GARA Euskal Herriko egunkaria
ITSASOA

Surferako argizarien historia, hastapenak, bilakaera eta bitxikeriak

Taularen gainean ez labaintzeko mundu mailan egindako saiakera berberak egin ziren Euskal Herrian ere, baina hogei urteko atzerapenarekin. Produktu andanarekin frogak egin ostean, garaile nagusia argizaria izan zen eta horrela izaten jarraitzen du.

Surflariak taulei argizaria ematen, Donostiako Kontxako hondartzan. (Juan Carlos RUIZ I FOKU)

Gaur egun surf egiteko beharrezko materiala eskuratzea erraza da, edozer aurki daiteke edozein surf dendatan. Surf argizaria, esaterako, ia garrantzirik gabeko produktua bilakatu da, baina 80ko hamarkada arte buruhauste handiak izan zituzten surflariek taula gainean ez labaintzeko.

AEBetan eta Australian 70eko hamarkadan hedatuta zegoen jada surf taulentzako argizaria, labaintzeko beldurrik gabe surf egin zezaketen surflariek beraz. Eusla Herrira, baina, askoz beranduago heldu zen produktu miragarria. Hori bai, oinak taulara itsasten laguntzeko zerbait asmatzeko mundu mailan emandako urrats berberak eman ziren Euskal Herrian ere, baina bi hamarkada geroago.

LEHEN ARGIZARIAK

Surf taulen azken geruza poliesterrarekin inguratzen hasi zirenean, are eta labainkorrago bilakatu ziren taulak. Taulak bustitzen zirenean oso zaila zen gainean mantentzea; pentsa, arraun egiten ere gorputzak irrist egiten zuen! Arazo horri aurre egiteko denetariko probak egin zituzten AEBetako eta Australiako surflariek 50eko eta 60ko hamarkadetan. Batzuek zurezko xafla batzuk atxiki zizkieten taulei, eta, beste batzuek, berriz, goma zatiak ezartzen zituzten oinak jarri behar ziren lekuan. Ohikoena, baina, pasta lakar bat sortzeko nahasketa bat egitea izaten zen, horrela, pintura, argizaria edo erretxina produktu urragarri batekin nahasten zuten, adibidez, azukrearekin edo hondarrarekin.

Surferako argizaria egiten hasi zen lehen enpresa garrantzitsua 60ko hamarkadaren erdialdean sortu zen; Surf Research izena zuen eta bere atzetik, 1971. urtean, Waxmate etorri zen. Ordea, 1972an Surf Research konpainia bitan banatu zen eta mundu osoko surflarien artean inoiz arrakasta gehien izan duen argizari marka sortu zen: “Mr. Zogs Sex Wax”.

80ko hamarkadan argizari berriak sortu ziren Australian, esaterako “Balance”, “Green Slime” eta “Balin” oso ezagunak bilakatu ziren, baina surfeko argizariaren historian inork ez du “Sex Wax” argizariak izandako arrakasta berdindu. Egun oraindik mundu osoan gehien saltzen den argizaria izaten jarraitzen du.

Argizaria ordezteko saiakerak ere izan ziren. Adibidez, 1966an “Slipcheck” aerosol espraia merkaturatu zen eta, 30 urte geroago, 1996an, “Venom Spray Wax” aerosola heldu zen surf dendetara. Ez zuen arrakastarik izan, besteak beste, ingurugiroarentzat kaltegarria zen produktua zelako.

Argizariaren industriak inoiz izandako konpetentzia serio bakarra kautxuzko grip xaflak dira. 1978an “Astro Deck” marka sortu zuen Herbie Fletcher surflari eta enpresari ezagunak. Taularen gainean kautxuzko xafla bat itsasten zen eta, horri esker, ez zen argizaria erabili beharrik. 1982an beste marka bat merkaturatu zen, “Gorila Grip” marka australiarra, eta horrek ere arrakasta nabarmena izan zuen.

Egun ohikoa da taulen atzealdean kautxuzko xafla bat jartzea, baina aurrealdean oso gutxitan ezartzen dute xafla surflariek, arraun egiteko orduan bularraldea urratzen baitu. Hala ere, argizaria ordezkatzeko orduan arrakasta izan duen produktu bakarra da.

