GARA Euskal Herriko egunkaria
IPAR EUSKAL HERRIKO IKASTOLEN ALDEKO FESTA
Elkarrizketa
GERMAIN ESPONDA
SENPEREKO AUZAPEZ OHIA

«Lehen urtean 200 pertsona espero ziren Herri Urratsen, 5.000 etorri ziren!»

Lehen Herri Urrats festa Senperen egiteko baimena eman zuen auzapeza da Esponda. 1984an izan zen hori eta, 1995ean herriko etxea utzi arte, Seaskako ikastolen festa lagundu zuen. Garai horretan 200 autobus biltzen ziren, ia denak Hego Euskal Herrikoak.


Bihar ospatuko da Ipar Euskal Herriko ikastolen festa Senpereko aintziran. Covid-19ak iaz festa bertan behera uztera behartu eta gero, Herri Urratsen “Itzulera” izanen da aurten. Jaiaren lehen urteetara itzuli da Germain Espondaren memorioa ere, eta herriko alkatea zenean bizitakoaren berri eman dio GARAri.

Seaskak dei nazionala zabaldu du 39. edizio honetan, euskararen aldeko festa «sostenguaren hitzordua» izan dadin. Izaera nazionala Herri Urratsen oinarrietan dela esan daiteke, lehen urtean ehunka pertsona espero zirenean Hego Euskal Herritik milaka lagun hurbildu zirelako, eta urteek aurrera egin ahala kopurua handitzen eta handitzen joan zen, nahiz eta espainiar polizia sostengua bidean oztopatzen saiatu.

Nolakoa izan zen Herri Urratsen hasiera?

Seaskako aita-amak hasi ziren esaten zerbait behar zela egin. Pierre Iturria aita gaztea etorri zen erranez behar zutela toki bat korritzeko eta dirua biltzeko ikastolen alde. Niri galdetu zidaten ea egiten ahal zen, eta nik baietz erran nien, herriko elkarte bat zela, eta ez zela problemarik. Iturria ibiltzen zen Hegoaldean, eta atera zuen ideia hori, zapataren irudia ere diseinatu zuen, eta hortik partitu zen.

Lehen ediziotik arrakasta izan zuen ikastolen aldeko festak.

Ez zuten uste lehen urteetan jendea izanen zela. Etorri zirelarik galdetzera eskatu nien ea zenbat izanen ziren, eta erran zuten 200 edo izanen zirela mementokoz, baina lehenbiziko urtean Hegoaldetik etorri zen 5.000 jende, harrituak egon ziren! Eta ondoko urtean berean baziren 10.000, gero doblatuz segitu zuen. Nik ezagutu ditut 60.000. Burasoek ikusi zuten behar zela organizatu, urtetik urtera, familia gazteak heldu zirelarik emendatzen joan zen. Orain joaten garelarik Herri Urratsen badira 1.500 langile, autoak aparkatzen laguntzeko eta dena. Hasi zirelarik 50 ziren.

Jende gehiago izanik antolaketa handiagoa beharko zen.

Bai, pentsatu genuen beharko zela prefetarekin mintzatu, zeren ez ziren denak herriko eremuak. Biltzar bat egin genuen herriko etxean, galdetu genion prefeturari eta jendarmeriari elkarrekin zerbait egiteko.

Prefetak erran zigun konfiantza egiten ziola auzapezari, 12 urtez utzi naute arduradun, beraiek ez zuten ardurarik hartu nahi. Organizazioa nire gain utzi zuten joan nintzen arte.

1990 aldean baziren 200 autobusez goiti bide bazterretan. Antolatzen genuen ahal genuen bezala, jendarmeriak lagundu gaitu, eta gauzak ondo joan dira. Erraten ziguten pagarazi beharko zirela horiek guztiak, eta nik erraten nien heldu den urtean izanen zela, eta 12 urtez inork ez dugu fitsik pagatu.

