GARA Euskal Herriko egunkaria

Azterketak euskaraz egiteko aldarria babestu dute ikastolek

Polizia frantsesaren oldarraldiaren ondotik, itxialdian segitzen zuten bart Seaskako irakasle eta gurasoek Baionako Akademia Ikuskaritzan, ikasleek baxoa eta brebeta euskaraz egiteko aukera izan dezaten. Ikastolen Elkarteko kideak bertan izan ziren elkartasuna erakusten.

Ikastolen Elkartearen argazkia, baxoa eta brebeta euskaraz egitearen alde. (IKASTOLEN ELKARTEA)

Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako ikastolek azterketak euskaraz egiteko eskubidearen alde borrokan jarraitzen dute. Asteazkenean, Seaskako guraso eta irakasleek Akademia Ikuskaritzaren Baionako eraikina okupatu zuten eta Polizia frantsesak bortizki eraso zien.

Horregatik, Ikastolen Elkarteak elkarretaratzea egin zuen atzo eguerdian, erasoen aurkako jarrera erakutsi eta ikasle, guraso eta irakasleei babesa erakusteko asmoarekin.

Ikastolen Elkarteko lehendakari Koldo Tellitu eta Nekane Artola lehendakariordea ere Baionan izan ziren, protestekin bat egiteko. Izan ere, aurten ere ikasleek ezin izanen dute baxoa euskaraz egin. Asteazkenean hasi zituzten azterketak, eta frantsesez erantzutera behartuak izan ziren bertze behin. «Urteak dira gure ikasleek proba hau eta brebeta euskaraz pasatzeko eskubidea aldarrikatzen ari garela, eta urrats batzuk aitzina egin arren, berehala etorri zaizkigu Frantziako Gobernuaren erantzun bortitzak, legeen bidez ez bada debekuen bidez, eta hori nahikoa ez bada, polizia indarren bidez», adierazi zuten.

Behar diren gau guztiak.

Poliziaren indarkeria jasan ondotik, itxialdia hasi zuten euskaltzaleek Ikuskaritzan eta bertan gaua pasatu zutenen artean zegoen Elorri Faltxa irakaslea. Atzo NAIZ Irratiko mikrofonoetan azaldu zuenez, han segitzeko asmoa zuten: «Bi gau, hiru, lau... behar direnak igaroko ditugu erantzun bat jasotzen dugun arte».

Pap Ndiaye Hezkuntza ministro frantsesarekin biltzeko eskaria ere egin zuten.

Ubeldu eta zauri arinak izan zituzten protestagileetako batzuek, «ezer larririk ez», Faltxak erran zuenez, baina gogor salatu zuen poliziaren jarrera: «Ez gara saiatu ere egin ulertzen zergatik egin zuten hori. Argiki esan genien hasieratik gure intentzio bakarra barrura sartzea zela; eurak barruan ziren langileak ateratzera etorri ziren, eta guk ez genien oztoporik jarri. Baina argi da kalapita gogoa bazela».

Gertaerak gertaera, aldarrikapenarekin «indartsu» sentitzen direla agertu zuen.