GARA Euskal Herriko egunkaria
32 URTE KARTZELAN DARAMATZATEN PRESOEN ASKATASUNA ESKATZEKO DESOBEDIENTZIA EKIMENA

Ipar Euskal Herria blokeatu dute bidea libratu nahian

Dozena erdi bat lagunek ETAren armagabetzea azkartzeko balio izan zuen ekintza egin zuten 2016ko abenduaren 16an Luhuson. Atzo, berriz, kartzela zigor luzeak bete dituzten presoen gaineko «mendekua amaitu dadin» eskatzeko, 1.700 lagunek Ipar Euskal Herriko azpiegitura esanguratsuenetara heldu zen blokeo erraldoia gauzatu zuten.

Ekintzaileek aireportua, A63 autobidea eta trenbidea, hiru azpiegitura garrantzitsuenak blokeatzea lortu zuten. Prefetak, Éric Spitzek, helburu gisa markatu zituen azpiegiturak dira, hain zuzen ere. (Aritz LOIOLA, Jagoba MANTEROLA eta Jon URBE FOKU)

Nola gertatu da engaiamendu zibilaren aldeko tamainako jauzia? Zerk eragin du 2016ko abenduaren 16an dozena erdi bat herritar aitzindarik egin zuten urratsa, bost urte geroago, 1.700 bat herritarren apustu irmo bilakatzea? Gogoeta sakona eskatuko luke atzo Ipar Euskal Herrian gertatu zen desobedientzia ekimen masiboaren arrazoiak xehatzea, bitartean baina, Estatuaren arduragabekeriari aurre eginez, urrutiko erabakiguneak astintzeko esperantzarekin lurraldearen pultsua motelarazteko emandako hitza bete zuten Bake Bideak eta bakegileek. Beraiek aitortu zutenez, saretze kanpaina zabal eta garden baten emaitza izan zen jarritako helburua betetzea, atzo hiru lurraldeetako bazter guztietara eta azpiegitura esanguratsuenetara heldu baitzen blokeo operazio «zinez arrakastatsua». Bezperan, presaka, Prefeturak jakinarazitako debekuak ez zuen jendea kikildu. Are, blokeo egunean parte hartzeko aitzinetik izena emana zuen baino jende dezente gehiago bildu zen.

Operazioak aurreikuspenak gainditu zituela agerian uzten duen beste datu bat ere bada. Hasieran blokeoa hamar gunetan egiteko asmoa bazen ere, eguna aurrera joan ahala beste hainbat puntutan ere egin zituzten herritarrek mugikortasuna trabatzeko ekintzak. Hamabost gune ziren blokeatuta arratsaldeko laurak aldera ekimenari amaiera ematerakoan. Bideak libratu ostean ez zen eguna bukatu, ordea, bake ekintzaileek dei egin zutelako, 17.30ean, Suprefeturan protesta egitera, ekintza ikusgarrienetan frantses Poliziak atxilo hartutako 26 ekintzaileak aska zitzatela eskatzeko. Arratsean zehar aske geratu ziren aske.

Hiru ekintza «potolo» horietatik lehena Biarritzen gertatu zen. Blokeo egunaren hasiera goizeko hamarretan finkatua bazen ere, lehenago heldu zen irudia. Hesiak gaindituz dozena erdi ekintzaile sartu ziren, 08.30ak aldera, aireportuan. Pistan ezarri ziren, loturik, Poliziak bertatik kanporatu zituen arte. Ekintzak eragin nabarmena ukan zuen uda garaian mugimendu handia duen lehen mailako azpiegitura horretan. «Bi hegazkin desbideratu behar izan dituzte. Polizia sartu da eta bortizkeriarik gabeko desobedientzia zibileko ekintza egiten ari ziren pertsonak atxilotu ditu», adierazi zuten, ekintza goiztiar horren harira, blokeo egunaren antolatzaileek.

Prefeturak ostiralean iragarri zuen blokeo ekimenetan parte hartzen zuten herritarrak kameraz grabatu eta identifikatuko zituztela Fiskaltzaren lana errazte aldera. Ez zuen aparteko lanik egin behar izan, ordea, bakegileek beraiek plazaratu zituztelako hiru ekintza garrantzitsuenetan parte hartu zuten herritarren izenak. Sindikalistak, kultur eragileak, hautetsiak, gizarte langileak... Ipar Euskal Herriko jendartearen askotariko alorretan jarduten duten herritarrak engaiatu ziren, atzo, ondorio larrienak izan ditzaketen blokeo ekintzetan.

