GARA Euskal Herriko egunkaria
GOBERNU KRISIA ITALIAN

Draghi, uda gau bateko amesgaiztoa

Mario Draghiren Kabineteak amaitutzat eman du esperimentua. SuperMario, mundu osoan babes handienetakoa lortu zuen lehen ministroa, etxera joan da. Hala, hauteskundeak irailaren 25ean egingo dira Italian, baina une honetan Legebiltzarra hankaz gora dago erabat. Aste ero baten kronika da hau.

(Andreas SOLARO | AFP)

Finito», Mario Draghiren Kabinetea. Duela pare bat aste inork ezin zezakeen sumatu, baina zabaldutako krisiak emaitza harrigarria utzi du, azkenik: SuperMario, mundu osoan babes handienetakoa zuen lehen ministroa, etxera joan da.

Nor izan da erruduna? Lega Nord, akaso? Bost Izar Mugimendua, beharbada? Berlusconiren Forza Italia ote? Edo Mario Draghiren beraren nolabaiteko inkontzientzia? Nork eman dio tiroa bere buruari?

Aste zoroa bizi izan da Italian. Zoroa eta sinestezina. Horren ostean geratu dena ezegonkortasuna da, eta horrekin batera okerrena etor daitekeeneko sentsazioa.

Lehenik eta behin, ondorio nabarmenena: Mario Draghi kokoteraino zegoen: hainbeste bilera, hainbeste eztabaida, hainbeste neke, zertarako? Errepublikako presidente izan nahi zuen eta ez zioten utzi. Arazoak kudeatzeko gogorik ez, eta mahai gainean pilatu zaizkio: covid-a, Ukrainako gerra, suteak, inflazioa... Gehiegi, bankari ohiarentzat. Aipatu genuen bezala, Aste Santuan korapilo ugari askatu behar izan zituen Mario Draghik, baina zailtasunak zailtasun, hortik aurrera lehen ministroak arnas apur bat hartuko zuela zirudien.

Haizea indarrez ari zen jotzen bere alde, nahiz kanpoko albisteak oso positiboak ez izan: Italia Ukrainaren alde zegoen, NATOrekin lerratuta, baina ikusi dugu Putin momentuz ez dela galtzaile atera. Okerragoa izan da barneko egoera, Gobernua poliki-poliki ahultzen joan baita.

Nor bere kabuz

Bost Izar Mugimenduak zatiketa odoltsua jasan du, Luigi di Maio Atzerri ministroa atera denean, “Insieme per il futuro” taldetxoa sortu ondoren. Gainera, M5S mugimenduak oso emaitza txarrak izan zituen tokiko hauteskundeetan, milaka eta milaka boto galduta.

Mugimenduaren barruan bakoitza bere kabuz mugitzen hasi da, atomo eroen antzera. Eta anabasa horretan Giuseppe Conte Bost Izarren liderrak -eta Mario Draghiren aurretik lehen ministro izandakoak- mahaia hankaz gora jartzea erabaki du. Alderdia sutan zegoela ikusita, suhiltzaile gisa jarri nahi izan du bere burua. Ahalegin horretan publikoki Gobernuaren kontra jo du, nahiz eta teknikoki M5S Gobernuaren barruan egon. Kontraesan horretan gero eta ordezkari gehiagok utzi du Mugimendua, Di Maioarekin elkartzeko.

Inkestek iragartzen zuten Bost Izarrak, argiaren abiaduraz, hondoratzen hasiak zirela. Baina hauteskunde orokorrak oso urrun zeuden oraindik, maiatzean-edo. Eta hori baino lehenago Mario Draghiren esperimentua bukatu beharra zegoen.

Giuseppe Conte Bost Izarren liderra casus belli baten bila zebilen. Ez dakigu zertarako, agian tipo nahiko kapritxosoa delako; hori baino ez. Aitzakia ia kasualitatez topatu du: Parlamentuak lege bat zehaztu behar zuen, eta artikulu batek zioen Erromako hondakinetarako erraustegi bat eraikiko zela.

