2022 API. 26 GERNIKAKO BONBARDAKETAREN 85. URTEURRENA Elkarrizketa XABIER IRUJO HISTORIALARIA «Gerra-esperimentua eta izua hedatzeko bonbardaketa izan zen» 85 urte igaro dira Gernikako bonbardaketatik. Xabier Irujo historialari eta Nevadako Unibertsitateko euskal ikasketen zentroko zuzendariak hamar urtez ikertu du erasoa eta «Gernika, 26 de abril de 1937» liburuan jaso ditu xehetasunak. Peli LEKUONA DONOSTIA Gernikako bonbardaketa gerra-esperimentua ala helburu taktiko bat ahultzeko erasoa izan zen? Gernikako bonbardaketa gauza asko izan zen, baina zeozer izan ez bazen, bonbardaketa taktikoa da hori. Bi gauza izan zen nagusiki: gerra-esperimentu bat eta izua hedatzeko bonbardaketa bat. Izu bonbardaketaren helburua zen Jaurlaritzaren tropak uzkurtzea eta frontea kolpe bakarrean suntsitzea. Eraikuntza guztien %85 deuseztatu zituen bonbardaketak. Bestetik, esperimentu baten katea da. Durangon eta Eibarren pausoz pauso aurrera eraman zuten esperimentu baten urratsa da. Nork agindu zuen bonbardaketa? Bonbardaketa guztiak Francok agindu zituen. Hegazkineria alemaniarraren buru zen. Hugo Sperrle zen Kondor Legiaren komandantea eta Francorekin zuzenean bakarrik hitz egiten zuen. 1936ko uztailaren 22tik 1937ko abuztuaren 17ra bitartean, 1.600 bonbardaketa operazio katalogatu ditut. Hermann Goring-en, Luftwaffeko arduradunaren, helburua zen hegazkinak gerretarako baliagarriak zirela frogatzea. Nola lotzen da hori Francoren bonbardaketa aginduarekin? Francok gerra irabazi nahi zuen eta Goringek frogatu nahi zuen hurrengo gerra airean borrokatuko zela. Alemaniarren ikuspegitik aplikazio gunea zen. Francok Errepublikak baino hegazkin gehiago behar zituen. Horregatik, hegazkinak eta pilotuak ekarri zituen Alemania eta Italiatik. Gernika bonbardatzea da horren logika: hiru ordu eta erdiz, toki bat bonba azpian eta metrailatua izan eta gero, infanteriako tropek ia borrokatu gabe har dezakete toki hori. Hala eta guztiz ere, erresistentzia handia izan zen. Adibidez, Eibarren, frontea zazpi hilabetez edo gehiagoz egon zen eta ez zen milimetro bat mugitu. Udaberriko kanpainan matxinatuek kilometro erdi bat aurrera egin zuten eguneko. Hori oso gutxi da. Richthofenek askotan idatzi zuen, bere egunkarian, oso haserre zegoela, eta Bilbo erraustu nahi zuela. Bonbardaketa merkatu-egunean egin zuten. Ekialdeko errefuxiatu asko zeuden Gernikan, eta Jaurlaritzak bertara joateko deia egin zuen, Bilbon elikagaiak lortzea zaila zelako. Gernikara zazpi tren iritsi ziren. Labauria alkateak esaten duenez, gutxi gorabehera 12.000 pertsona. Alberto Onaindiak ere 12.000 dio. Noski, nor iristen da Gernikara apirilaren 26an janari bila gerra garaian? Denak edo gehienak zibilak. Gehienak emakumezkoak, adineko pertsonak eta haurrak ziren. Aire-erasoen emendatzearekin, Jaurlaritzari defentsa zaildu zitzaion. Agirrek Companys-i hegazkinak eskatu zizkion. Egia esan, eskaera guztiei egin zien, baina gerra hegazkinak oso garestiak ziren. Jaurlaritzak ez zuen dirurik apenas janaria ekartzeko. Gobernu errepublikanoari egunero egin zioten eskaera. Hauek ez zuten eman. Hainbat aitzakia eman zituzten. Steer-ek esan bezala, Errepublikak ez zion Agirreri hegazkinik eman, beldur zirelako. Nolabait, erabaki politikoa izan zen. Ez zuten nahi hegazkinak zituen Eusko Jaurlaritzarik. Erasoari dagokionez, aipatzen da fase ezberdinetan egin zela. George Steer-ek «heriotzaren erritmoa» deitu zion. Nolakoak izan ziren horiek? Denetatik dago, psikologia apur bat eta teknika. Fase horiek dira Wolfram Von Richthofenek apirilean Euskal Herrian esperimentatu zuen teknika. Lehenengo fasea da jendea babeslekuetara deitzea. Alarma jo zuten, ordu laurden bat eman zuten jendea babeslekuetara iristeko, eta orduan hasi zen bonbardaketa. Ur-depositua bonbardatu zuten, sua itzaltzeko urik ez izateko. Gero, 45 minutu itxaron zuten, suhiltzaile, mediku edo erizainak kalteturiko lekuetara iristeko. Hor harrapatu nahi zituzten eta ez zuten nahi inor Gernikatik irtetea. Une hartan jarri zituzten martxan kateak. 