GARA Euskal Herriko egunkaria
PILOTA

Garai eta Gamindek beren palmaresera batu dute San Fermin Torneoko txapela


Leire Garai eta Enara Gaminde, beren maila onenetik gertu arituz, aise nagusitu ziren atzo San Fermin Torneoko finalean. Amaia Aldai eta Ane Mendiburu izan zituzten arerio Labriten jokaturiko final handian eta 22-6ko markagailuarekin bukatu zen partida.

Iruñeko erdiguneko pilotalekuan harmailak bete egin ziren Binakako San Fermin Torneoko finalean, Emakume Master Cup-ek antolatua. Final handietan zaila izaten da sarri bakoitzaren onena ateratzea, baina, atzokoan, Garai eta Gaminde beren maila onenetik oso gertu aritu ziren. Aldiz, ez zen berdina gertatu Aldairekin eta Mendibururekin eta, ondorioz, partida oso parekatua aurreikusten bazen ere, azkenerako soilik berdinketa bat izan zuen: banakoa, alegia.

Markagailua gorriek estreinatu zuten, baina irudikeria hutsa izan zen, segidan urdinek 15 tanto egin baitzituzten. Gamindek zulo handiak ireki zituen koadro luzeetan eta eguna duenean ia geldiezina dela berretsi zuen. 15 urterekin zirkuituko atzelaririk indartsuenetakoa da bizkaitarra eta aurrean atzo bezain inspiratuta aritu zen Garai lagun badu, sekulako ikuskizuna emateko gai dira.

Hainbesteko erauntsiaren aurrean, Amaia Aldaik eta Ane Mendiburuk ezin izan zuten ezertxo ere egin, eta, gainera, ezintasunak jota, Dimako aurrelaria partidatik atera zen erabat.

Emozio gehiago izan zuen hirugarren eta laugarren postua erabakitzeko partidak. Maddalen Etxegarai eta Uxue Osesek irabazi zuten norgehiagoka, Miren Larrarte eta Itxaso Erasuni 18-14 irabazita.

ALTUNA ETA REZUSTA

Binakako San Fermin Torneoa finalerdietan murgilduta dago eta, atzo, Altuna III.ak eta Rezustak lehen garaipena erdietsi zuten bukaerara arte etsi ez zuten Urrutikoetxearen eta Imazen aurka. Markagailua 10-20 urdinen alde zela, Zaratamokoaren erauntsia iritsi eta partida asko gogortu zen (20-21), Labriteko zaleen gozamenerako. Bikote gipuzkoarrarentzat izan zen azken tantoa eta, ondorioz, txapelketatik at geratu dira Urrutikoetxea eta Imaz.