GARA Euskal Herriko egunkaria

Adam Laxalt, Nevadako primarioetako faborito

Errepublikanoek euskal jatorriko trumpzale amorratua daukate hautagai nagusi, Nevadan egun demokratek duten Kongresuko eserlekua berenganatzeko. Atzo egindako hauteskunde primarioetan faborito zen Adam Laxalt. Familiaren euskal izenak duen ospe ona baliatu du azken urteotan. Aurten izan liteke politikagintzan jauzi handia egiteko urtea.

Adam Laxalt Nevadako hautagai errepublikanoa. (David BECKER | AFP)

Azaroan agintaldi erdiko hauteskundeak dituzte AEBn, Kongresuko aulki guztiak eta Senatuko herenak berritzeko. Ehunka hautetsi horietako gehienetan ez da aldaketa handirik espero, baina bost estatutan lehia bizia dago senataria alde batera edo bestera lerratzeko. Horietako bat da Nevada: egun demokratek duten aulkia bereganatu nahi dute errepublikanoek, eta horretarako daukaten hautagai nagusia euskal jatorriko trumpzale amorratu bat da. Lehen tramitea, atzo egindako hauteskunde primarioak irabaztea da Adam Laxaltentzat, eta bera da faboritoa.

Winnemuca Nevada iparraldeko herrian euskal jaia izan dute asteburuan; udan aurrera joan ahala estatu horretako Elkon, Renon zein Gardnervillen egingo dituzten ospakizunetan lehenengoa izan da.

Tradizio horri jarraiki antolatu zuen Adam Laxaltek Nevadako fiskal nagusi zela Basque Fry topaketa errepublikanoa lehen aldiz 2015ean, «euskal ondareari eta Nevada iparraldera etorritakoen artzaintza-tradizioari omen egiteko»; urteroko hitzordu bihurtu da, besteak beste eztabaidagunea, jaialdia eta hauteskundeetarako hautagaitzak bultzatzeko AEBko eskuinaren baitan. Ted Cruz eta Ben Carson dira urteotan Laxaltekin batera parte hartu duten buruzagi errepublikanoetako batzuk.

Egiaz, Basque Fry ez da Adam Laxalten ideia, haren aitonak abiarazitako tradizio bat baino. Paul Laxalt Nevadako gobernadore eta AEBko senataria Ronald Reagan presidentearen lagun estuenetakoa izan zen; basque lamb fry afariak Nevadan eta Washingtonen bertan antolatu izan zituen, 70eko hamarkadako errepublikanoen topaketa garrantzitsu bihurtzeraino.

Haren bilobak aitonaren izena eta familiaren euskal izenak (Robert Laxalt, Paulen anaia, euskal diasporako idazlerik garrantzitsuenetakoa izan zen) Nevadan daukan ospe ona baliatu du azken urteotan. Aurten izan liteke Estatu Batuetako politikagintzan jauzi handia egiteko urtea. Iaz, abuztuko Basque Fry amaitu eta berehala baieztatu zuen Laxaltek Senaturako hautagai aurkeztuko zela. Segituan bildu zuen alderdiko buru gehienen babesa, Donald Trumpengandik hasita. Joan den ostiralean, haren seme Donald Trump Jr. egon zen Laxaltekin batera primarioetako kanpaina egiten. Oso hitz gogorrak ditu Catherine Cortez Masto egungo senatari demokrataren aurka: «Auzi guztietan oker dago, Bidenekin batera dago beti, migrazioan, gasolinaren-prezioan, kriminalitatean. Demokratek badakite galtzeko arrisku handiena daukaten aulkia dela; George Sorosek ere bi milioi dolar eman dizkio nire aurka egiteko. Badakite Senatuaren kontrola Nevadan jokatuko dela azaroan».

INKESTAK ALDE

Inkesta guztietan Laxalt ageri da garaile, 10-15 puntuko aldearekin Sam Brown gerra beteranoarekiko. Brownek alderdi errepublikanoko hautagaitza aurkeztu zuenean aldea zertxobait moztea lortu zuen. Ezustea ere gertatu zen maiatzean; Laxaltek Trump, Cruz eta enparauen babesa izan arren, Nevadako alderdi errepublikanoaren konbentzioak Brownen alde egin zuen. Hala eta guztiz ere, Brownek ez du lortu Laxaltek inkestetan ageri zuen aldea murrizterik.

AEBko mendebaldeko euskal komunitatea udaberri eta udako topaketa eta ospakizunak prestatzen ari da, Bakersfielden gaztetxoen Udaleku hasiko da etzi, esaterako. Historikoki errepublikanoa izandako diaspora asko aldatu da azken urteotan, eta belaunaldi berriak nabarmen aurrerakoiagoak dira, Boise, San Frantzisko eta Reno hirietan, adibidez. Edozelan ere, komunitatearen baitan ordezkari politiko garrantzitsuak egon arren, bai errepublikanoen bai demokraten artean, oro har AEBko diasporaren ezaugarrietako bat da auzi politikoak (are gehiago, euskal politikagintzari dagokionez) bazterrean uztea beren jaialdi eta topaketetan.

Zatiketa diasporan

Adam Laxalten kasuan, baina, haren hautagaitzak ekarri du zatiketarik. Ermuan jaiotako Aitor Narvaiza Elkoko sheriffak erabateko babesa eman dio Laxalti. Duela bi urte GARAri emandako elkarrizketan zioenez, argi erakutsi zuen Donald Trumpen aldeko jarrera: «Pertsonalki Trump herri amerikarraren aldeko borrokalaria dela uste dut, ez interes taldeen aldekoa». Narvaiza bera ere kargua berresteko hautagaia da aurten, Elkoko sheriffa ere bozkatzeko urtea baita aurten.

Baina Laxalti ez zaio aurkaririk falta: «Laxalt familiako kide gisa, gure familiaren izena babestu behar dugula uste dugu, Adam Laxaltek aprobetxatu eta esplotatu ez dezan», salatu zuten Laxalt familiako hamabi lagunek gutun publiko batean 2018ko bozetan, Adam Laxalt gobernadore errepublikano izateko hautagai zela. Renon jaio arren, bizitza osoa Washingtonen eman zuela leporatzen zioten, eta karrera politikoa egiteko asmoz itzuli zela Nevadara berriki.

«Ironikoa da Nevadara etortzea bere anbizio politiko itzelak asetzeko, eta beste batzuek gure estatura etortzeko duten eskubidearen aurka egitea». Nevada etorkinek eraikitako estatua zela gogorarazten zuten, «tartean gure arbasoek, eta berak immigranteen aurka egin du». Orduko hartan, demokratak nagusitu ziren azkenean.