GARA Euskal Herriko egunkaria

Generoen auzia


Pasa den astean Australia mendebaldeko longboardzaleak biltzen dituen txapelketa burutu zen Mandurah hegoaldean. Txapelketa apala izan zen, baina aurtengoan urrats esanguratsu bat egin zen; izan ere, lehen aldiz emakume transgenero batek irabazi zuen lehiaketa. Aldeko eta kontrako jarrerak izan dira, baina zalantzarik gabe urrats historikoa izan da eta berandu baino lehen eman beharreko eztabaida mahai gainean jarri da.

Sasha Janek bi txapel irabazi zituen, Open Women eta Open Women's Logger kategorietan. «Surfean lehiatzen den lehen emakume transgeneroa izatea ez da bide erraza izan emozionalki, baina jaso dudan laguntza primerakoa izan da, eta asko eskertzen dut Australiako longboard komunitatean onartua, ongi etorria eta besarkatuta izatea», nabarmendu zuen Sashak.

Egun 43 urte dituen surflari australiarrak duela hiru urte ere txapela eskuratu zuen txapelketa berean, baina orduko hartan mutilen mailan izan zen, oraindik Ryan Egan izen-deiturak zituela. Tartean ez du bide erraza izan: «Trantsizio mediko bat hasi nuen 2021aren hasieran. Ordura arte surf munduan zebilen jendearengandik ezkutatzen nintzen, sei hilabetez surfean aritzeari utzi nion. Sei hilabete eman nituen uretatik kanpo».

Longboard txapelketa apal bat izan arren, Bethany Hamiltoni ez zion grazia handirik egin gertaerak. Marrazo batek ezker besoa erausteagatik Jainkoari eskerrak ematen dizkion surflari hawaiiarrak Instagramen egindako iruzkinak honela zioen: «Utzi jendeari pentsatzen eta nahi dutena izaten, baina gutxienez dibisio bereizi bat egin transgeneroentzako».

Lia Thomasek (atleta transgeneroa) AEBetako igeriketa txapelketa bat irabazi ondoren, CWAk (Amerikaz arduratutako emakumeak) eskubide zibilen kexa formal bat aurkeztu zuen Pennsylvaniako Unibertsitatearen aurka, honako hau adieraziz: «[Thomasek] gaitasun fisiko batzuk ditu anatomikoki eta biologikoki desberdinak direnak atleta femeninoen aldean, eta horrek abantaila bidegabea zabaltzen du eta ikasleei eta atletei legeak ematen dizkien aukerak kentzen dizkie».

Oso bestelakoa da Surfing Australiak duela gutxi argitaratu zuen idatzia: «Pertsona ez-binarioak ongi etorriak dira eta surfeko gaitasunetan parte hartzera animatuak. Surfing Australiak dei egiten die Australiako surf erakundeei, ahal denean, ekitaldi mistoetarako edo genero neutraleko ekitaldietarako aukerak eskain ditzaten. Lehiaketa ikuspegitik ekitaldi mistorik edo genero neutraleko lehiaketarik egin ezin denean, ostera, pertsona ez-binarioek jaiotzean esleitutako sexuaren arabera parte hartu ahal izango dute, edo bestela, beren generoa gehien baieztatzen duen gizon- edo emakume-generoaren kategoriaren arabera».

Aitortu behar dut afera honek kontraesanak sortzen dizkidala, egia baita anatomikoki aukerak ez direla berberak surf egiteko generoaren arabera. Edonola ere, auzia surf mundura ere iritsi da eta orain gutako bakoitzari dagokigu hausnartu eta gure kontraesanak kudeatzea. Artean, Euskal Herriko Bodyboard Txapelketa izan da asteburuan Bakion, eta neskak zein mutilak elkarrekin lehiatu dira open kategorian.