2022 UZT. 22 EUSKAL PRESOEN EGOERA Esnal eta Paroten askatasun galderei buruzko epaiak, irailaren 22an 32 urte preso daramatzaten Jakes Esnal eta Ion Kepa Parot lapurtarrek preso jarraituko dute oraingoz, beraien askatasun eskaerak aztertzeko atzo iragan ziren audientzien epaiak ez baitira irailaren 22ra arte ezagutuko. Fiskaltzak beste behin ere agerturiko jarrera oztopatzailea salatu eta biharko deituriko lurralde blokeoan parte hartzeko deia berretsi zuten bakegileek. Jakes Esnal eta Ion Kepa eta Unai Paroten askatasuna aldarrikatzeko ekainaren 11n Baionan eginiko martxa. (Bob EDME) Maite UBIRIA BAIONA Kartzelan jarraituko dute, behingoz iraila bitartean, Jakes Esnal eta Ion Kepa Parot presoek, atzo beraien askatasun eskaerak aztertzeko egin ziren audientzietatik erabaki irmorik ez zelako atera. Ohi bezala, terrorismoaren aurkako Fiskaltza bi lapurtarrei baldintzapeko askatasuna ematearen kontra azaldu zen. Gauzak horrela, 32 urte espetxean daramatzaten bi presoek irailaren 22ra arte itxaron beharko dute beraien egoerari buruz frantses Justiziak hartuko duen deliberoa zein den ezagutzeko. Parisko Dei Auzitegiari egokitu zitzaion Esnalek aurkezturiko bigarren askatasun eskaera berriz aztertzea. Bi orenez luzatu zen auzi saioaren ostean, askatasun eskaerari erantzun beharrean, uda ostean hitzordu berria ezarri zion epaileak lohizundarrari. Ildo beretik, Zigorrak Ezartzeko Auzitegiak Ion Kepa Parotek aurkezturiko seigarren eskaera aztergai izan zuen. Kasu horretan ere audientziak ez zuen aldaketarik ekarri presoaren egoerari dagokionez. Ondorioz, egun berean, irailaren 22an, jakinen dute 1990eko apirilaz geroztik gatibu dituzten presoek beraien eskaeren inguruko erabakia. Bake Bideak eta bakegileek, beste behin ere, hiru hamarkada luze espetxean daramatzaten Esnal eta Parot preso atxikitzeko Terrorismoaren Aurkako Fiskaltzak harturiko jarrera oztopatzailea salatu zuten. Gaineratu zutenez, egoera horretan, inoiz baino garrantzitsuagoa da bihar antolaturiko lurralde blokeoan parte hartzea, herritarrei desobedientzia ekintza horrekin bat egiteko gonbidapena berriro ere luzatuz. CPMS batzordearen iritzi aldaketa deigarria nabarmendu zuen Esnalen dozierra aztertzeko auzi saioaren harira Maritxu Paulus Basurco abokatuak. Duela bi urte, presoen balorazioaz arduratzen den batzordeak, lohizundarra kartzelan atxikitzeak ez zuela ezer konpontzen adierazi ondoren, presoari baldintzapeko askatasuna ematearen aldeko txostena idatzi zuen. Bi urte geroago, presoak CNE izeneko bertze batzordearen aurrera pasatu behar duen edo ez epaitegiak eginiko kontsultari erantzunez, presoa aske uztearen kontra azaldu da. Fiskalak bere egin zuen batzordeak igorritako idatzian agertzen den «bertsio sinesgaitza», Paulus Basurkok GARAri azaldu zionez. Hain zuzen, 71 adineko presoa kartzelan atxikitzeko argudio bezala «ETAk ez duela bere armategi osoa eman» defendatu du oraingoan CPMS batzordeak. Lehendakari eta kide berak dituen batzordeak duela bi urte eta orain iritzi guztiz kontrajarriak eman izanak harridura sortzen du. Bestalde, fiskalak galdera luzatu zion epaileari Kasazio Gorteak presoaren defentsaren posizioa babestuz harturiko ebazpenaren aurka jotzeko. Kasasio Gorteak arrazoia eman zion Esnalen defentsari joan zen martxoan plazaratu zuen ebazpenaren bidez. CNE batzordearen aurrean pasatzea derrigorrezko tramitetzat jotzen zuen fiskalaren argudio nagusia alboratu zuen goi epaitegiak. Fiskalaren jokabidetik haratago, Esnalen abokatuak azaldu zuenez, auzi saioa «giro egokian» igaro zen. «Epaileak denbora hartu du dozierra berraztertzeko, eta irailean helduko den erabakiaren zain gelditu gara», laburbildu zuen abokatuak. Finean, frantses Justiziak, Esnalen zein Paroten kasuan, kartzelaldi luzea bukatzeko «baliatu beharreko aukera» eskura duela nabarmendu zuen abokatuak. El mercado de Baiona se adelanta a hoy El Ayuntamiento de Baiona anunció ayer tarde, por medio de un comunicado, que el mercado que se realiza cada sábado en la capital labortana se celebrará finalmente la víspera. La institución municipal explicaba su decisión en razón de la operación de bloqueo convocada por Bake Bidea y Artesanos de la Paz. La Alcaldía explica que ha optado por tomar esa decisión ante las «dificultades para acceder al centro de la ciudad» que se derivaría de la movilización convocada por dichos organismos. De manera extraordinaria el mercado se celebrará hoy entre las 08.00 y las 13.00 horas. Por su parte, el alcalde de Bidarte, Emmanuel Alzuri, publicó una carta en la web municipal en la que se recomienda a los vecinos que no hagan uso del vehículo mañana. M.U. ARMATEGIADuela urte bi Jakes Esnal presoa aske uztearen alde txostena idatzi zuen balorazio batzordeak berak oraingoan kontrako iritzia eman du bere idatzian «ETAk ez zuela bere armategi osoa eman» argudiatuz. AUKERA ZABALIKPreso lapurtarren kartzelaldi luzea amaitzeko aurrez aurre duen aukera baliatu dezala eskatu zion Maritxu Paulus Basurco abokatuak frantses Justiziari «giro lasaian eta aparteko tentsiorik gabe» igaro zen auzi saioaren ostean.PREFETA, ADISuhiltzaileen zerbitzuari buruz hitz egiteko prentsaurreko batean Pirinio Atlantikoetako prefeta Eric Spitzek lehen aldiz U23rako deialdia aipatu zuen atzo arratsaldean. Ohartarazi zuenez, blokeo ekintzetan parte hartuko duten herritarrek zigor erantzukizunei aurre egin beharko diete.