GARA Euskal Herriko egunkaria
LEZAMA

Esprintatzeko beharrarekin hartuko du Amorebietak sasoi betean den Mirandes


Bigarren Mailako maratoia azken kilometroetan sartu da eta inor ez denez oraindik ere helmugara heldu, taldeek erritmoa mantendu beharra dute. Kasu askotan, erritmoa bizkortu beharrean ere badira, edo, Amorebietaren kasuan, esprintatu beharrean. Izan ere, bizkaitarren orain arteko zenbakiak hain dira eskasak, akatserako tarterik gabe heldu direla denboraldiaren azken txanpara. Azken hamarkadako batezbestekoaren arabera, bost garaipen beharko ditu azken zazpi jardunaldietan mailari eutsi nahi badio.

Zaila da helburua, are gehiago gaur, sasoi bete-betean baitago bizkaitarren aurkaria. Joseba Etxeberria aulkira heldu zenetik, Mirandesek sekulako jauzia eman du: jaitsiera postuetatik lau puntura zegoen eta, zortzi partidutan bost garaipen lortu ondoren, 15 puntuko aldearekin bisitatuko du Amorebieta.

«Partiduak joaten ari zaizkigu eta puntuak behar ditugu», onartu du Haritz Mujikak. Baina taldea «joko aldetik oso ondo» ikusten du eta ez dago amore emateko prest. Las Palmasen izandako sendotasun defentsiboari, aurkariaren arean eraginkortasuna gehitzen badiote, puntu dezente lor ditzaketela uste du. Baliteke gaur Mujikak ohiko sistema berreskuratzea, Larra atzeratuz eta Obi zelairatuz aurrealdean Gururi laguntza emateko.