2022 API. 14 AZKEN PUNTUA Gu izan gintezke Aitziber Pz. Karkamo Kazetaria Gatazka hasi zenetik, ukrainarrak gu bezalakoak direla entzuten dugu etengabe. Baieztapenak bi xede ditu. Beste guden biktimekiko ezberdintasuna eta distantzia nabarmentzea eta gure erruduntasun-sentimendua areagotzea. Horregatik, Korrika bezalako ekimenekin emozioz negar egiteko beharra dugu. Gu bezalakorik ez dela sinistu dezagun, eta munduak, une batez, ez diezagun horrenbeste minik eman. Komunitateaz hitz egin zigun Karmele Jaiok Korrikaren lekukoaren mezua irakurtzean. Kazetaritza horren beharrezkoa den uneotan, idazle arabarrak bere liburuetan ez ezik, bere kazetaritza lanetan jasotzen dituen istorioetan pentsatu dut, gu bezalako pertsonaiaz josita dauden narrazioak. Eta izan zitezkeen beste batzuekin oroitu naiz. Polonian iragan astean beste emakume bati abortatzen laguntzeagatik epaitzen ari diren Justyna Wydrzynskarekin akordatu naiz. Nork idatziko ote du bere historia, hiru urteko kartzela zigorra ezartzen badiote? Orain dela bi urte San Petersburgon ondorio larriko jipoia jaso zuten Ekaterina Lyskh eta Alina neska-lagunarekin akordatu naiz. Errusian egunerokoak diren lesbofobia-erasoa pairatu zuten beste bi emakume. Eta, azkenik, guretzako haurrak ernaltzen dituzten izenik gabeko ehunka emakume ukrainarrekin gogoratu naiz. Gatazka aurreko eta ondorengo emakume horiek denak ere gu izan gintezke.