2022 MAI. 17 Miren Jone Azurza, euskal emakume kazetarien aitzindaria 93 urte betetzear, Miren Jone Azurza kazetaria zendu zen atzo Donostian. Lehen kazetari tituludun emakumezko euskalduna eta hedabide bat («Zeruko Argia») zuzentzen lehen emakumezkoa izan zen. «Kazetari sena ez da inoiz itzaltzen», aitortu zion GARAri 2020an. GARA DONOSTIA «Oso bizitza polita izan dut, eta horrek ez du esan nahi ez dudanik sufritu, baina oso zoriontsu bizi izan naiz. Heriotzari beldurra galdu diot. Asko aldatu naiz barrutik, eta hori erregalu bat da», aitortu zion 2020an GARAri eskainitako elkarrizketa sakon batean Miren Jone Azurzak, euskal kazetaritzaren aitzindariak. 91 urte bete berriak zituen orduan, oroitzapenak argi, eta zain zegoen: «Jaunak noiz deituko zain». Donostiako Antigua auzoan jaio zen 1929an Miren Jone Azurza. Bost anaia-arreben artean bigarrena zen, bera zen alaba bakarra, eta kazetaritzaren ogibidean ere horrela ibili zen, gizonezkoen artean. Abertzalea izateagatik, aitak errepresioa pairatu eta erbestea ezagutu zuen. Horrek hankaz gora ipini zituen familiaren bizimodua eta ekonomia. Hala ere, senide guztiek izan zuten ikasteko aukera. Joxe Joakin anaia zaharrenak sortu zuen, esaterako, Venezuelara ihes egin zuenean, Euzkadi Irratia. Lehen urratsak Hemeretzi urterekin Gasteizera joan zen Miren Jone, Misiolari Sekularrekin, bokazio erlijiosoak bultzatuta, eta hainbat tokitan ibili zen misiolari lanetan. Madrilen zegoela, kazetaritza ikasteko aukera izan zuen eta, zenbait hedabidetan jardun ondoren, 1965ean itzuli zen Donostiara eta “Zeruko Argian” hasi zen lanean. Lehen kazetari tituludun emakumezko euskalduna zen eta hedabide bat zuzentzen lehen emakumezkoa ere bai. 1969tik 1975era izan zen aldizkariaren zuzendaria. 70eko hamarkadan euskal kazetaritzak ezagutu zituen aldaketarik handienen ardatz eta zutoin nagusietako bat izan zela diote garai hura bizi izan zutenek. Euskarazko kazetaritza egitea militantzia zen garai hartan, eta bera, han, tinko. «Ni aitzindaria izan banaiz, nahi gabe izan naiz, ez nintzen kontziente», aipatu zion Miren Jone Azurzak GARAri. «Nik uste dut jaio nintzela kazetari», gehitu zuen Ahotsak.eus-ek 2020an egin zion beste elkarrizketa batean (sarean dago zintzilikatuta, entzungai). Emakume honek garrantzia kentu zion beti zabaldu zuen bideari: «Bizitzak ematen dituen okasioak dira. Nik hutsuneak ere asko izan ditut. Baina orain ari naiz konturatzen, idazketaren kontuan, lan asko egin dudala». Hastapeneko garai latza izan zen hura. Izan ere, «‘Zeruko Argian’ dena egiteko zegoen. Lanean bi fraile ari ziren eta ez zen gauza serioa. Nire etxean, esaterako, ez genuen hartzen. Baina bihurtu zen 12-14 orrialdeko aldizkari, hutsetik hasita. Hor asko disfrutatu nuen, eta sufritu ere bai, eta ikasi eta irakatsi ere bai», zioen. Frankismoaren mende isunak jarri zizkieten. Zergatik? ‘Batzokia’ eta ‘naziotasuna’ hitzak erabiltzeagatik. «Harpidedunek dirua ematen zuten isunak ordaintzeko: batzuek 200 pezeta; beste batzuek 25.000». Zuzendaria eta Setien «Aldizkarian oso gustura ibili nintzen, baina ez nintzen ni bakarrik, lantalde bat zegoen. Jendeari interesatzen zitzaizkion elementu eta edukiak jorratu genituen. Horretarako jendea behar zen, eta laguntzaileak bilatu genituen herrietan, beren herrien inguruan idazteko. Batere sosik jaso gabe egiten zuten», zioen. Gizonezkoz inguratuta egon arren, ez zuen sekula matxismorik nabaritu... modu nabarmen batean, noski. Hor, ezkutuan, zerbait bazegoelako, kritikak eta “inbidiak”: «Gehiegi agintzen nuela ere esan zidaten, baina... zuzendari izanda ez nuen aginduko bada? Bestela ez dira egiten gauzak, ezta lanak aurrera ateratzen ere! Gizon bat izan balitz zuzendaria, uste dut ez zela hori gertatuko». Aldizkaria «ezkerrera eraman» nahi zutela ikusi zuenean, “Zeruko Argia” utzi zuen. “Deia” egunkarian hamabi urtez izan zen gero erredaktore. 1990 eta 1996 artean, azkenik, Jose Maria Setien Donostiako gotzainaren prentsa arduraduna izan zen.«Oso garai zaila izan zen; zer gauzak esaten zizkioten Madrildik. ‘¡Hay que contestar enseguida!’, esaten zidan, eta edozein zela ordua idazten nituen oharrak. Fuertea izan zen bai etapa hura». PERIODÍSTICA«Los periodistas ayudan a la gente, informan, crean pensamiento. El periodismo tiene una función social, la gente lo necesita», dijo a GARA en 2020.