GARA Euskal Herriko egunkaria
EUSKAL SELEKZIOA

Gizartean grina piztuta esan du agur betiko Mendi Martxak

Euskal selekzioaren Mendi Martxak atzo egin zuen azken etapa, behin betiko. Orain, gizartean oraindik ere bizirik dagoen grina indartzeko «formula bateratu bat» bilatu beharra dago.

Euskal Selekzioaren Aldeko Mendi Martxa Azkoitira iristen, azken aurreko etapan. (MENDI MARTXA)

«Hunkigarria izan da. Jende ugari etorri da azken etapara [Zestoatik Getariara bitartekoa]. 130 bat pertsona bildu gara guztira», adierazi zion GARAri Txumai Iturriak, Euskal Selekzioaren Aldeko Mendi Martxaren antolatzaileak. Azken edizioko azken etapa izan zuen ibilbideak atzo eta, aurreikusi moduan, «sentimendu ugari azaleratu» ziren martxisten artean. Uztailaren 30ean eman zioten hasiera ibilbideari Ajangizetik, eta Ziortza-Bolibar, Durango, Otxandio, Aramaio, Bergara, Azkoitia eta Getaria izan dira etapa bakoitzeko helmuga.

«Asko ikasi dugu Euskal Herri luze-zabalean. Azken hogei urte hauetan egindako gure lanak eman du. Oso gustura gaude Mendi Martxaren emaitzekin», azaldu zuen Iturriak, ofizialtasunaren aldarria bizirik mantentzen dela frogatu baitute. Mendi Martxaren etapak amaiera behar zuela ikusi zuten antolatzaileek, ESAIT desagertu zenetik eragile indartsu baten falta sumatu dutela onartuz: «ESAIT desagertu zenean pentsatzen genuen beste herri mugimendu indartsu bat sortuko zela, baina ez da hala izan. Sortu dira zenbait eragile, baina ez dute lortu atxikimendu gehiegirik».

Nolanahi ere, Iturriak argi dauka gizartean grina badagoela, euskal selekzioen aldarria bizirik dela eta, beraz, «tekla egokia» bilatu behar dela. Ez daki zein izan daitekeen, askoren arteko elkarlanetik sortu daitekeela soilik. Agerian geratu da, hori bai, azken Mendi Martxan zeharkatu duten herri guztietan «babes oso ona» jaso dutela, bai eragileen bai udalen aldetik.

«Selekzioen ofizialtasunaren aldarria ez da lortu, baina beste modu batera atera beharko da, egoerak hala eskatzen duelako, gizarteak horren aldeko dela garbi adierazten duelako», esan zuen tinko.

HAUSNARKETA

Hogei mendi martxek eta 22 urtek hausnarketa askorako bide eman dute eta azken edizioan ere, nola ez, egon da horretarako aukerarik -baita «unibertsitate ibiltariari» segida emateko ere-. Antolatzaileek eta martxistek askotan aztertu dute hurrengo urratsa zein izan daitekeen eta, ziurgabetasuna handia bada ere, «bide orri baten beharra» ikusten du Iturriak. Bide orri hori, nola ez, kirolari eta instituzioen laguntzarekin osatu beharra dago. «Hainbat sektoretan, politikoan batez ere, ez dago garbi kirolak zein garrantzia daukan, nolako eragina daukan sentimenduetan eta nazio kontzeptuetan», ohartarazi zuen Iturriak, nazio ikuspegia eragile garrantzitsua izan daitekeela ziurtatuz.

Instituzioek helarazten duten utzikeriak aldarriaren indarra apaldu duen galdetuta, Iturriak ez du zalantzarik egiten: «Bistakoa da. Ez du batere laguntzen, adibidez, Futbol Federazioan gertatu denak. Futbol elkarte guztiek adostutakoa hankaz gora bota da, instantzia guztietara joatea eta horri segimendua egitea erabaki baitzen. Aldiz, presidentetzatik helegiteak aurkezteari uko egitean, hainbat urte atzeratu da erabakiak eduki zezakeen potentzialtasuna».

Hala ere, mezu baikorrarekin bukatu nahi izan zuen Iturriak eta gizartean selekzioen ofizialtasunarekiko dagoen «sentimendua» goraipatu zuen. «Hori aktibatzeko tekla egokiarekin asmatu behar dugu. Beraz, gonbita egiten diogu selekzioen alde daudenei adostasunak bilatu eta martxan jartzeko. Badaude noski gauza inportanteagoak bizitzan, baina iruditzen zaigu honek ere badaukala garrantzia».