2022 EKA. 23 Inoiz baino emakume gehiagorekin itzuli da Bertsolari Txapelketa Nagusia Irailaren 24tik abenduaren 18ra bitartean izango da aurten Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia. 18. edizio honetan inoiz baino emakume gehiago arituko dira lehian: hamabost. Guztira, 42 bertsolarik 14 emanalditan abestu beharko dute, Iruñeko Nafarroa Arenan jokatuko den finaleko txapela eskuratu nahi baldin badute. Sarrerak gaur goizeko bederatzietan jarri dituzte salgai Bertsozale Elkartearen web orrialdean. Bertsozale Elkarteko antolatzaileak, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketaren aurkezpenean, Bilbon. (Marisol RAMIREZ FOKU) Iraide IBARRONDO BILBO Hainbat berrikuntzarekin aurkeztu zuen atzo Bertsozale Elkarteak Euskal Herriko Bertsolari Txapelketaren 18. edizioa. Bilboko Euskaltzaindiaren egoitzan eskainitako prentsaurrekoan azaldu zutenez, aurten inoiz baino emakume gehiagok hartuko dute parte txapelketan, hamabostek. Lehia irailaren 24an hasiko da Getxon eta finala abenduaren 18an jokatuko da, BECetik Nafarroa Arenara lekualdatuta. Txapelketa 14 emanalditan banatuko da. Lau urteko zikloaren arabera, iaz zuen hitzordua Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiak. Alabaina, pandemiak eragindako testuingurua zela kausa, urtebete atzeratzea ebatzi zuten antolatzaileek. «Oso kinka larrian». Gontzal Agotek, Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko lehendakaritza taldeko kideak gogorarazi zuen bertso plaza «ia-ia geldirik» eta sortzaileak «oso kinka larrian» egon direla azken bi urteetan. Irakurketa positibo bat egite aldera, Agotek goretsi zuen bertsolaritzak aurrera egitea lortu duela, besteak beste, «elkartasunari esker, mugimenduak duen auto-antolakuntza gaitasunari esker eta bertso munduak duen irudimen eta dinamismoari esker». Ildo horretatik, Bertsolari Txapelketa Nagusia antolatu ahal izateko, bertso plazaren osasun ona zeinen garrantzitsua den azpimarratu zuen Agotek: «Poliki-poliki bertso plaza bere onera itzultzen ari da eta hori ezinbesteko baldintza da honelako ekimen bat egin ahal izateko. Bertso plaza eta txapelketa elkarren osagarriak dira eta ezin da bata bestea gabe ulertu». Lehenengo fasean, irailaren 24tik urriaren 9ra bitartean jokatuko denean, 36 bertsolari ibiliko dira kantuan, guztiak herrialdeetako txapelketetatik sailkatuak: bi Arabatik, hamar Bizkaitik, hamasei Gipuzkoatik, bost Nafarroatik eta hiru Iparraldeko Xilabatik. Finalaurrekoan, bi itzuli. Finalaurrekoan, ostera, 24 bertsolari igoko dira oholtzara: izena eman duten 2017ko finalistak (Unai Agirre, Amets Arzallus, Sustrai Colina eta Beñat Gaztelumendi, azkena Gipuzkoako bertsolari txapelduna) eta lehenengo fasetik sailkatuko diren 19 bertsolariak. Finalaurreko faseak bi itzuli izango ditu: lau finalaurreko izango dira lehenengoan eta beste hiru bigarren itzulian. Bi saioetako puntuazioak batu egingo dira, eta lehendabiziko itzulian puntu gutxien eskuratu dituzten sei bertsolariak txapelketatik at geldituko dira. Finalean, egungo txapeldunak, Maialen Lujanbiok, eta finalaurrekoetatik sailkatutako zazpiek abestuko dute. Sarrerak. Sarrerak gaur goizeko 9.00etan jarri dituzte salgai bertsozale elkartearen web atarian. Elkarteko kideek finalerako sarrera erreserbatuta izango dute ekainaren 30era arte. Sarreren prezioak 6 eta 42 euro artekoak izango dira, emanaldiaren arabera. ECOSISTEMAIdoia Trenor, coordinadora de la Asociaci��n, aclar�� que para la realizaci��n de las actuaciones se ha analizado el ��ecosistema del bertsolarismo�� local.