2022 API. 28 AZKEN PUNTUA Pegasus Aitziber Pz. Karkamo Kazetaria Maddik txikitatik ikasi zuen hitz bakoitzari neurria hartzen, amari erraten eta izkiriatzen zizkion hizki denak beste batzuek entzuten eta irakurtzen zituztela jakin zuenean. Bisitetan edo gutunetan bidaltzen zizkion marrazkietan, ez zion amari ezer esan gabe utzi nahi; beraz, hiztegi propio bat egiteari ekin zion. Euren artean ekin zioten mundua kontatzeko modu berri bat asmatzeari, errealitatetik ihes egiteko modu propio bat eraikiz, nolabait. Bidaia luzeak profitatzen zituen hiztegia osatzen joateko. Eduardo Galeanoren “Txori debekatuak” gogoratu eta kristalaren bestaldetik hegaztiak nola irudikatu asmatzen zuen. Horretan zebilela loak hartzen zuen, iristeko ehunka kilometro falta zirela. Orain gauzak asko dira aldatu. Maddi jada ez da horren gaztetxo eta ez ditu horrenbeste kilometro egiten, baina amak preso segitzen du eta susmoa du oraindik ere bere hitzak ez direla libre. Gauzak asko dira aldatu, baina berari kontatu izan zioten moduan, berdin dio epaile, berdin dio baimen. Maddik badaki, baina, dena entzuten jarraituko dutela, are gehiago orain, hitzek inoiz baino pisu handiagoa dutenean. Baina berari erakutsi zioten moduan, entzutea ez da nahikoa, adi egotea baizik. Eta entzuten dabiltzan horiek adi baldin badaude, sobera dakite ez diogula sekula hitz egiteari utziko, jartzen dizkiguten trabak jarrita ere.