GARA Euskal Herriko egunkaria
ALAVES

Joselu etxerako bidean, partida bakarrerako soilik?


Neguko merkatua ireki zenean, Joseluren izena lehen lerrora pasa zen. Zenbait hedabidek adierazi zuten bere hurrengo taldea Celta izan zitekeela. Baina talde bat baino gehiago dago galiziarra fitxatzearekin interesatuta: Espanyol eta Valentzia, besteak beste. Jaitsiera postuetan dagoen talde batekin 13 gol sartu eta ekainean libre geratuko den jokalari bat nork ez du ba nahi?

Celtako harrobian hazi, Real Madrilekin Bigarren B Mailan golegile nagusi izan –Carvajal, Morata eta enparauak lagun zituela– eta Bundesligara egin zuen jauzi 2012an. Ordutik, Gasteizera heldu arte, ez zuen lortu talde batean erregularra izatea. Premier Leaguen Stoke City taldearekin debuta egin zuen, baina ez zuen arrakastarik izan eta Coruñako Deportivon –Celtaren arerio nagusia– utzita jokatu zuen urtebetez.

Ingalaterran bere lekua aurkitu ezinik, Alavesera iritsi zen eta segituan egin zuen lekua. Egungo Alaves ez da ulertzen Joselu gabe, baina egoera onartu beharko du klub gasteiztarrak, hurrengo denboraldian ez baitu izango azken hiru urteetan taldeko golegile nagusia izan den jokalaria. 35 gol sartuta, Lehen Mailan elastiko urdin-zuriarekin inork inoiz egin duen gol kopuru handiena erdietsi du Joselek. Golekin lagundu ez ezik, gainera, erasoko jokaldi ia guztiak berak hasten ditu.

Hain da estimatua, Mendilibarrek kritikak jaso zituela hiru aldiz partida amaitu aurretik Joselu aldatzeagatik. Ulergaitza iruditu zitzaien zaleei golegile nagusia aldatzea markagailuan atzetik egonda. Galiziarrak 13 gol sartu ditu –horietako bat Celtaren aurka lehen itzulian (1-2)–; hau da, taldearen golen %57 egin ditu. Etxerako bidea hartu aurretik –hala izanez gero–, Alaves Lehen Mailan uzteko saiakera egingo du Joseluk –lau puntura dago salbazioa uneotan–. Lehen aukera gaur du, 18.30ean, Balaidosen, profesional gisa debuta egin zuen zelaian.