Garai horretan Hego Euskal Herriko jendea etortzen zen gehienbat, eta mugan arazoak izaten ziren urtero.

Bai, hastapenean bai, muga pasatzerakoan Hendaian hango poliziek atxikitzen zituen autobusen barnean Hegoaldetik hona etortzen ziren jendeak. Maiatzean biziki beroa egiten zuen batzuetan, hona heltzen ziren biziki kexatuak. Emeki-emeki gauzak bildu dira.

Mugan istorioak egiten zituztelarik, urte batez etorri ziren bizpahiru alkate niregana behar zutela telefonatu, koleran ziren, hiru oren pasatu zituztelako autobusean eta nik eraman nituen nire bulegora herriko etxean. Hori zen espainolen zigorra, jendea mugan izatea. Hemen ez da sekula arazorik izan.

Herriko jendea ere joaten zen?

Euskaldungoa ez zen berdin, alde batean baziren frantsesak eta bestaldean euskaldunak. Lehenbiziko urteetan herriko jende gutxi etortzen zen, eta gero abiatu zen, eta orain helduko jendea eta ingurukoa bada gehiago Hegoaldekoak baino, normal da.

Tentsio politiko handia bazen garai horretan, hori Herri Urratsen antolaketan ere sentitzen zen?

Lehen ez zen orain bezala, nik izan ditut telefonoz gauza gaiztoak, bestaldeko poliziak ziren eta erraten zidaten kasu emateko bonbak emanen zituztela, eta hau eta bestea eginen zituztela. Memento batetik goiti esan nuen, telefonoa niretzat baldin bazen ez hartzeko, orduan atzematen nituen, hala ere, etxean horrelakoak eta bestelakoak. Hori zenbait urtez izan zen.

Urte batez oroitzen naiz erran ziguten hilak izanen zirela eta nik erran nien organizaziokoei eta kasu emateko, gauaz egiteko itzuli batzuk, oihana baita gainean, eta egin zituzten itzuliak, ez zen fitsik.

Zein zen Herri Urratsen egoten zen presentzia politikoa?

Horretan ere ez zen gauza bera, garaian Zugarramurdiko alkateak zikiroa erretzen zuen tokian berean, oren batak eta erdietarako han egoten ginen 30 bat bazkaltzeko.

Orain beste harremanetan heldu direnak badira, prefeturakoak, diputatuak... goizean etortzen dira biltzarretara. Aldiz lehen ez zenituen ikusiko horiek guztiak han.

Zein hautetsi etortzen ziren lehen urte horietan?

Zugarramurdiko eta Urdazubiko alkateak etortzen ziren, ur zikinak eta zakarrontziak biltzeko erakundean gurekin zirenez, beti ginen harremanetan. Inguruko auzapezak ere etortzen ziren, Sara, Azkaine, Ezpeleta, Donibane Lohizuneko kontseilukoak... Ez ziren heldu lehenbiziko bizpahiru urteetan, baina gero bai.

Seaskak urtetik urtera garatzen jarraitzen du, eta urrats berri bat eginen du bosgarren kolegio bat eraikiko baitu, eta horren bitartez lotura berri bat izanen du Senpererekin eta aintzirarekin, han eginen baita eraikin berria. Gainera, aurtengo edizioan bilduko den dirua eraikin hori finantzatzeko baliatuko da.

Saihetsean eginen da, begi kliska polita da. Baina pentsatzen zena baino urtebeteko atzerapenarekin izanen da. Herriko lurretan da, baina ez zen etxeak egiteko tokia, eta orain ari dira Tokiko Hirigintza Plana aldatzen hor eman ahal izateko, eta horretarako badira desmartxa administratiboak. Kontseiluak behar du onartu, behar zaie galdetu ondoko herriei eta Euskal Elkargoari ere ados diren; uste dut urte hondarrerako akordio guztiak izanen direla.

Seaskako burasoekin batera, beste ikastoletakoak ere izanen ziren laguntzen, ezta?