32-33 hegazkin horiek Gernikatik atera nahi zuten guztiak metrailatu zituzten, jende guztia hirigunean mantentzeko. Ondoren, iparraldetik egin zuten erasoa, sorpresaz, Ju-52 hegazkin pisutsuekin. Lehenik, bonba leherkorrak bota zituzten, etxeak goitik behera lehertzeko. Babeslekuen azpian geldituriko pertsonek ihes ez egiteko, hondakinen gainean su-bonbak jaurti zituzten, hirugarren fasean. Azken fasean, Gernika sutan zegoen. Jendeak ihes egin nahi zuen. Hortaz, beste ehun minutuz ehiza-hegazkinen kateak bueltaka aritu ziren Gernikan, jendea bertan mantentzeko. Zenbat hildako eta zauritu eragin zituen bonbardaketak? Guk ezin dugu erantzun nahi dugun kopurua, beste batzuek egiten duten bezala. Badugu Jaurlaritzak egindako txosten bat, non aipatzen duen Gernikako bonbardaketaren ondorioz 1.654 lagun baino gehiago hil zirela, baina bazekiten hildakoak askoz gehiago zirela. Ez zuten denborarik izan hondakinen azpian gelditu ziren gorpuak arakatzeko. Garai hartan hitz egin zuten 38 lekuko ditugu. Guztiek aipatzen dute gutxienez mila hildako egon zirela. Beraz, galdera horren erantzuna da 2.000tik gora izan zirela hildakoak. Zergatik? Badugu Jaurlaritzaren dokumentua, 1.654 hildakoena, alkatearena eta beste lekukoena. Andra Mariko aterpean hildakoekin, 1.600 gehi 500, bi milatik gora dira. Hau da erantzun bakarra, zientifikoki, historiografikoki eman dezakeguna. Gerora, Gernikako gezurra etorri zen. Bonbardaketa eta erasoaren egiletza gorriei, asturiarrei, gudariei egotzi zien frankismoak. Matxinatuek ez zuten bonbardaketaren ardura bere gain hartu. Oso garbi dago bazekitela zer egin zuten. Francok agindu zuen. Batzuek oraindik jarraitzen dute esaten Francok ez zekiela ezer bonbardatze horren inguruan eta beste erasoen inguruan. Ba Francok ez zuen bakarrik agindua eman, baizik eta, ordu gutxira, gezurra esatea agindu zuen. Bi gezur izan ziren: Gernika, Lekeitio bezala, ez zela bonbardatua izan eta Gernika ‘gorriek’ erre zutela. Bigarren Mundu Gerran sartu zen lehen tanketetako batek «Gernika» izena zuen; Gernika Batailoia ere bazen Parisen. Zergatik bilakatu zen sinbolo? Askotan esaten da Piccasoren “Gernika”-gatik dela. Hori ez da horrela. Gernika bonbardatu zutenean, eta Piccasok bere koadroa Parisen zintzilikatu baino lehen, milaka eta milaka artikulu argitaratu ziren mundu zabalean. “New York Times”-ek, adibidez, 63 artikulu argitaratu zituen, apirilaren 27an hasi eta uztailaren 14ra arte, gehienak orrialde nagusietan. Hortaz, Gernika bazen jada sinbolo bat, eta horrexegatik margotu zuen Piccasok. Gerraren izatea salatu nahi zuen. Gerora, Gernika ezaguna da Piccasoren lanagatik. Eta, noski, Gernika sinbolo zen aurretik ere, Iparragirreren “Gernikako Arbola” edo Wordsworth-en poemagatik eta abarrengatik. Baina garai hartan zen demokraziaren, parlamentarismoaren, euskal eskubide politikoen ikurra. Telesforo Monzonek esan zuen bezala, Gernika euskaldunen ikur izatetik nazioarteko ikurra izatera pasatu zen. ERABAKI POLITIKOA«Errepublikak ez zion Agirreri hegazkinik eman, beldur zirelako. Nolabait, erabaki politikoa izan zen. Ez zuten nahi hegazkinak zituen Eusko Jaurlaritzarik» ZIBILAK«Nor iritsi zen Gernikara apirilaren 26an janari bila gerra garaian? Denak edo gehienak zibilak. Gehienak emakumezkoak, adineko pertsonak eta haurrak ziren» GEZURRA«Francok ez zuen bakarrik bonbardatzeko agindua eman, baizik, ordu gutxira, gezurra esatea agindu zuen»