Alarma gorria

Erroma gehi hondakinak. Bi argudio horiek Coca-Cola eta Mentos gominolak bezalakoak dira: nahastuz gero, kontuz emaitzarekin. Bost Izarren Mugimenduak, iraganean ikusi dugunez, nolabait arima ekologista du, baina Erroman bost urteko Gobernuak erabateko hondamendia eragin zuen, Virginia Raggi alkate zela.

Giuseppe Contek aukera bat ikusi zuen hondakinen artean: «Alderdiak lege hori irentsiko balu, beste milaka boto galduko genituzke», ondorioztatu omen zuen. Horrenbestez, M5S-k ez zuen Gobernuaren proposamena babestu. Hainbat hilabeteren ondoren berriz kantxan agertu zen Conteren aholkulari nagusia, Rocco Casalino, Italiako lehen “Gran Hermano” programako parte-hartzaile izandakoa, tipo harroputz eta erabakitzailea.

Mario Draghik, egoera berria bistan zuela, hau adierazi zuen: «Jaun-andreok, Gobernua oraindik osorik dagoen ala ez kontrolatu behar dugu». Esaldia zentzugabekoa zen neurri batean, Kabineteak Bost Izarren Mugimenduko kiderik gabe ere aurrera jarraitu ahal zuelako. Izan ere, Legebiltzarreko ia talde guztiek babesa eman diote lehen ministroari eta Gobernutik kanpo alderdi bakarra egon da: Fratelli d‘Italia ultraeskuindarra.

Ulertezina dirudien arren, Draghik bat-batean indarrak neurtu nahi izan zituen, arriskuak kontuan hartu gabe. Erabaki inozoa ala bera ere, Conte bezala, agintari kapritxosoa? Dimisioa eman zuen bankari ohiak, baina Sergio Mattarella Errepublikako presidenteak ez zuen onartu eta Legebiltzarrera bidali zuen lehen ministroa, benetan gehiengoa alde zuen ala ez egiaztatzeko. Hori, joan den ostegunean.

Sarajevoko atentatua

Egun berean Italia gelditu egin zen: Eugenio Scalfari kazetari erraldoia hil zelako. 98 urte zituen, ‘La Repubblica’ egunkari ezkertiarraren sortzailea, oso jakintsua eta prestigioduna. Azken hilabeteotan apur bat desagertuta ibili zen, baina lehenago behin baino gehiagotan “Barbapapàk” (hori zen bere ezizena, bizarragatik) aipatu zuen Mario Draghi lehen ministro edo Errepublikako presidentea izango zela.

Aita Santuarekin ere harreman estuak mantentzen hasi zen Scalfari, askoren arabera ezkerraren benetako liderra zena. Egia esan, egunkariaren sortzaileen filosofia nahiko aurrerakoia zen, eliteentzat pentsatua. Gaur ere ‘La Repubblica’ hedabiderik garrantzitsuenetakoa da Italian, oso ezkertiarra ez izan arren, Alderdi Demokratikoaren antzera.

Bide batez, PDko idazkariak, Enrico Lettak, Draghiren alde egin zuen. «Bere dimisioa ez dadila 1914ko Sarajevoko atentatua izan», opa izan zuen. Hitz gogorrak, zalantzarik gabe; Lehen Mundu Gerrarekin alderatzeak kinka larriaren neurria eman nahi zuen.

Mugimenduak kateatu egin dira aste osoan, bata bestearen atzetik. Milaka alkatek idatzi bat sinatu zuten, Draghi babestuz, legebiltzarkide batzuekin batera. AEBek eta Vaticanok argi eskatu zioten lehen ministroari dimisioa alde batera utz zezala. Une berean, Errusian barrez ari ziren, poza ezkutatu gabe: «Boris Johnsonen ondoren, Ukrainaren aldeko beste agintari bat erorita, nor izango da hurrengoa?», aipatu dute Moskutik.