Hastean baziren bestaldeko ikastoletako jendea laguntzera etortzen zena. Zona bakoitza probintziaka emana da, eta hor lanean ari zirenak tokiko gurasoak ziren.

Senperen hasi zen, eta geroztik beti bertan egiten da.

Bai, izan zen memento bat non pentsatu zen egiten ahal zela Zuberoan edo Nafarroa Beherean, baina konplikatua zen, ez ziren baitezpada ere tokiak egiteko, eta eginahalak egin ditut Senperen egon zedin. Erabaki zuten gelditzea, eta orain inork ez du aipatzen tokia aldatzea.

Senpererendako Herri Urrats ona izan dela esan daiteke?

Bai, erran behar da Senpereri Herri Urratsek ekarri diola ona Hegoaldean ezagutarazteko.

Zu ere Seaskako guraso izandakoa zara.

Bai, gure hiru mutikoak izan dira Senpereko ikastolako lehenbiziko belaunaldikoak. Horregatik ere, ni kontent nintzen Herri Urrats etor zedin.

Izena nondik heldu da?

Pentsatua zen herriak ematen duela urratsa euskararen alde, eta horregatik irudia zapata bat izan zen. Hasieran ideia zen kilometro guztiz paga bat ematea, baina hori konplikatua da.

Herri Urratsera joaten zara oraindik?

Bai, bai, orain pixka bat eri naiz, adina aldetik, badu lau urte minbizi ttipi bat badudala, baina joaten naiz oren batzuk, ez egun guztia.

Herri Urrats bezala, Senpere ere anitz aldatu da zu auzapeza zinenetik orain arte. Laborantza Ganbaran lan egiten zenuen, eta ikusi duzu ere nola aldatu den nekazaritza.

1977an sartu eta 1995ean atera nintzen, auzapez nintzelarik 3.000 jende baziren eta orain 7.000 badira. Nik beti izan ditut harremanak laborariekin, orain badira 40 bat laborari, lehenago 200ez goiti ziren, denak lur ttipiak ziren. Baziren anitz lan egiten zutenak itsasoarekin ere.

Begiratu nuen Senpereko 1817ko errolda bat, eta orduan agertzen da etxeen izena, eta nor zen bizi bertan, nor zen nagusi zaharra, nagusi gaztea, langileak baziren, eta zenbat haur ziren. 200etik goiti etxe ziren. Gero baziren bakarrik bizi zirenak, gutti ziren: apeza, bikarioa, postako langilea...

Jendeak herritarren artean ezkontzen ziren, orduan duela 30 urte atzematen zenituen orduko izenak, eta etxeen izenak ere. Orain aldiz, ez da berdin.

Senpere bezala, inguruko herriak ere aldatu egin dira.

Zentroa beti izan da Baiona, Angelu eta Biarritz, baina Angelu ttipia zen, oroitzen naiz 9.000 jenderekin, eta orain badira 50.000ez goiti. Garaian denak ziren laborariak, Angeluko lurrak onak ziren, baina orain hango lurretan etxeak egin dira, Baionan eta Biarritzen ez baitzen toki anitzik; Angelu anitz handitu dira.

Horren inguruan ziren herriei deitzen zitzaien lehen eraztuna, hor ziren Arrangoitze, Basusarri... baina orain ingurua handitzen da, eta lehen eraztuna dira Senpere, Mugerre, Uztaritze, Ezpeleta ere... Donibane Lohizunetik ere heldu da jendea Senperera, eta handitu dena anitz Urruña da, 4.000 jende ziren ni auzapez nintzelarik, eta orain badira 10.000tik goiti.

Nola zen euskararen egoera?

Hemen euskaldunak ziren denak, laborariak, eta dendetan, orain ez da horrela. Emaztea eta ni garaztarrak gara, eta lehenbiziko lengoaia dugu euskara, eta eskolan ikasi dugu frantsesa, eta behar zen ikasi, ez zen aizu euskaraz mintzatzea.