Aireportuan eginiko ekintza, hori bai, ez zen izan Estatuaren ordezkaritzak finkatu zuen helburua hondatzera etorritako bakarra. Handik pare bat ordura, hamar puntutan blokeoa dagoeneko martxan zelarik, Bokale eta Baiona artean bertze ekintzaile talde batek trenbidea trabatu zuen. Ekintzaileen zerrenda publiko egin zuten beste behin antolatzaileek eta gardentasun berarekin jokatu zuten Eric Spitzek kosta ahala kosta ekidin nahi zuen azken ekintza nagusia gauzatu zenean ere. A64-A63 autobidea blokeo egitasmoetatik kanpo uztea premiazkotzat jo zuen prefetak. Alta, arratsaldeko lehen orduan beste dozena erdi ekintzailek Ipar eta Hego Baiona arteko trafiko sartu-irteerak ahalbidetzen dituen e sartzea lortu zuten, eta bidean etzan ziren. Ordu laurden batez luzatu zen operazioak garaiotan bereziki pisua den trafikoaren arazoa areagotu zuen. Auto-ilara luzeak osatu ziren eta, horrendako, Poliziak ekintzaileak bidetik ateratzea lortu zuenean, Prefeturak sare sozialen bidez ospatu zuen, mapa eta guzti, errepide nagusi hori berriz ere kolore berdean agertzea.

oporretako joan-jin betean izanik, trafiko aski astuna zegoen atzo Baionako aipatu bide nagusian. Bada, horri blokeoaren harira Poliziak eginiko filtro operazioa gehitu zitzaion. Emaitza: blokeoa galarazi nahian plantan emandako segurtasun dispositiboa beste traba gehigarri bat bilakatu zen egoera pazientziarekin hartzera behartuak izan ziren auto gidarientzat.

Ekintzaren eragina autobidean igarri ez zedin jardun zuen, buru belarri, Prefeturak. Hamar bat furgoneta bidali zituen mugatik zein Biriatuko ordainlekutik gertu den Pausura. Urruñako auzoan bildutako ekintzaile andana eta polizia trumilka ibili ziren, sagu eta katu erara. Eguerdia pasatxo, Poliziaren hesia gaindituz biribilgunearen jaun eta jabe egin ziren manifestariak, eta, auzoko bestak izanik, jigante baten laguntza ere jaso zuten gainera! Handik metro gutxira, Urruñarako bidean, lastozko zama zeraman traktore batek blokeatu zuen errepide nagusia. Lastoa lanabes izan zuten Donibane Garazin bide nagusia itxi zuten ekintzaileek ere. Bertze hainbat tokitan egur plantxak erabili zituzten bideak trabatzeko. Donibane Lohizune eta Ziburu arteko zubian, berriz, itsas kaia hurbil izanik, sareak eta kateak bota zituzten errepidean. Bakoitzak eskura zituen baliabideekin jokatu zuen atzoko desobedientzia egunean, azkenerako ekimena koral bihurtuz.

kostatik barnealdera jo eta ekimen jendetsua egin zuten Ezpeletan. Herriaren sarreran soilik ez, Dantxarinean ere sentitu zen blokeoa. Azkainen ere herritar ugari bildu ziren. Zubiko gurutze-bidean 200 bat pertsona elkartu ziren, Donibane Lohizunetik Sarara, Senperera, Ahetzera... joateko asmoz bidea blokeatzera. Lapurdi hegoaldeko kostaldea eta barnealdea komunikatzeko puntu nagusietako bat da Azkaine.

«Eskualdeko beste herrietako jendeak ere etorri dira. Traktoreak badira, material lagungarria da blokeoa egiteko, eta erakusteko laborariek ere egoeraren garrantzia ikusten dutela», baieztatu zion Idoia Eraso GARAko lankideari eskualdean blokeoaren antolaketan ibilitako herritar batek.

«Jendeak etortzen direlarik, lau hizkuntzatan azaltzen dizkiegu blokeoaren arrazoiak», esplikatu zuen boluntarioak. Aurreko egunetan ekintzaren berri ematera joan zirela herriko enpresetara eta «nagusiek ongi hartu» zituztela ere gehitu zuen, oro har Ipar Euskal Herri osoan bakegileek egin duten pedagogia lanaren adibide zehatza emanez.

