GARA Euskal Herriko egunkaria
DONOSTIAKO KLASIKOA

Van Aert, Vingegaard, Alaphilippe, Evenepoel... ikuskizuna ziurtatuta dago

Antolakuntzak omenaldia egingo dio irteeran 2008an eta 2014an garaipena eskuratu zuen Alejandro Valverderi, bere azkeneko parte-hartzean.

Donostiako udaletxean eman dute aurtengo parte-hartzearen berri. (Jon URBE FOKU)

Antolatzaileek orain arte baieztatuak dituzten izen guztiak azkenean irteera-marran badaude, lasterketa gutxik berdindu ahal izango dute aurtengo Donostiako Klasikoak izango duen parte-hartzea. Tourrean bigarren postuan den Pogacar izan ezik, gaur egungo izar guztiak Gipuzkoa zeharkatuko duen proban izango dira, atzo jakinarazi zutenez.

Ezbairik gabe, Jumbo-Visma da Tourreko talderik sendoena eta bere bi izar nagusiak Donostian izango dira datorren larunbatean. Frantziako Itzulia irabaztear den Jonas Vingegaard Herbehereetako taldearen hautatuen artean dago, baita liderra adinako erakustaldia ematen ari den Wout Van Aert ere. Flandriarra ibilbide mota guztietan sekulako maila ematen ari da azken egunetan eta Klasikoan ere gauza handiak egiteko moduan da, pedal kolpeari eusten badio. Danimarkako igotzailearekin itxaron egin beharko da, Tourra nola amaitzen duen eta zer erabakitzen duen, baina printzipioz Donostian izatekoa da.

Baina faboritoen zerrenda ez da Tourraren lehian dabiltzan txirrindulariengana mugatzen, 2018 eta 2019ko irabazleak ere, Julian Alaphilippe eta Remco Evenepoel, bigarren garaipena eskuratzeko asmoz etorriko baitira Euskal Herrira, baita iazko txapeldun Neilson Powless estatubatuarra ere. Geraint Thomas, Bauke Mollema, Simon Yates, Vizenzo Nibali, Romain Bardet edo David Gaudu ere oso kontuan hartzeko izenak dira.

EUSKAL HERRITARRAK.

Euskal herritarren artean, Mikel Landa, Izagirre anaiak edo Alex Aranburu irteeran izango dira, Euskalteleko Azparren edo Isasa, Caja Ruraleko Mikel Nieve edo Kern Pharmako txirrindulariekin batera. Denera, 24 taldetan banatutako 168 txirrindulari arituko dira datorren larunbatean. Bere azken Klasikoan, Alejandro Valverdek omenaldia jasoko du.