GARA Euskal Herriko egunkaria
GAURKOA

Asimilazioa besterik eskaintzen ez duen Estatua


Europar Batasuneko Estatu batean -espainiar Estatuan, hain zuzen- bizi gara eta ondorioz, teorikoki behintzat, estatu demokratikoez egindako gizarteko herritarrok gure proiektu politiko demokratiko guztiak, independentziarena barne, aurrera eramateko oztopo berezirik ez genuke aurkitu beharko. Gutxienez sinismen hori dabil lasai asko gure artean, edo hobeto esanda, sinismen hori saiatu dira eta saiatzen dira Estatuko stablishment-eko indarrak guri sinetsarazten.

Baina errealitatea sineskeria horretatik oso urruti dabil, azken hilabeteetan - berriro - ikusteko aukera izan dugun lez. Norabide horretan, atentzioa eman digun kasua Pegasus espioitzarena izan da. Kasu horrek coram populo ipini digu Estatu honen esentzia antidemokratikoa eta frankista, ez bakarrik exekutiboak estolderia beltzena indar demokratikoen (euskal eta Kataluniako politikariak, mugimendu independentistetan aritzen zen jendea; Katalunian, batez ere) aurka erabili duelako, lehen ere egindako estatu terrorismoari, indar politiko legezko eta demokratikoen (HB kasu) aurkako entzuketa legez kanpokoei, mota askotako astakeriei, jarraipen sinplea emanez. Baina hori ez da larriena, ez. Larriena da hori guztia (edo zati bat, behintzat) estaldura legalarekin, juridikoarekin, egina izan dela. Hau da, epaile batek edo epaile patriotiko batzuek entzuketa horiei ondo iritzi dietela, beraien iritziz Estatuak lanabesa horiek erabiltzeko eskubidea duelako. Jokabide hori pentsaezina litzateke benetan demokratikoa den Estatu batean, non epaile horiek Justizia administraziotik kanporatuak izango liratekeen (agian kartzelatuak ere bai), baina gure Estatuan, esentzia frankistak hain ondo gordeta dituen Estatu honetan, ez dago hori gertatzeko inongo arriskurik. Ikusi besterik ez dago Pegasus-en inguruko polemikan zer gutxi sakondu den benetan larria den puntu horretan: epaileek jar diezaiokete herritarrek aukeratutako politikarien - eta beste herritarren - aktibitate politikoari muga. Eta gainera, aurrekoa gutxi balitz bezala, muga hori ezkutua da, interesatuek ezezaguna.

Azken hilabeteetan ere ikusi dugun gertakari horrek, Atristrainen kasuak hain zuzen, edozein kontzientzia demokratiko asaldatzen du, zalantza izpirik gabe. Lehen ere “sententzien eta arrazoi juridikoen fabrikazioa”-ren kontzeptua ezaguna egiten zitzaigun (batez ere eskuinaren eta ultraeskuinaren diskurtsoetan), baina Atristrainen kasuan ikusi dugunak astakeria juridikoen maila guztiak gainditu ditu. Atzo jaio ez ginenok, bere erabaki antidemokratikoak aurrera eramateko Estatu honen gaitasuna eta barnean sakonki dituen pultsio frankistak edozein zanga eta oztopo legalen gainetik eramateko duen ahalmena eta beharra ezagututa ere, txunditurik gelditu gara Atristrainen kasuan ikusi duguna ikusirik. Jokabide sinestezin horiek ikusita, badirudi Estatu honetako judikaturan (goi mailetan, bereziki) Estatuaren defentsan, bere batasun sakrosantuaren defentsan batez ere, batzuek azken lubakiaren postuetara jotzen dutela eta hori egitean beren “aberriaren defentsan egindako rolaz” harro daudela. Logikoa eta ona denez, Atristrainen defentsa juridikoa ez da eskuak gurutzatuta geratuko eta etorkizunak esango digu zein izango den Estrasburgoko epaileen eta haien sententziak betetzeaz arduratzen direnen erantzuna. Edozein kasutan, asko gara Euskal Herrian Europatik etortzen diren gauza askok (agian denek ez) Estatu hau beti hobetzen dutela sinesten dugunok. Estatu hau bere dinamika propioan utzita, espazio-ontzi baten moduan, berehala faltan botako lukeen antolamendu frankistan, edo are okerrago, Erdi Aroko ereduan eroriko litzateke, horiek direlako bere sakontasunean gehienbat indarra duten pultsioak. Pertzepzio hori bereziki indartsua bada alor judizialean, ez da bakarrik alor horretara mugatzen. Plano ekonomikoan ere nabarmena da. Estatu honen historia ekonomikoa beteta dago inflazio altuko, deskontrol finantzarioko, zor publiko altuko, dibisaren debaluazioko eta antzeko kaoseko tarteekin. Zentzu horretan EB etorri da Estatu honi arau minimo eta beharrezko batzuk inposatzera.

Alor berean ikusi dugun gertakari ikaragarri batek, Miguel Angel Blancoren hilketa dela eta, ETAren zuzendaritza batzordean izandako batzuen kontra hasitako prozedura judizialak, berriro txunditurik utzi gaitu. Pertsona horien parte-hartzearen zuzeneko frogarik ez omen dago (lekukotza zuzenak, idatzitako dokumentuak, etab.), baina nahikoa omen dira Ertzaintzaren eta GCren txosten batzuk (“erabaki larri horiek “derrigorrez” exijitzen dute zuzendaritza batzordearen parte-hartzea”) prozedura judizial larri bat asteko. Larria dela diogu, pertsona horien kontra ekar ditzakeen ondorioak oso larriak izan daitezkeelako. Testuinguru honetan batzuek geure buruari galdetzen diogu zergatik ez dauden antzeko txostenak GAL eta Gerra Zikinen inguruan (“erabaki larri horrek - GALen sorrera - derrigorrez exijitzen zuen Felipe Gonzálezen parte-hartze zuzena”). Txunditurik utzi gaituela diogu, baina aspalditik dakigu jakin Estatu honetan Espainiaren batasun sakrosantuaren alde edo kontra jotzeak ez dituela ondorio berak ekartzen. Duela gutxi Mikel Zabalzaren heriotzaren inguruko xehetasun berri batzuk ezagutuko ziren, baina norbaitek ezagutu al du horien ondoriozko prozedura judizialik ? Kontraste moduan ez litzaiguke asko kostako imajinatzea etorriko liratekeen ekintza judizialak M.A. Blancoren hilketa ezker abertzaleko politikariren batekin lotzen zuten zurrumurruak ezagutuko balira.

Azaldu ditugun gertakari horien guztien atzean honako hau dago eta oso modu nabarmenean, gainera: Estatu honek eta bere stablishment-ak dituzten estrategia sakonak. Hain zuzen ere, gatazka politiko nabarmenetan, eta batez ere, Estatu honetako batasun politikoa auzitan jartzen duten gatazketan, Estatuak eta bere indarrek beti batasun horren alde joko dute eta ez dute inoiz fiat justitia et pereat mundus predikua jarraituko, azken finean bere helburu nagusia Estatu honen barruan bizi diren herrien eta nazioen asimilazioa delako.