GARA Euskal Herriko egunkaria
ESKOZIA

«Beldurraren lantegiak» lekua hartu du Ben Nevisen

Martxoaren 6an, Hamish Frost, Guy Robertson eta Greg Boswellek Eskoziako alderdi horretako azken izotz-jauzia eskalatu zuten. «Fear factory»-k WI6R zailtasuna du, eta protagonistek onartu dute muturreko arriskua duela.


Maiz aipatu izan dugu Eskozian egiten diren neguko jarduerak bereziak direla oso. Elurra, izotza, antzigarra, mistoa... Berezko izaera duen eskalada baten aurrean gaude. Ziur aski, horregatik guztiagatik, “atzerritarrek” ia ez dituzte bisitatzen Eskoziako murru esanguratsuenak. Hortaz, bertako eskalatzaileak dira benetako protagonistak.

Amaitu berri den denboraldiari dagokionez, aurreratu behar dugu, ohiko jarduerak egiteaz gain, espezialista indartsu- enak jo eta su ibili direla. Zailtasun zein arrisku handiko bide berriak zabaldu dituzte. Eta deigarria izan da hirukote batek Ben Nevisen sinatu duen eskalada.

Bai, hiru protagonista izan ditu: Hamish Frost, Guy Robertson eta Greg Boswell. Hiru alpinista hauek winter scottish bezala ezaguna den estiloan pasarte ikusgarriak idatzi dituzte. Hots, ia beti ekarpenaren bidean jardun dute.

Eskalatzaileon azken lanak “Fear factory” du izena, eta WI6R maila jarri diote. Zailtasunari begiratzen badiogu, berez, egungo parametroetan ez da muturrekoa. Aldiz, muturreko zailtasuna du. Antzeko bideak daude mundu zabalean, baina Eskoziako neguan eskalatzen duten espezialistek hirukote horrek eginiko igoerari indar handia eman diote: «Ben Neviseko azken izotz-jauzia eskalatu dute. Alderdi horretako baldintzak ezagutzen ditugu, eta hirukote horri onartu behar zaio ekarpen berezia egin duela. Izotz letagin edo kandela bat gainditu dute. Boswellek eta enparauek bazekiten kandela hori ezin zela babestu. Hori egiten bazuten, kandela askatu edo puskatu zen!».

“Fear factory”-ko protagonistok izotzezko tarte beldurgarri hori ondo baino hobeto kudeatu behar izan zuten. Onartu dutenez, letagin hori oso gutxitan osatzen da: «Gure kide batzuk saiatu dira. Adibidez, 2013. urtean Dave MacLeod eta Andy Nelson murru horren azpian jarri ziren. Kandela hori ikusi zuten arren, eskuinera jo eta ‘The Snotter’ bidea sortu zuten. Gure eskalan VIII, 8 maila du; hots herrialdeko izotzezko marra gogorrena. Gogoa zuten guk eskalatutako bidean sartzeko, baina ez zuten batere argi ikusi. Guk, berriz, apustu sendoa egin dugu, eta Ben Neviseko azken proiektua lortu dugu».

Beste maila bat

Arestian aipatu dugunez, D eguna martxoaren 6a izan zen. Eskalatzaile eskoziarrak adierazi du bidera hurbiltzen ari zirela, letagin hori ikusi eta beldurtu zirela: «Bederen, osatuta ikusi genuen. Ia osorik izotzean eskalatu genuen. Marraren giltzan, hots, kandela horretan sokaburu joan nintzen. 20 metroko sekzio hori oso mantso eta kontu handiz eskalatu nuen. Amildegiak ez ninduen batere lasaitzen. Tarte hori oso arriskutsua da, eta argi eta garbi nuen neure burua babesteko ezin nuela torlojurik jarri. Izotz letagina ez askatzea zen lehentasuna».

Gogoratu behar dugu Ben Nevisen izaera horretako eskaladarik ia ez dagoela, eta horregatik erabiltzen duten ohiko eskala alde batera utzi dute: «Guy-ri esan nion kontinentean jartzen den maila askoz ere aproposagoa izango zela. Eskozian eskalatzen ditugun bideekin alderatuta, ‘Fear factory’ beste kontu bat da. Ohikotasunetik kanpo dago. Uste dugu eskarmentu handiko eskalatzaileentzat dela. Zaila da, baina ez muturrekoa. Marra horren berezitasuna da oso arriskutsua dela».

“Fear factory” gainditu ondoren, Boswellek onartu du zama handia kendu duela gainetik: «Oso urduri geunden. Sentsazioei dagokienez, aipatu behar dut une estresanteak bizi izan nituela. Eta horrek ez zidan batere lasai eskalatzen utzi. Zer edo zer larria gertatuko ote zen? Mamu horrek indarra hartu zuen. Oso egoera desatsegina da, baina, amaitu ostean, euforia nagusitu zen».