GARA Euskal Herriko egunkaria
ARRAUNA

KAE 1 eta ETE ligak, arrauneko distiraren itzalean lanean

Gaur hasiko dira San Pedron zilarrezko bi kategoriak. Maila galdu berri duten Zarautz eta Hondarribia baino hautagai gehiago daude elitera joateko.

Hibaikako ontzia Kontxako badian. (Gorka RUBIO | FOKU)

Eusko Label Ligak eta Euskotren Ligak fokurik distiratsuenak bereganatzen dituzte arraunean, bai behintzat Kontxako Banderaren oihartzunak iritsi bitartean. Alabaina, arraunaren kategoria gorena martxan jartzeko bi aste falta direlarik, KAE 1 eta ETE Liga hastear daude. Gaur, 11.30ean, Pasai San Pedron, ETE Ligak joko ditu denboraldiko aurreneko paladak, I. Hernaniko Banderarekin, eta 12.15ean, Kepa Deun Arrantzaleen Kofradia XXII. Ikurrina jokatuko da.

Tiranek eta Zarauzko “Ebatak” galdu zuten iaz Eusko Label Ligako lekua eta jaitsi berria izatera, Zarautz har liteke faborito nagusitzat, baina egia da aurreneko estropada jokatu artean nekez aurreratu litekeela ezer. «Ondorioak ateratzeko garaiak geroago etorriko dira. Denboraldi aurreko estropadetan talde guztiek aldaketa ezberdinak egiten dituzte, proba bat baino gehiago...», onartu du zarauztarren entrenatzaile Asier Puertasek.

«Denetik izan dugu denboraldi aurrean. Mutrikun oso ondo aritu ginen; Lekeition, hor nonbait; Gipuzkoako Txapelketan, berriz, ez ginen gustura geratu. Baina hauek guztiak denboraldi aurreko estropadak dira, gauzak findu nahian aritzen gara guztiok ere, ahalik eta ondoen hasteko», berretsi du Puertasek.

ETAPA BERRI BATEN BEZPERAN.

ETE Ligan aritzea aurten elitera urratsa egiteko puntuan egotea da. Datorren urteaz geroztik, Euskotren Ligak zortzi ontzi izango ditu, horietatik bi Galiziako Ligakoak.

ETE Ligan ere, KAE1 Ligan gertatzen den antzera, garai batean Euskotren Ligan distira egin duten taldeak ikus ditzakegu, Zumaia esaterako, nahiz eta maila honetan estreinako paladak Hondarribiak emango dituen aurten, iaz maila galdu ostean. Alabaina, Gipuzkoako Txapelketan ikusitakoari so eginez gero, badirudi Hondarribiari kosta behar zaiola ETE Ligan nondik datozen eta zein diren erakustea.

Bestalde, ez da ahaztu behar Ondarroaz. Batez ere, itsaso bizia baldin badago, zeresanik izango duela dirudi, Bizkaiko Txapelketan erakutsi zuen legez.