GARA Euskal Herriko egunkaria
PIRAGUISMOA

Berriz ere lehiakor sentitu da Chourraut

Maialen Chourraut, lehia bizian. (BASQUE TEAM)

Dominik lortzerik izan ez badu ere, pozarren itzuli da Maialen Chourraut Ausburgen jokatu diren Munduko Piraguismo Txapelketetatik, aspaldiko partez bere burua lehiakor sentitu baitu Lasarte-Oriakoak, otsailean sorbaldan ebakuntza izan ostean. Larunbatean K1ean bosgarren izanda, berak lortu du posturik onena, Euskal Herriko piraguisten artean, lehiatu ahal izate hutsa beretzat garaipena zenean.

Bere burua probatu eta datorren urteko Pariseko Jokoetarako sailkatze fasera begira zein sasoi-puntutanzebilen ikustea zen Maialen Chourrauten lehen helburua, baina kirolari lehiakorra da Lasarte-Oriakoa eta bere burua onenen artean lehiatzen ikusteak sortutako pozarekin itzuliko da etxera, beraz, entrenatzen jarraitzeko indarrak hartuta.

Bide batez, Parisen lehen aldiz olinpikoa izango den extreme modalitatean proba egiteko modua izan dute Chourrautek eta gainerako euskal piraguistek. Bezperako sailkatze kanporaketetan 11. izan ostean, Maialen Chourraut final laurdenetaraino heldu zen eta proba horretan ere lehiakorra izan daitekeela agerian utzi zuen, lehendik ere jakingo ez balu bezala.

DOMINETATIK URRUN.

Gainerako euskal herritarrei dagokienez, dominetatik nahi baino urrunago geratu dira azkenerako eta igandeko azken jardunaldian ere ezin izan zituzten aurreko egunetako emaitzak nahi beste hobetu.

Klara Olazabalek eta Ander Elosegik, esaterako, agur tristea eman zioten Augsburgoko Munduko Txapelketari, igande goizez ezin izan baitzuten C1eko finalerako sailkatu eta dominengatik lehiatu. Bi irundarrak euren helburuetatik aparte geratu ziren eta 17.a eta 28.a izan ziren, hurrenez hurren.

Olazabalek 123.04ko denbora egin zuen, ate bat jotzeagatik bi segundoko zigorra jasota, eta, beraz ez zen onenen artean finalerako sailkatu. Finalean, Jessica Fox australiarrak urrea lortu zuen -K1ean zilarra izan zen- 112.04ko denborarekin. Bigarrena, Marjorie Delassus frantziarra (112.27) eta hirugarrena, Andrea Herzog alemaniarra (114.56).

Ander Elosegik, bestalde, 28. postuan amaitu zuen. Piraguista irundarrak ere 2 segundoko zigorra jaso zuen ate bat ukitzeagatik.