GARA Euskal Herriko egunkaria
ESKUBALOIA

Haitok bosgarren urtea beteko du Zuazon


Joseba Rodriguezek, beste urtebetez hitzarmena luzatuta, bosgarren denboraldia beteko du Zuazoko lehen taldea zuzentzen. 2018an iritsi zen Zuazora Haito, Trapagaranen hiru urte eman ostean. Proiektu berri eta sendo bat eraikitzeko asmoz iritsi zen Barakaldora, gazteenei minutuak emateko prestu.

Klubaren eta entrenatzailearen arteko sintonia erabatekoa da. Hankak lurrean joan dira denboraldiz denboraldiko helburuak markatzen, baita poliki-poliki taldearen muina osatzen ere. Ainhoa Hernandez eta Maddi Aallaren irteerei aurre eginez –taldeko bi kapitainak eta ikurrak–, Zuazok iazko maila mantentzea lortu duela esan daiteke. Orain beste jokalari batzuek hartu dute taldea bizkarrean: urrats bat aurrera eman du, nabarmen gainera, Mada Fernandez-Agustik, baita Maddi Bengoetxeak ere. Alba Sanchez eta Ane Encina ere taldeko ikurrak dira egun eta ezin hobeto moldatzen dabiltza Isabel Fernandez-Agusti, Anne Erauskin, Paula Garcia, Izei Permach eta enparauak.

Liga bukatzeko lau partidaren faltan, bederatzigarren postuan dago talde barakaldarra, zortzigarrenetik bost puntura. Haitoren Zuazok ez du sekula Ligan zortzigarren bukatu –bederatzigarren izan zen bere estreinakoan eta hamargarren 2019-2020 denboraldian, Liga amaitzeke geratu zenean koronabirusagatik–. Iaz bi multzotan banatu zen txapelketa eta orotara hamargarren bukatu zuen Zuazok –bigarren multzoko bigarrena izan zen–.

«Une aproposa»

Horiek horrela, Haitoren beraren ustetan «une aproposa» da taldean jarraitzeko. Aurreko urteetan taldean egindako lana emaitzak ematen ari delakoan da basauriarra eta taldea «hazten» ikusten du, klubari eginiko adierazpenetan azaldu legez.

Hurrengo urtean «are erregularragoak» izateko nahiarekin berritu du kontratua Rodriguezek eta nabarmendu du jokalari guztiek irabazi dutela taldean jarraitzeko aukera. «Zuazoren hazkuntzan ale bat jartzen ari naizela pentsatzea gustatzen zait, ez soilik kirol arloan, baita ekonomikoan eta estrukturalean ere», nabarmendu du. Etorkizunera begirako erronken artean, Kopako azken fasera sailkatzea aipatu du.