GARA Euskal Herriko egunkaria
EDITORIALA

Oinarrizko errentaren gaiak kalean jarraituko du


Baldintzarik gabeko Oinarrizko Errentaren aldeko herri-ekimen legegilea Gasteizko Legebiltzarrera iritsi zen atzo, 22.000 norbanakoren sinaduren, 80 gizarte-erakunderen eta sindikatu nagusien babesarekin. EAJ, PSE, PP, Ciudadanos eta Voxen botoek galarazi egin zuten proposamenak Legebiltzarreko tramitea hastea. Ikuspegi politiko hutsetik, tramitazioa ez onartzea erabaki izana kolpe gogorra da herritarren parte-hartze politikorako. Gaur egun, parte-hartzerako bideak eskasak izateaz gain, nahiko konplexuak dira, eta, gainera, parlamentariei beto eskubidea ematen zaie. Beraz, tramitazioa ukatzea demokraziaren kalitatea sendotzearen aurkako erabakia da.

Proposamenaren edukiari dagokionez, analisian ez dago desadostasun handirik: kapitalismoak oparotasuna sortzen duen aldi berean, pobrezia gero eta handiagoa eragiten du. Gero eta nabarmenagoak diren desberdintasun sozial horiek murrizteko, gizarte-prestazioen sistema eratu zen. Zalantzarik gabe, aberastasuna birbanatzeko eta pertsona guztiei bizitza duina bermatzeko eragin positiboa izan du sistema horrek, baina nahiko mugatua. Hortaz, pobreziak aktualitate handiko arazo izaten jarraitzen du, eta baldintzarik gabeko oinarrizko errentak ezohiko konponbide bat planteatzen du: pertsona orok, bere aberastasuna gorabehera, gutxieneko errenta bat izatea. Errenta hori finantzatzeko zerga-erreforma bat egitea proposatzen dute. Oinarri horiek eztabaida garrantzitsuak sortzen dituzte, teorikoak zein praktikoak, baita ezkerreko indarren artean ere, baina horregatik ez da, besterik gabe, baztertu behar.

Baldintzarik gabeko Oinarrizko Errenta bezalako &bs;proposamenek eztabaida aberasgarriak sortzen dituzte. Alde batetik, egungo arazoei aurre egiteko ikuspegi berriak aztertzeko balio dutelako; bestetik, eraiki nahi den gizartearen ezaugarriak hobeto zehazteko aukera ematen dutelako. Legebiltzarretik kanpo bada ere, errenta horren eztabaidak aurrera jarraituko du.