GARA Euskal Herriko egunkaria
Elkarrizketa
ZIGOR EGIA
EMF-KO PRESIDENTEA

«Nafarrek eta guk geuk argi dugu federazio bakarra sortu behar dugula»

Urtebete bete da Zigor Egia amurrioarra Euskal Mendizale Federazioko zuzendaritzara heldu zenetik. Bere taldea izan zen hautagaitza aurkeztu zuen bakarra. Ibilbide labur honetan hainbat ekimen azpimarragarri jarri ditu dagoeneko indarrean. GARAri eskainitako elkarrizketan, helburu nagusien berri emateaz gain, federazioaren norabidea zein izan behar den azaldu digu.


Duela urtebete, EMFren zuzendaritza berritzeko egin zen deialdira soilik zuen hautagaitza aurkeztu zen. Zein asmo zenuten? Edo zehazki esanda, zeintzuk ziren zuen programaren zutabe nagusiak?

Gure helbururik inportanteena hiru lurraldeetako federazioek, hau da, Arabakoak, Bizkaikoak eta Gipuzkoak, EMFrekin batera lan egitea zen. Federazioek lotura izan behar genuen, bat egin behar genuen eguneroko lanean. Elkarlanean jardun eta gure artean arrakalak ez egotea zen gure helburua. Gaur egun hori lortu dugu: laurak bat gara. Gogoratu behar dugu, gure hautagaitzak Arabako, Bizkaiako eta Gipuzkoako federazioen babesa zeukala, eta hori guretzat oso garrantzitsua zen.

Nafarroa zen beste zutabe nagusi bat. Nafarroako Mendi Federaziorekin hurbiltasuna lortu behar genuen. 1924an elkarrekin jaio ginen eta gure asmoa berriro elkartuta egotea da; ez dugu beste era batera ulertzen. 1924ko urteurrena ospatuko dugu, elkarrekin noski, eta horretarako lanean ari gara. Urte honetan, adibidez, EMFren gala Altsasun ospatuko dugu .

Bestalde, batzorde berriak sortu nahi genituen eta sortu ditugu. Mendi lasterketek, segurtasunak, berdintasunak, alpinismoak… den-denek dituzte batzordeak. Egitura sendo bat nahi genuen federazioarentzat, gardena eta ondo kudeatua. Eta lortu dugu. 179 lagun aritzen gara lanean: batzordeetan, hautatzaileak, kirolariak, langileak, zuzendaritzan…

Ildo nagusi batzuk aipatu dituzu. Bada, egiten ari zareten ibilbide labur honetan ikusi dugu, aurreko zuzendaritzarekin alderatuta, beste irizpide batzuk erabiltzen ari zaretela. Zergatik hori?

Ez dut aurreko zuzendaritzaren lana kritikatuko, baina kudeaketa eta gardentasuna izango dira gure federazioaren ereduak. Gardena, irekia eta bizia izan behar da federazioa.

Mendi elkarteek jakin behar dute erakunde honen atzean nortzuk dauden, eta uste dugu informazio hori lehen ez zitzaiela heltzen. Egin dugun azken Batzar Orokorrean agiri bat aurkeztu diegu mendi elkarteei eta horri esker ikusi ahal izan dute federazioaren egitura nolakoa den. Geure egoitzen, langileen, kolaboratzaileen… berri eman diegu. Federazioak sinatzen dituen hitzarmenak ezagutzen dituzte, baita batzordeetako kideak nortzuk diren ere, kirolarien izenak… Horretarako sartu ginen zuzendaritza batzordean, gauzak aldatzeko. Kontuan hartu behar da zuzendaritza batzordeko kideok lan hau musu truk egiten dugula. Gure lana edo ordaintzen diguten lana beste nonbait dago, eta hau maitasunez egiten dugu.

Bestalde, mendi lasterketen arloan aldaketa nagusiak Euskal Selekzioan izan dira. Eta batez ere kudeaketan. Ez geunden bat gestio horrekin eta gure ikuspegia, ezaguna dena, adierazi genien. Ez ginen akordio batera heldu eta beste ibilbide bat hasi genuen.

Azken gai hori aipatu duzunez, harritu nau mendiko korrikalarien talde horren inguruan piztu zen eztabaidak. Hedabideetan, bederen, oihartzun ikaragarria izan zuen. Esan daiteke, protagonista horiek ez dituztela ulertu zuek hartutako irizpide aldaketak?

Egia da oihartzun handia izan zuela auziak. Kirolaren munduan ez da oso normala federazio bateko kirolari guztiek beren selekzioari uko egitea hautatzaileek jarraituko ez dutelako. Ez dugu horretan asko sakondu nahi, eta ez dugu nahi beti desadostasun horiei buruz hitz egin nahi. Egon ziren. Eta agian akatsak egin genituen erabakiren batean eta formetan. Gu heldu baino lehen egiten ziren gauza batzuk ere ez zitzaizkigun gustatu.

Adierazi dudan bezala, ez dugu gai honekin jarraitu nahi. Baina esan nahi dugu ere, EMFko lasterkari federatu onenak ez egoteak ez diola kalterik egiten batzordeari, ezta zuzendaritzari ere. Selekzioari egiten dio kalte, denona baita. Baina selekzioa aurrera doa, lasterkari handiekin. Harrigarria da ere horietako batzuk aurreko selekzioan ez izatea. Bide batez, gehitu behar dut korrikalari gazteen harrobi handia dugula. Etorkizuna bermatuta dago. Galizian jokatutako Espainiako Txapelketan lortutako emaitzak horren isla dira. Eta erronka handiak ditugu aurretik.

