2022 UZT. 06 Elkarrizketa Billy KAY Idazle eskoziarra «Independentziaren alde daude gazteak» Idazlea, besteak beste, «The Scottish World» lanaren egilea. Eskoziako Parlamentuko Cross Party Group taldeko kide aktiboa ere bada Billy Kay eta ibilbide luzea egin du eskoziera hizkuntza ofizial gisa aitortzeko borrokan. (Gorka RUBIO FOKU) M. T. DONOSTIA Billy Kay idazleak Eskoziaren nazio nortasunaren erradiografia ekarri zuen Donostiako Miramar jauregira. Nortasun hori eraikitzeko orduan intelektualismoak edo alfabetatzeak izandako garrantzia nabarmendu zuen Kayk, baita Eskoziako Alderdi Nazionalaren edo Legebiltzar Autonomoaren sorrerak ere. «Subiranotasun nazionala definitu zuen lehenengoetako nazioa izan ginen», oroitu zuen eskoziarrak. Galdeketarako prestatzen ari dira orain. Baikor agertu zen Kay 2023ko urriaren 19an Eskozian egingo den independentziako erreferendumari begira. «2014ko erreferenduma galdu genuenean, argi esan genuen: bagoaz berriro», gogoratu zuen. Eta nabarmendu urriaren 19ra belaunaldi gazteen «babes handiarekin» iritsiko direla: «Eskozia garaikideko independentziaren desira indartsuagoa da, eta are garrantzitsuagoa dena, gazteen babesa du». Independentziari buruzko galdeketari data jartzea lortu izanak, baina, ez du esan nahi bidea erraza izan denik, ezta izango denik ere. Autoritate britainiarrek zein komunikabideek independentzia zaletasun eskoziarrarekin une oro erakutsi duten «areriotasuna» aipatu zuen Kayk. Zehatzago, esan zuen 2014ko erreferendumaren testuinguruan «ia komunikabide guztiek» hartu zutela «independentziaren kontrako» jarrera argia. «Ez nuen oroitzen BBCren maila horretako propaganda Irakeko gerraren garaitik», salatu zuen. Hizkuntzaren arerioak. Bost milioi biztanle ditu Eskoziak. Guztiek hitz egiten dute ingelesa, milioi eta erdik eskoziera eta 700.000 lagunek gaelikoa. Hala ere, sektore batzuen partetik horrelakoak entzun behar izaten dituzte, idazle eskoziarraren esanetan: «Askok diotenez, nire hizkuntza, mila urteko literatura-historiarekin, Eskoziako Alderdi Nazionalak asmatu zuen 2010ean!». «Hori da dagoen maila», gaineratu zuen. Areago, eskozieraren bakartasuna aitortzen duen edozein baieztapen deuseztatzen du aipatu sektoreak, idazlearen esanetan. 2023ko urriaren emaitzekin hori guztia gainditu dezaketela sinesten du Kayk. «[Nicola] Sturgeoni esan nion bera izango zela independentziara eramango gintuena eta horretaz konbentzituta nago», azpimarratu zuen.