GARA Euskal Herriko egunkaria
KOLABORAZIOA

Lurra bakarra omen


Nazio Batuen Erakundeak, lehenbizikoz, Ingurugiroan zentratutako Konferentzia Stockholm-en 1972ko ekainaren 5ean ospatu zuen. Erakundeak handik gutxira erabaki zuen egun hori, ekainaren 5a alegia, Ingurugiroaren Nazioarteko Eguna izendatzea eta handik aurrera urtero ospatu izan da.

Egunaren aitzakiaz baliatzen dira, nahiz erakunde nahiz eragile edo enpresak, ingurugiroaz hitz egiteko, sentsibilizatzeko, ekintza politikoak aldarrikatzeko eta gizartearen arreta bereganatzeko. Batzuek, zintzotasunez egingo dute, beste batzuek euren kontzientziak zuritu eta kontraesanak estaltzeko eta, azkenik, izan ere badira, moda sozial hutsagatik ospatzen dutenak.

2022ko ekainaren 5ean, Stockholm-en ere, 50 urte beranduago, Nazio Batuen Erakundeak beste konferentzia bat egingo du, “Lur bakar bat” lelopean. Ospakizunaren arrimuan, bizitza jasangarria eramateko beharra azpimarratu nahi dute ospakizunaren sustatzaileek, argi utziz, horretarako ezinbestean bultzatu beharreko oinarrizko aldaketaz gain, gure egunerokoan bizitza jasangarriagoa egikaritzen duten jarrera eta ekintza txikiak direla, tamainaz haratago, gure esku daudenak. Gutako bakoitzaren esku daudenak.

Aurtengo leloarekin, “Lur bakar bat”, hausnarrean hasi ahala bururatu zait, baserri mundutik sumatzen dugun paradoxa; lurra bakarra izanik, gizarte bakarra izanik, bi trataera zeharo ezberdin jasotzen baititugu.

Hiriak gero eta gehiago zabaltzen ari diren unean, azpiegitura gero eta erraldoiagoak sustatzen ari direnean, gero eta nekazaritza-lur gehiago artifizializatzen ari denean, orduan eta estuago hartzen gaituzte landa ingurunean bizi garenak. Hau da, orain dela hamarkada gutxi arte lur hiritarrezina zena behin hiritartu ostean, nahiz eta erdi utziak egon, lur gehiago okupatzen ari dira, egungo eta etorkizuneko nekazaritza eta elikadura arrisku bizian jarriz. Landa ingurunean, aldiz, gure Euskal Herriko bailaretako goiko partean, beheko bekatuen barkamena irabazi asmoz edo, gero eta araudi estuagoa dugu, eta ez naiz ari etxebizitzak edo aireportuak egiteko aukeraz, nekazaritza, abeltzaintza eta basogintzaz baizik.

Lur bakarra omen garela dio Nazio Batuen Erakundeak. Guk ikusten eta bizitzen duguna, ordea, guztiz kontrakoa da. Ingurugiroa eta jasangarritasuna neurtzeko erregelaren tamaina oso ezberdina baita, erraz ulertzeko moduan esanda, goiko edo beheko gauzak neurtzeko garaian.

Baserritarrok, sarri askotan esan ohi dugun bezala, lurraldearen ia %90 kudeatzen dugu gure jarduerarekin, eta uste dugu inor gutxik aitortuko duela euskal lurraldea, landa ingurunekoa behintzat, gaizki kudeatuta dagoenik. Beraz, lur eta gizarte bakarra garen heinean, egin ditzagun gauzak eta sustatu ditzagun arauak, logikaz eta zentzuz, goikoak museoko pieza batzuk bezala tratatu gabe eta beheko barrabaskeriak eta gehiegikeriak goikoei ordainarazi gabe.