Oroitzearren, Azkaineko eskualde berean kokatzen diren Larhungo trena eta Sarako harpeak bisitatzeko paradarik ez zen izan atzo, ez behintzat Internet bidez txartela eskuratuz. Izan ere, aurresalmenta bertan behera utzi zuten opor garaian bisitari anitz hartzen dituzten aipaturiko bi azpiegituretan. Atzo beste bisita miresgarri bat ere galdu zuten bisitariek: turistek ezin izan zuten Erlaitzeko errepidetik itsasoaren irudi ederraz gozatu. Traktore batek oztopatu zuen errepidea.

Tentsio une batzuk ere izan egunean zehar. Maulen, adibidez, autozale batek hesia nahitaez gainditu nahi izan zuen. Hala ere, oro har, giro aski ordenatuan igaro zen eguna.

Kantuz eta dantzaz ikusi genituen Pausun bildutako lagunak. «Ion eta Jakes gurekin» leloa lau haizeetara zabaldu zuten eta txaloak egin zituzten tarteka, gehienetan sorospen zerbitzuetako langileei zuzenduak. Prefetak oharra egin zuen bezperan blokeoak «herritarrak arriskuan» jarriko zituela larrialdi zerbitzuak trabatuak izango zirelako. Bada, horretan ere bere aurreikuspena ez zen inondik inora bete. Azken asteotan erakunde eta gizarte eragileen eskutik landutako blokeo egitasmoak «segurtasuna bermatuko» zuela aldarrikatu zuten, Estatuaren ordezkariari erantzunez, bakegileek. Suprefeturaren aurrean eman zuten hitza, ostiralean, eta, atzo ikusitakoaren arabera, sinesgarritasunaren lehia antolatzaileek irabazi zuten. Pausuan hiruzpalau aldiz ireki zuten hesia anbulantziak pasatu zitezen. Egiari zor, poliziek beraiek keinu horrekin bat egin zuten.

Errespetuan igaro zen luze jo zuen protesta eta, salbuespen salbuespen, probokaziorako betarik ez zuten utzi blokeo guneetan antolaketa lanetan ibili ziren lagunek. Xaia ostatuaren parean goizean goiz egin zuten topaketan, adibidez, lasaitasunez jokatzeko aholkua eman zieten protestara bertaratutako lagunei eta hurrengo mezua helarazi zieten: «isunak helduko balira elkartasunetik aurre eginen diogu zigorrari». Blokeoa modu egokian gertatu zedin coach gisa jokatu zuten egunean zehar bitartekari batzuk. Ez ziren funtzio hori bete zuten bakarrak izan.

Bakoitzari bere aldetik, hori bai, polizia emazte bati egokitu zitzaion blokeoa babestera heldutako hautetsiarekin batera ika-mika txiki batzuk kudeatzea. Berari galdetu ea auzokide batek ahal zuen pasa, hark baietz erantzun, eta gidaria, esker oneko keinuen artean, etxera. Herritar askok autoa albo batera uzteko hautua egin zutela pentsa daiteke, joan-etorri anitz izaten den mugaren ingurua ohi baino lasaiago zegoelako atzo.

Patxadaz jan ahal izan zituzten poliziek ogitartekoak jan Pausun. Ekintzaileak txandakatuz joan ziren ostatura hurbildu eta edari freskagarriak edota taloak erosteko. Batzuek etxetik ekarritako janaria itzalpean zegoen espaloian eserita jan zuten. Beste batzuek kartak atera zituzten, partidatxoa botatzeko.

Siesta egiteko ordua iritsi zenerako, blokeo egunak finkaturiko helburu guztiak eta gehiago gaindituak ziren jakitun ziren manifestariak. Hala, goizean goiz aurpegietan sumatzen zen tentsio puntuaren ordez irribarreak nagusitzen ziren. Jarraian, «denok batera» egunaren azken xedea betetzeko gonbidapena heldu zen. Berdin Ortzaizen, Ezpeletan, Pausun edo Azkainen, Baionara joateko galderari erantzun zioten herritar askok, atxilotuak askatzea eskatzeko.

Baionan ziren, goizetik, Anaiz Funosas eta Jean Daniel Elixiri, Bake Bideko eta bakegileen bozeramaileak. Bizikletan heldu zen Jean-Rene Etchegarayen bisita jaso zuten hiri erdiko blokeo gunean. Bi preso beteranoen etxeratzeko bidea libratu nahian bere pultsua apaldu zuen lurraldearen izenean jarduteagatik atxilo hartu zituzten ekintzaileak aske uztea galdetzeko Suprefeturara ere bertaratu zen Etchegaray, bertze hainbat hautetsirekin batera, arratsaldean. Guztiek elkarrekin, lortu zuten atxilotuak aske geratzea.