behar noraino garamatzan denboraldi bukaerak», adierazi zuen Alex Mumbruk, zeinari kamiseta erretiratuko zaion partidaren ostean.

Aurrean Real Madril ahulena dago. Hain ahul, ezen Pablo Lasoren postua ere zalantzan jarri den. «Pablo kargutik kentzea zentzugabea da», adierazi zuen Mumbruk bezperan.

Emakumeen Liga

Emakumeen Ligari dagokionez, azken-aurreko jardunaldia jokatuko dute gaur eta neurketa guztiak 20.00etan hasiko dira.

Azken jardunaldietako emaitzen ostean, IDK Euskotrenek 16 garaipenekin eta Eurocupeko txartela eskuan duela jokatuko du Kanaria Handiaren kantxan.

Lointek Gernika Bizkaiak, berriz, Innova Leganesi irabazita zortzi onenen artean sartu eta play-offetan sartzeko sekulako urratsa egingo luke.

Bere aldetik, Kutxabank Araskik etxean azken neurketa izango du Ensinoren aurka; Top 8an sartzeko bere azken aukera, ia.