Aipatu bezala, urtebete daramazu lemazain EMFren zuzendaritzan. Zein balorazioa egiten duzu orain arte eginiko lanaren inguruan? Zeintzuk izan dira ekimen azpimarragarrienak?

Balorazioa ona da. Eta hori baieztatzeko, aurreratu behar dut EMFren batzarrak urte honetako kudeaketa babestu duela. Egin ditugun hiru batzarretan, adibidez, gure gestioaren aurka ez da boto bakar bat ere izan. Uste dugu hori dela egin genezakeen balorazio onena; hots, mendi elkarteen babesa edukitzearena. Hori esan eta gero, gehitu nahi dut federazioaren dimentsioak harritu gaituela. Beste erronka bat datorren urterako federatuen txartela digitalizatzea da. Egungoa ez da desagertuko, baina plastikoa ezabatzen badugu ingurumenari lagunduko diogu.

Alpinismoko teknifikazio taldea ere martxan jarri dugu Juan Vallejoren eskutik eta, ondo bidean, gure asmoa da espedizio edo irteera berezi bat egin dezaten 2024an. Mendiko segurtasunari lotutako “Seiburu” kanpaina izan da beste mugarri bat. Horrekin batera, federazioa optimizatzeko erabaki administratiboak hartu ditugu, babesle berriak bilatu eta beste batzuen kontratuak berritu ditugu eta gure kopak eta txapelketak antolatu ditugu. Eta noski, Eusko Jaurlaritzaren eskutik euskal selekzioarekin aldeko urratsak egiten jarraitzea da.

Nolakoa izan behar du XXI. mendeko mendizale federazio batek? Eta hori diot gizartean zein mendizaletasunean aldaketa nabarmenak eman direlako.

Federazio modernoa izan behar da, betiere sustraiak eta nortasuna galdu gabe. Hots, garaiarekin bat datorren federazioa izan behar da. Prozesu horretan murgilduta gaude uneotan. Sortu ginenean lehiak ez zuen lekurik. Beste eite batzuetan oinarrituta zegoen: kidetasuna, naturarekiko errespetua… Egun, lehia gure artean dago, eta, hortaz, egokitu beharra dugu. Futbola edo atletismoa bezalako beste federazio batzuk gu baino askoz aurreratuago daude. Lehiarekin sortu ziren; gu, aldiz, ez. Haiekin ez dugu zerikusirik. Mendizale soilak ditugu, baita mundu zabalean lehiatzen diren bost selekzioetako kirolariak ere. Gai horren inguruan luze eztabaida genezake. Eta ziur naiz gure federatuen artean iritzi ezberdinak daudela.

EMFren zutabe nagusia mendi elkarteak dira, baina azken urteotan ikusten da deitzen diren batzarretara gero eta gutxiago azaltzen direla. Nola konpondu daiteke krisi hori?

Ez dut uste krisi bat dagoenik. Betidanik partaide berdinak izan dira batzarretan. Gizartea bera aldatzen ari da eta hori gure batzarretan eta mendi elkarteetan ere nabari da. Kristoren arazoak daude elkarteetako zuzendaritza batzordeetako jendea berritzeko, jendeak musu truk lan egiteko.

Egin dituzuen urratsen artean bat deigarria izan da. Iazko Eskaladako Txapelketa nafar federazioak eta zuek elkarrekin antolatu zenuten, sailkapen bateraturik egon ez bazen ere. Alabaina, balorazioa positiboa da?

Bai, jakina! Harreman ona dugu Nafarroako Federazioarekin. Eta harreman on hori mendizale guztiak batuko dituzten ekitaldiak antolatzeko aprobetxatu nahi dugu; Hego Euskal Herrian, behintzat.

Zenbait federaziotan hainbat lurraldek partekatzen dituzte lehiaketak. Aztertu nahi dugun bidea da, zalantzarik gabe. Hori bai, lehiaketa bakoitzaren arauak errespetatu behar ditugu. Baina uste dugu borondatearekin eta irudimenarekin aurrera egiten jarrai dezakegula eta gero eta gauza komun gehiago egin ditzakegula.

Arestian aipamen bat egin duzu, eta berriro gogoratu behar dugu bi urte barru ehun urte betetzen direla Federacion Vasco Navarra de Alpinismo elkartea sortu zenetik. Asmo berezirik al duzue ospakizun horren inguruan?

Bi federaziook etorkizunean federazio bakarra izatea nahi dugu. Eredu bat bilatzea zaila da, baina horretarako ikertzen eta elkarrekin lan egiten ari gara. 1924an elkarrekin sortu ginen, eta elkarrekin egon behar dugu; hori da gure nahia. Zuzendaritza talde honen helburua da, baina zaila da aurrez aurre aurkitzen ditugun oztopo administratiboak gainditzea.

Helburu horretarako, bi federaziook batzorde iraunkor bat antolatu dugu. Horrez gain, urteurren berezi horren ospakizunetarako beste batzorde bat eratu dugu; hain zuzen ere, Elgetan bertan laster bilduko dena. Gainera, EMMOArekin lana egiten ari gara 2024an euskal alpinismoaren museoa edo erakusketa zabaldu ahal izateko.

Ipar Euskal Herriko federazioen errealitatea oso ezberdina da. Hurbilketarako biderik ikusten al duzue?

Saiatzen ari gara, duela gutxi proiektu berri bat aurkeztu dugu eta lanean ari gara.