Egiazko albisteak eta fake-news-ak nahasten ari ziren eta benetakoa zein zen bereiztea ez zen erraza. Adibide modura, sare sozialetan asko zabaldu da etxerik gabeko pertsona batek esandakoa: «Mario Draghi geldituko ahal da! Guretzat asko egin du eta». Txantxatzat har zitekeen, 2021. urtean pobreziak Italian nabarmen gora egin duelako. Baina, gainera, gezurrezkoa zen “albistea”.

«Italiarrek eskatu didate» Redde rationem prest zegoen. Draghi, dimisioa eman ondoren, Aljeriara joan zen, itxuraz gasa berreskuratzera. Baina, oro har, oso jende gutxik uste zuen benetan Gobernua eroriko zela. Enrico Letta bera oso baikorra zen, baina iraganean Alderdi Demokratikoko idazkariak aurreikuspen okerrak egin ditu.

Gehiengoa ote zuen Mario Draghiren Kabineteak? Hasieran bai, Bost Izarrak gabe. Nola kolapsatu da, beraz? Aldagai asko jokoan sartu izanaren ondorioz. Lega Nord eta Forza Italiak argi eta garbi eskatu zioten Draghiri M5S-ko ministroak kentzeko, baina erantzuna ezezkoa izan zen. Eskuineko alderdiei, gainera, ez zitzaien gustatu lehen ministroa Alderdi Demokratikoarekin publikoki geratu izana.

Beharbada, Draghiren azken «akatsa» edo inozokeria Senatuan erabilitako hizkera izan zen. Matteo Salvini eta Forza Italia-ren kontra mintzatu zen bankari ohia, krisiaren errua leporatuz: gehiengoa mantentzeari begira ez zen oso estrategia egokia izan. Baina aipatu bezala, lehen ministroaren gorputz-hizkuntza gizon nekatuarena zen. Itxura batean, Mario Draghirengan konfiantzarik ez zuen lehena Mario Draghi bera zen. Gabonetako prentsaurrekoaren eta Legebiltzarreko azken egunetako agerraldiaren arteko aldea izugarria da.

«Italiarrek eskatu didate», lehen ministroren esaldirik garrantzitsuena izan da. Oso jende gutxiri gustatu zaio Draghiren Kabinetea “Il Governo dei Migliori” deitu izana (“Onenen Gobernua”). Beste hankasartze bat.

Koktel horrekin, porrota saihestezina zen. Italia irailaren 25ean joango da hauteskunde orokorretara, datorren udaberriko deialdiaren ordez. Uda honetan, beraz, kanpaina bete-betean ibiliko dira guztiak.

Garai batean, iraganean, halako kasuetan, «Itsasertzeko Gobernu bat» prestatzen zuten: Kristau Demokraziako ordezkari bat buruan, ministro ultra-prekarioren bat, uda burukomin handirik gabe pasatzea helburu. Aurten ez: aurten denak presaka dabiltza, batez ere eskuinekoak. Izan ere, inkesten arabera, koalizioa elkartzen bada, erraz irabaziko luke. Batez ere, Alderdi Demokratikoaren kontra, bakar-bakarrik geratuko baita, bere %20 eskasarekin.

Kontua ondorengoa da: Berlusconi, Salvini eta Fratelli d'Italia-ko Giorgia Meloni benetan joango dira batera hauteskundeetara? Partida “erdian” jokatuko da. Populismoak edo ultraeskuinak ez dute etorkizunik Europara begira. Baina Europa ere nahiko desorekatuta dago.

Draghiren suizidio politikoa oraindik ulertezina da. Ez zegoen gustura, baina hainbeste zalaparta merezi zuen Italiak? «Uda gau bateko ametsa» amesgaizto bilakatu da kasu honetan, Shakespeareren lanean bezala.