EUSKAL HERRIAN BERANDU

Donostian 1964an hasi ziren surf egiten Artetche anaiak eta lehen taulak ere egin zituzten. Aldiz, ez zekiten argizaria existitzen zenik ere. Bada, asko labaintzen zirenez, taularen gainaldeko poliester geruzan hondarra botatzen hasi ziren. Hondarrak sekulako mina eragiten zuen azalean, sabelaldea eta bularrak urratzen zituen, eta, ondorioz, belauniko arraun egin behar zuten.

Sasoi hartan mundu mailan urrats esanguratsuak ematen ari ziren surfaren industrian eta Ipar Euskal Herrian gertutik jarraitu zuten surfaren bilakaera, baina Hego Euskal Herrira askoz beranduago iritsi ziren teknika berriak. Jada baziren surf dendak Biarritzen 70eko hamarkadan. Horrela, Australia eta AEBetatik zuzenean iristen ziren aldizkari eta produktuak Lapurdiko kostaldera, eta bertako surflariak bidaiatzen ere hasiak ziren. Aitzitik, Hegoaldeko surflariek lantegi arruntetan erabiltzen ziren produktuak erabiltzen jarraitzen zuten ez labaintzeko.

Torlojuak estutzerakoan tope egiteko erabiltzen zen parafina industriala ohiko bilakatu zen Bizkaiako eta Gipuzkoako surflarien artean. Drogerietan edo saltegi industrialetan erosten zuten produktua, gero beroa emanez argizari gogorra urtu eta tantaka-tantaka menditxoz osatutako kapa eraginkor bat osatzen zuten. Hori bai, azala urratzen zuen.

Teknika hori luzaz erabili zuten surflariek, baita “Sex Wax” lehen surf-argizaria iritsi ostean ere, AEBetatik zetorren argizaria oso garestia baitzen. Horregatik, soilik azken geruza emateko erabiltzen zuten “Sex Wax” argizaria. Modu horretan argizaria aurreztu eta 85 gramoko piezari sekulako etekina ateratzen zioten.

Beraz, Hego Euskal Herriko surflariak argizaria erosteko oraindik drogerietara joaten zirenean, jada surferako argizari desberdinak hedatuta zeuden munduan, baita taulari atxikitzeko kautxuzko xaflak ere. Pixkanaka egonkortu zen argizariaren erabilera Euskal Herrian 80ko hamarkadan zehar eta ordutik ohiko bilakatu da surflarientzat.

KUTSU SEXUALA.

Surfak oraindik ez zuen kirol estatusa 80ko hamarkadan, surflariak parranda zaleak eta probokatzaileak ziren, baita surf iragarkiak ere. Horrela, sexuak presentzia handia zuen aldizkarietako iragarkietan. Urteak pasatu ahala kutsu sexualeko iragarkien kopurua apaldu egin zen, ez ordea argizari izenen erreferentzia sexualak. “Sticky Deck” eta “Stick It” markek esaterako, metafora sexualak erabiltzen zituzten 2003an. Urte bat geroago, “Mother’s Milk” sortu zen, haragi koloreko argizari zati bat, bular baten formarekin eta titiburu arrosarekin. 2005ean, ostera, “Vyaggra Wax” merkaturatu zen.

Edonola ere, markok ez zuten ezer asmatu, lehen marka arrakastatsuaren urratsak jarraitu zituzten soilik. Frederick Herozek 1972an “Sex Wax” sortu zuenean izen oso ausarta hautatu zuen, eta inork ez zekien zer-nolako harrera izango zuen. Egileak berak kontatzen zuenez, diseinatzaileak izena proposatu zionean ez zegoen batere konbentzituta, baina hausnartu ostean izen probokatzailearen alde egin zuen. Egun oraindik, jatorrizko logotipoa mantentzen da, eta itsatsita ditu «The best for your stick» (zure makilarentzat onena) eta «Never espoils» (inoiz ez da hondatzen) leloak. Argizariaren forma ere hastapenetako berbera da.